|
|
|
Eta beste
50 urte betetzean
Kepa Susperregi
Duela urte batzuk, familiako topaketa bat zela eta, nire izebetako batek zihoen pertsona baten bizitzan 45 urtetik 50 urte bitartekoa dela sasoirik onena. Buruz zihoen, bete-betean, heldutasunera iritsita, bizitzari patxadaz aurre egiteko gai, eta gorputzez indarrean oraindik.
Iritzi hori gogoan nuelako edo, inpresio berezi bat sentitu nuen duela urtebete pasa lagun min batek 50 urte bete zituela-eta. “Bizitza aurrera doakigun seinale!”, gogoratu nuen behin baino gehiagotan.
Duela gutxi, ikasturte hasierako bilera batean kaxa batzuk kargatu behar zirela-eta, inguruko batek pisuarekin kontuz ibiltzeko aholkuari horrela erantzun zion lagun berak: “hala da, 50 urte bete ondoren, garai batean egindako gehiegikeriak antzematen hasi nauk”.
Egia da. Bizitza azkar doakigu, agian nahi baino azkarrago. Bizitzaren bigarren zatia bizitzen ari gara dagoeneko. Sasoi onean aurkitzen gara, baina indarrez, garai batean baino gutxixeago izango gara. Antzematen diogu bai, lan egiteko dugun kapazitatean, bizitasunean eta, zer esanik ez, osasun arloan ere bai.
Bestalde, urteen poderioz, gure aukera eta gure mugak hobeto ezagutzen ditugu; bizitza bera ere, seguru aski, sakonago ezagutuko dugu, eta errealismo handiagoz egingo diogu aurre. Bizitzaren sasoi honetan bizi izan dugunari buruzko gogoeta egin eta, agian, gure bizitzaren sakonean, egin dugun eta egiteko utzi dugun horren oinarrian, halako hari nagusi bat antzemango dugu. Gure bizitza bideratu duen ardatz nagusia.
“50 urte betetzea ez da bizitzak ihes egiten digula sentitzea, bizitzako bidean aurrera egiteko garaia baizik”, idatzi zuen duela urte mordoska bat apaiz gipuzkoar batek. Hori bai, bizitza bera eskertuz.
|