Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Martxoa »  Iritzia »  Inmuneak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Inmuneak

Koldo Aldadur

Martin Scorseseren Infiltrados filmean dotore adierazten dio Jack Nicholsonek, italiar jatorriko Massachussets-eko mafiako buruak, hiria kontrolpean mantendu nahiean bere aurkaria den irlandarri: “zuek (irlandarrak) zarete mundu osoan psikoanalisiari inmuneak zareten bakarrak”. Garbi dago Jack Nichlosonek ez duela ,oraindik, azpeitiarron berririk izan. Zertarako behar ditugu psikologoak eta psikoanalistak geure defentsa sistema, aitzakien zerrenda, alegia, indarrrean eta indartsu dugunean? Ez dago gaindituko gaituen arazorik. Arazoa, ustez txikia bada, ez du merezi gure denbora preziatua horretan galtzerik... Gure seme-alabek gero eta okerrago hitz egiten dutela euskaraz? Eta zertarako dira ba andereño eta irakasleak? Hori ere guk konpondu beharrekoa al da?

KONPONDU BEHARREKO ARAZOAK. Arazoa handia bada, urrunegi gelditzen dira irtenbideak: belaunaldi bakar batean ikusten ari garela eguraldiaren aldaketa bortitz bezain logikaz kanpokoa? Ozono geruzan Errealaren defentsan baino zulo handiagoa sortu dela? Arazo politikoaren irtenbidea gero eta urrutiago dagoela? Gure arteko inkomunikazio politikoa gero eta handiagoa dela? Mehatxu eta mendekuz pozoitutako jarrerak gero eta errazago barneratzen ditugula? Eta zer, gure kotxean egindako kilometro apurrek ez dute, bada, kutsadura ikaragarririk sortuko, ezta? Horiek enpresa handiek sortzen duten kutsaduraren ondorio dira. Gainera, jakin ezazu klima aldaketarena benetakoa ote den edo ekologista- alarmista horien kontu hutsa... Nik ez dut dagoeneko politikarietan sinisten. Zer mehatxu, eta zer mendeku? Edo, esate baterako, galanta da beti guri errua botatzeko ohitura hori! Arazoak, gertukoa izanik, zuzenean ikutzen gaituenean ere, badugu nondik ihesi egin psikologoaren laguntzarik gabe: gazte jendeak -eta ez hain gazteek- etxebizitzarik lortzerik ez dutela merkatua erabat logikaz kanpo dagoelako espekulazio eta azpijokoen ondorioz? Niri bost,nik hauteskundeetan botoa eman nien, bai, eta nahi duten bezala, baina konpon dezatela arazoa, horretarako daude eta!

EZER EGIN GABE. Beste arazo batzuk ikutu ere ez gaituzte egiten. Herria drogaz josita dagoela? Genero indarkeriaren ubeldurak, begiratuz gero, edozein begiondotan azaltzen direla? Kanpotarrak besterik gabe baztertzeko joera dugula? Gu horrela bizi ahal izateko, beraien azalak eta hezurrak lanean txikitu zituzten zaharrak, erabat baztertzen ditugula? Bale, baina lehen ere horrela zen eta gerora ere horrela izango da. Guk ez daukagu zoriontasunaren giltza eta, guk nahi ala ez, munduak bere martxan segituko du. Eta horrela ibili ohi gara bakoitzari bere buruak sortzen dizkion galdera gehienetan. Beti arazoari alde egiteko erraztasun hori. Eta aitzakien zerrendak erabat jotzen duenean beti daukagu errealitatetik babestuko gaituen laguna: zortea. Gazteak kontrolatu ezin dituzten drogen zurrunbiloan sartu direla? Itota,erabat itota daudela etxea ordaindu ezinik? Mundua barrutik eta gainetik txikitzen ari garela? Auzokoak andrea jo duela? Zaharrek bizitzeko gogoa galdu dutela milaka pilulek ezin dutelako senide baten irria ordezkatu? Eliz atarian bi beltz daudela hotzak madarikatzen? ‘Ba al leizke etxera jun’ entzun diozula etxeko txikiari? Zorte txarra eta kitto!

PSIKOLOGOEN BEHARRA. Esandakoa, psikologoak eta psikoanalistak, zertarako? Azpeitiar guztiok, beste askok bezala, hamalauren bat urterako aitzakien arlo hauetan lizentziatura eta doktoradutza eginak ditugu. Sagardoa kupeletan eta larrebehia kalean dabiltzan bitartean gurekin jai dute. Jack Nicholsonek arrazoi zuen, irlandarrak psikoanalisiari inmuneak dira. Azpeitiarroi Nicholsonek dioena ere ez zaigu axola.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak