|
|
|
Hau
Aio!
Aitor Aranguren
Ia lau urte txoko honetan ... Ez naiz sekula izan geldirik egotekoa eta gauza berriei heltzea gogoko dut. Horrexegatik hartu nuen ilusioz izkina honetatik nire iritzia aireratzeko erronka. Gizartean parte hartzeko beste modu bat bezala ikusi nuen, gainera.
Zeinek ez ditu momentu pozgarriak izan, tristeziak jota egon, amorrazioz itsutu eta arduratuta galderaz beteta egon. Ba horixe besterik ez dut egin txoko honetatik, sentsazio horiei heldu eta paperean itsatsi. Asko kostata, ez baita nire izaera ez luze hitz egitea, ez idaztea.
Tarte honetan plazaratutakoak iritzi guztiz pertsonalak izan dira eta idatzitako guztiari errepasoa emanez ikusi dut, bereziki, gure seme-alabei utzi behar diegun munduak arduratzen nauela eta hortik joan dira testu gehienak: etxeak, errepideak, ingurune naturala, paisaia, zarata, kutsadura. Gure planeta maite dut.
Amorruzko testurik ere egon da. Izan ere ez ditut ulertzen alderdien arteko betiereko gorrotoak eta oraindik gutxiago alderdi barrukoak. Ezin dut jasan ETAren diktadura eta kaleko indarkeria ulertezina egiten zait. Eta kultur ekintzak, euskara barne, alderdikerietarako erabiltzea ... no comment. Malenkoniaz beteriko momentu tristeak ere izan dute beren lekua. Bestalde, mingainari hozkada hainbat alditan egindakoa ere banaiz.
Azken lerro hauekin nire eskerrak luzatu nahi dizkiot Uztarriari nire iritziak, tristurak, haserreak eta tontakeriak plazaratzeko tartetxo bat eskaini didalako urte hauetan. Eskerrik asko, baita, nire akatsez beteriko testu traketsetan egin dituzuen zuzenketengatik. Bejondeizuela ! Eutsi euskalgintzari !
Aio !
|