Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Martxoa »  Iritzia »  Martxoak 8

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Martxoak 8

Jon Larrańaga

Gaztea, irekia, aurrerakoia eta ezkerrekoa (beno, ondo bizitzea gustuko duen ezkerreko egoista samarra) naizela esango nuke. Hori uste nuen behintzat, baina badakizue, usteak erdia ustel! Aste honetan lanean gertatu zaidana kontatuko dizuet. Lagun batzuk gonbidatu genituen lanera. Taxian etorri ziren eta eguna igaro ostean harrerara lagundu nien. Betiko atezaina eta adineko emakume bat zeuden (45-50 urte bitarteko emakumea). “Bere emaztea” pentsatu nuen. —"Taxia zain dugu!" -esan zidaten gonbidatuek eta nik ingurura begiratu eta inor gehiago ez ikustean, zera erantzun nien: —"Kanpoan begiratuko dut, agian auto barruan egongo da eta. Badakizu taxi-gidari hauekin…" Eta gonbidatua erantzutera zihoala, adineko emakumeak hurbildu eta... —"Ni naiz taxi-gidaria..."

GUZTIZ HARRITUTA. Nire moderno, aurrerakoi eta “guai” aurpegia zurbil geratu zen. Azpeitian bertan bada neska taxi-gidaria eta horrek ez nau harritzen, baina emakume haren itxura eta adina ikusita ez zitzaidan burutik pasa ere egin bera taxi-gidaria izan zitekeenik! Inork ez zidan ezer esan ez eta ezer leporatu. Baina beharrik ere ez zen egon. Nik jakin gabe, barru-barruan nuen sen matxistak oihu egin zuen. Gonbidatuak agurtu eta lotsatuta nire lanera itzuli nintzen. *—Ahuntza, astoa ta emakumea ez ditu inork teman hautsiko —Apaindurik, emakume itsusirik ez —Astoa eta emakumea ez zaizkio inori uzten. —Emakume bakartia, esamesen belakia —Emakumea alargundu ta harrotu*

EMAKUMEAREN EGOERA. Nire lana dela eta azken aldian aspaldiko esaera zaharrak-eta ikusten nabil… Eta besteak beste, horrelakoak barra-barra topatu ditut. Eskerrak Euskal Herrian betidanik matriarkatua izan den nagusi, ez? Gauzak hobetu dira, egia da. Azpeitiko danborradan esate baterako, eta oker ez banago behintzat, bi konpainia bakarrik izan dira emakumezkorik gabe atera direnak. Emakumeak ateratzen diren konpainia bateko mutil bati entzun nion: guk emakumeei ateratzen “uzten” diegu. Utzi?! Abanderada eta kantineren kontua ez dugu aipatu ere egingo. Uztarriako blogari batek aipatu zuen gizonak aterako zirenaren kontua baina…Badirudi Matxotek zabaldutako bideari Dodak bakarrik eutsi eta jarraitu diola… Gaur egun zabaltzen ari diren elkarte gastronomiko gehientsuenak ere mistoak dira. Hala ere badakit gure inguruan badela oraintsu estatutuak berritu eta berriro ere emakumeak kanpoan uztea erabaki duen elkarterik. Eta zer pentsatzen dute gizon edo mutil horien bikote edo emazteek? Zenbat gustatzen zaigun besteen inguruko erabakiak hartzea, batik bat eurei galdetu gabe. Gauzak aldatu dira bai…

PERTSONAIA ESANGURATSUAK. Azpeitian ikaragarri saltzen eta irakurtzen den egunkari bateko igandeko gehigarriak zer pentsatu eman dit. Azken hamar urteetako Espainiako hamar pertsonaiarik esanguratsuenen zerrenda egin dute (jendeak bozkatua omen). Denak gizonezkoak!! Era berean, hamar pertsonaia horiek eurek miresten dituzten beste hamar erakutsi dizkigute. Emakumezko margolari bakarra agertzen da; beste margolari baten emaztea. Agertzen diren beste bi edo hiru emakumeak, pertsonaia horien amak dira. Miresmena ama delako! Omenaldi pertsonal gisa oso hunkigarria eta polita da, baina zer pentsatua ematen du ezta? Ez dago bere lanarengatik miresmena merezi duen emakumerik? “Ezberdintasunean dago gure berdintasuna eta hori benetan sinistu eta barneratzen dugunean aldatuko dira gauzak.” Hori dio nire lagun on batek. Baina bera oso baikorra da...

BERDINTASUN EGUNA. Polita litzateke martxoaren 8a emakumearen eguna izatetik berdintasunaren aldeko festa eta eguna izatera pasako balitz ezta? Hori iritsi bitartean naizena izaten hainbeste lagundu didaten lagun neska guztiei animo eta muxu bana bidali nahi diet… Handiena nire amari. Bai, badakit omenaldi pertsonala dela baina ni “aguantatzeak” hori eta gehiago merezi du!gaz

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak