|
|
|
Zokomiran
Larrosa
Joxin Iturrioz
Larrosa oparitu zidaten. Gustatu zitzaidan. Nire lantokian guztiak dira emakumeak, salbuespenak salbuespen. Eskola da. Eta emakume langilearen egunean maistrei larrosa oparitzeko ohitura hartu ei dute maistra arduradunek. Eta gizonezko apur batzuk ezin diskriminatuta utzi, eta beraiei ere larrosa eskaintzea erabaki zuten.
Niri ere eman zidaten. Pozik hartu nuen. Astebete iraun zuen mahaiaren gainean zimeldu zen arte. Nire alde femeninoa erreibindikatzeko erabili nuen. Badira baloreak emeagoak direnak. Eta denok dugu horietatik zerbait. Batzuk gehiago, besteak gutxiago.
Ez da kasualitatea, kausalitatea baino, emakumeak izatea Ahotsak bezalako mugimendua sortu dutenak. Lehentasuna adostasunean ipintzen dutenak, bidea nondik aurkituko saiatzen direnak...
Jarrera diferenteak dira, bai. Gizonezkoek egoskorkeria dute lehentasun, beraien arrazoia, eta besterik ez. Agintean izan diren emakumeek ere gizonezkoen balore horiek erabili izan dituzte nagusiki, agintea eta jabegoa lehentasunez onartuz. Aita diziplinaren eredu. Ama, aldiz, hor dago beti, gertu, lagungarri...
Nik nire alde femeninoak azpimarratu nahi ditut, gehiago baloratu, ageriago egin, sarriago erabili... Aurten ere oparituko ahal didate larrosa! Nire alde femeninoa defendatzen jarraitzeko balioko lidake.
Zoritxarrez, nire malaletxea ez da hain femeninoa...
|