|
|
|
Postontzia
Larri antzean/Adreiluak kentzen
Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri
LARRI ANTZEAN. Igor, maitea! Harrituta, ezta? Bai? Egia esan, neroni ere hire antzera nagok. Aspaldi duk hire berririk ez dudala, eta gutun baten bidez kasu egitea otu zaidak. Barka ausardia. Zenbat denbora pasatu duk azkenekoz elkarrekin egon ginenetik? Akordatzen zenbat Kola Kao hartzen genitian?
Garai ederrak hituen, bai. Edozer txikikeriagatik larritzen gintuan, eta elkarrengana korrika joaten kontatu arteko lasaitasunik topatu ezinda. Gogoratzen nauk lehenengo aldiz maitemindu nintzela uste nian egun hartan nola joan nintzaian etxera ate joka. Azkar jaisteko, gertakizun ikaragarria gertatu zitzaidala eta; tripa barrenean zerbait sentitzen nuela. Ene!
Gaur izan balitz bezala gogoratzen diat. Eta azkenean zer eta ultzera madarikatu bat zuan sentitu nian gauza bakarra. Berehala joan zitzaidaan maitasunaren lilura. Aurreneko aldiz hura ere. Eta beste mila pasadizo kontatu ezin direnak…
Igor. Oraingoan bai. Oraingoan zerbait handia gertatu behar zaidak. Mesedez, ez esan inori, ez erakutsi inori gutun hau. Igor, ez nagok ondo, eta ez zakiat zer egin. Jan eta ñam ari nauk. Ezin geldi egon. Martxoa datorrela, Igor. Udaberriko haize zoroak ere ez naik libratuko, besteetan egin ohi duen moduan. Neguaren hotzarekin batera joango duk nire zati handi bat. Beste bat, eta beste bat, banaka. Ez! Errenkadan 26 egin arte. Nora begira egon nauk orain artean? Zaintzen hasi behar diat. Berandu duk egin diadanaz damu izateko.
Mundura ekarri nindutela 26 urte beteko dituk. Zer? Ez al duk larria? Egia duk baliteke ez izatea, baina, tira, denek egiten diatena duk. Gizartean dizkiagun arazoak saihesteko txikikeria batengatik larritu. Bakoitzak bere zilborrari, Amen! Eta nik zergatik ez?
Post Scritum: Zer moduz?
Besarkada bat bitartean.
Kepa Urbieta
ADREILUAK KENTZEN. Aupa gizon! Oraindik lehengo lepotik daukak burua. Edozein txikikeria tarteko susto aurpegiarekin arnasestuka. Poz eman zidak hala ere nirera ate joka hurbildu haizela ikusteak. Izan ere, urteek adreilu hotz mordoa ziruditek, gela bakartietan pixkanaka preso hartzen gaituztenak. Inork jakin bazekik hortaz, baina guk 26 urterekin ez zeukaagu barkaziorik.
Hire gutuna irakurtzean batxilergo garaiak etorri zaizkidak gogora. Orduan egun bakoitzak liburu bat idazteko lain ematen zian, orain berriz, hilabeteak zeramatzaat hitzik izkiriatu gabe. Zergatia ez zeukaat garbi.. Zahartu ote? Ezin horrelakorik esan, zenbaitek bastoikada onak emango zizkidatek bestela. Heldutasuna? Bai, hori izango duk. Jada ez diagu larunbatetan herrian jende berririk ezagutzen, lana behar bihurtu diagu, eta gehiago hitz egiten diagu pasa diren gauzez gertatu behar diatenez baino. Bai helduak izango gaituk jada. Konturatzerako nerabezaroa oroitzapen bihurtu duk. Baina, barkako zidatek gaztetxoek, ez nizkiake berriz 13-14 urte hartuko, ala hik bai? Lehen begiratura arrazoia duk, garai horietan zirraraz betetzen genizkian geure istorioak: neska kontuak, lehen juergak, eskolako gorabeherak... orain txikikeriak ziruditek baina orduan geure bizia jokoan zela ematen zian.
Hala ere, orain duk etorkizunaren bidegurutzea, aldi hau duk erabakien garaia, gure historia pertsonala gauzatzen den unea, eta ez gaituk kola kao bat hartzeko gai. Denborak nonbait benetan norbaiti zer moduz dagoen galdetu eta egiazko erantzun bat emateko koldarregiak bihurtu gaituk. Eta oraindik 26 adreilu eskas zauzkaagu.
Horregatik gustura jaso diat hire berri. Akaso urteak ezingo dizkiagu kendu baina hormak ahultzen joan gintezkek eskutitz bidez. Neuk idatziko diat hurrena.
Besarkada bat bitartean
Igor Aranbarri
|