Gaindituta baina hobetzeko
Maider Zendoia eta Enekoitz Esnaola
Azpeitiak lehen postua lortu du Kontseiluak egindako euskal udalen hizkuntza politikaren neurketan, 6,82ko notarekin
Azpeitia da euskara bultzatzeko gehien egiten duen herria, udalerrietako hizkuntza politika aztertzeko Kontseiluak egindako azterketaren arabera. Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntza politikak aztertu ditu —Euskal Herriko bi milioi herritarri eragiten diotenak—, eta haien artean Azpeitiko Udala dago aurreneko tokian, berak lortu dituelako punturik gehien: hamarretik 6,82ko batez bestea.
Baina azterketaren inguruko ondorioak ez dira zerrendaren baitako kokalekura murriztu behar. Izan ere, aurreneko lekuan egotea pozgarria bada ere, oraindik ez dirudi euskara lehenesteko politika sistematikoa ezarri denik herrian. Kontseiluak jakitera eman duenez, "7 puntuko mugatik gora koka liteke euskara lehenesteko politika sistematikoa". Azpeitiko Udala iristear geratu da, denetan lehena izan arren.
Udala pozik. Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua "pozik" agertu da neurketaren emaitzekin. Haren iritziz, "balorazioa oso positiboa da, kanpoko neurketa bat egin eta herriak horrelako emaitzak lortzea pozgarria baita". Mendizabalek Uztarriari esan dionez, Udalak egindako lana agerian utzi du azterketak, "Euskara Patronatuaren bitartez Udalak euskara arloan egindako inbertsioez konturatuko delako jendea".
Kontseiluak herriko arlo desberdinak goraipatu ditu, "Udaleko atal guztiak euskaraz aritzeko gai izatea, hizkuntza paisaian euskararen erabilera nabarmentzea onartu izana eta langile berriak euskaldunak izatea erabakitzea...".
Udaleko Euskara batzordeburuak garrantzia eman dio neurketak Udalak atal guztietan euskaraz aritzeko gaitasuna izatea azpimarratu izanari. "Bai langileek eta baita guk ere ahalegin bat egin dugu, eta hori dagoeneko horrela islatu da. Hala ere, hasi bakarrik egin gara, honek bide luzea dakar", dio Mendizabalak. Datozen urteotarako erronka "neurri hori mantendu" eta "7aren bidetik joatea" da, "hutsuneak betez".
Izan ere, hutsuneak egon badaude. Kontseiluak jakinarazitakoaren arabera, Udalaren zenbait komunikaziotan, euskara eta gaztelania parean ageri dira; eta euskaltegi publikoak ez direnei emandako diru laguntzek "hutsegiten" dute.
Kontseiluak denera 55 galderako galdetegia prestatu zuen euskarak hamar ataletan duen garrantzia neurtzeko. Euskalgintzako 150 bat laguntzailek erantzun zituzten galdetegiak, eta haien artean aritu ziren Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arlokoak.
Zer dio? Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arloa
Azpeitian euskararen normalizaziorako asko falta da
Kontseiluak herriz herri egin duen Udalerrien Hizkuntza Politikaren neurketaren emaitzetako bat, neurketako 66 udaletatik Azpeitia rankinean lehen postuan dagoela izan da. Hori ona da azpeitiarrontzat; gutxienez, besteak baino hobeto gaudela esan nahi du.
Baina ez gaitezen engaina; Azpeitiari ere asko falta zaio oraindik euskararen normalizazio egoerara iristeko. Puntuaziorik altuena lortu du (6,82) baina, hala ere, ez da 7ra iritsi (hain zuzen, 7 puntu eskuratzeak definitzen du euskara lehenesteko eta sustatzeko Udalak egiten duen ahalegina, neurketa horren arabera). Baina, batez ere, Azpeitiaren egoera soziolinguistikotik oso urrun dago oraindik (herrian ia %90 garelako euskara dakigunak). Beraz, herrian oraindik asko dago egiteko, asko falta da.
Azpeitiko egoera. Uztarria Kultur Koordinakundearen ustez, udal neurketaren balio nagusia ez datza beste herriekiko konparazioan. Norbere herriko euskararen normalizaziorako bidean pausoak emateko tresna neurgarri bat izatea da bere funtzionalitate nagusia. Beste herriak egoera txarrean badaude, zer axola digu guri haiek baino hobeto egoteak, hala ere ondo ez bagaude?
Neurketa egin den lehenengo aldia denez, berez ezin dugu Azpeitian jakin azkeneko urteetan egoera hobetu den ala ez. Dena den,
inpresio orokorraren arabera, gaur orain dela urte batzuk baino egoera hobean gaude:
- Euskararen normalizaziorako planak daude herrian.
- Udal euskara teknikaririk ez zegoen 1998a arte. Udal Euskara Patronaturik ere ez.
- Euskalgintza orain urte batzuk baino egituratuago dago.
- Euskararen normalizazioan diru asko inbertitzen da.
Baina kontua ez da hori. Kontua da hemendik lau urtera berriro azterketa egiten denean, oraindik eta hobeto egon behar dugula. Eta handik lau urtera hobeto, eta beste lau urtera hobeto...
Horretarako, dagoeneko ez da nahikoa izango corpus juridiko egokia izatea, baliabide asko bideratzea euskararen normalizaziora, edo euskararen egoera orokorra ona izatea (Kontseiluaren iritziz, hizkuntza politika hiru osagaik zehazten dute. Lehenengoa, corpus juridikoa da, euskararen aldeko arau bilduma. Bigarrena, esleitu diren mota guztietako baliabideak: giza baliabideak, ekonomikoak eta
administratiboak. Eta hirugarrena, euskararen egoera bera).
Lehenengoari dagokionez, corpus juridikoa betetzeko gaitasuna kontuan hartu beharko da. Izan ere, Azpeitian egundoko udal ordenantzak izan ditzakegu, baina ez badira betetzen, alferrik da corpus juridiko egokia izatea.
Baliabideei dagokionez, berriz, baliabide asko izan arren, horiek ez badira modu egokian erabiltzen, zaila izango da aurrera egitea. Merkataritza arloa lantzen teknikariak egon arren, horiek zerbitzu eskaintza egitera bakarrik mugatzen badira, agian aurrerapausoak emateko ez da nahikoa.
Eta euskararen egoerari dagokionez, lehen esan duguna: ona izan daiteke Tuterakoarekin konparatzen badugu baina, benetan ona izateko, urtetik urtera aurrerapausoak eman behar dira arlo guztietako erabileran.
Egoera soziolinguistikoaren eragina. Azpeitian euskararen ezagutza tasa handia da: %90 ingurukoa. Kontseiluak berak ateratako ondorioetan dioen bezala, udalek lortzen duten puntuazioa harreman estuan dago ezagutza tasarekin. Hori handia bada, erabilera handiagoa izango da, kontzientzia handiagoa. Horrek badu logika. Baina ezin gara babestu Azpeitiko egoera pribilejiatuan. Aurrera egiten ez bada, atzeraka egiteko arriskua izango dugu.
Konpromiso garaia da. Arloz arlo konpromisoak hartzen hasteko garaia da. Azpeitian euskara normalizatuko bada, jendea konpromisoak hartzera animatu behar dugu. Enpresek, dendek, anbulatorioak, epaitegiak, udaletxeko kide eta langile orok, norbanakook... euskararen aldeko konpromisoak hartu behar
ditugu. Euskaraz lan egiteak kalitate keinua suposatzen duela sinistu behar dugu.
Horretarako, euskararen normalizazioan lanean ari garenok erantzukizun handia dugu. Beraz, nola ez, erakunde publikoek ere bai. Eragile ezberdinak euskararen aldeko pausoak ematera bultzatu behar ditugu, bortxatu gabe betiere, baina etengabe animatuz eta zirikatuz. Ezin gara mugatu zerbitzu eskaintza hutsera. Azpeitiak, merezi duen puntuaziora iristeko, hori baino gehiago behar du.
|