Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Otsaila »  Mireia Epelde

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mireia Epelde: "Profesionaletara pasatzeak ez dit gehiegi eragin neure eguneroko bizitzan"

Ane Aranburu

 
 
 
 

Gehienen antzera ikasiko zuen, segur aski, Mireia Epeldek ere bizikletan ibiltzen. 10 urte eskas zituela hasi zen, hala ere, Peña Elortza Azkoitiko txirrindulari elkartearekin korritzen. Duela gutxi, txirrindularitza profesionalerako jauzia ematera iritsi da. Gabonetan sinatu zuen kontratua Bizkaia-Panda SW-Durango taldearekin, denboraldi baterako.

Gustura al zaude talde berriarekin?

Oso. Gabon inguruan sinatu genuen kontratua eta gustura nago. Hamar neskak osatzen dugu taldea. Zortzi lehen elkarrekin korritzen ibilitakoak gara. Beste biak espainiarra eta suediarra dira. Emakumezkoen txirrindularitzan gabiltzanok asko ez garenez, guztiok ezagutzen genuen elkar lehenagotik eta oso giro ona dago taldean.

Profesionaletara egindako jauziak eragin al du zure eguneroko bizitzan?

Ez gehiegi. Entrenatzeko denbora gehiago behar duzu, mailak horrela eskatzen duelako, baina ez dut arazorik izan moldatzeko. Lehen bi orduko entrenamenduak egiten banituen, orain bi ordu eta erdikoak egiten ditut. Hor dago aldea baina, bestela, ikasketetan-eta ez dit eragin. Duzun denbora antolatzen jakin behar, eta gustura sentitzen naiz egunean zehar zeregin desberdinak izanda.

Bakarrik entrenatzen al zara? Normalean, bai. Etxetik bakarrik irteten dut baina beti aurkitzen duzu norbait errepidean. Nik buelta hartzen dut edo besteak, eta horrela elkartzen gara. Hori bai, aurkitzen ditudan guztiak mutilak dira. Ekipoko bat Aizarnazabalgoa da baina ordutegiagatik-edo ez dugu inoiz elkar topatu. Oso neska gutxi ikusten da errepidean bizikletarekin. Lehen lasterketa haiek bizikletaren gainean zer moduzkoak izan ziren? Gogoratzen dut jubenila nintzela Asturiasen [Espainia] pistako txapelketa batean parte hartu nueneko hura. Han ezagutzen ez nindutenez, hasieratik erasoa jotzeko agindu zidaten eta besteen erantzunaren arabera ikusiko zutela gero zer egin. Horrela, erasoa jo nuen eta neu bakarrik joan nintzen 50. birara arte lasterketaren buruan. Bukatzeko hamar itzuli gelditzen zitzaizkidala, ohartu nintzen manilarra bere lekutik askatzen ari zitzaidala. Okertzen-okertzen, 90º jiratu zen arte. Horrela egin nituen azkeneko bueltak baina lasterketa irabaztea lortu nuen.

Gizonezkoen txirrindularitzak sona handia hartu du komunikabideetan. Emakumezkoenak, aldiz...

Egoera ez da batere ona. Telebistan ez da agertu, oraingoz, emakume txirrindularien lasterketarik, ez Tourrik, ez Girorik, eta egon badaude. Hala eta guztiz, nik uste Joane Somarribak bultzada handia eman diola emakumezkoen txirrindularitzari Euskal Herrian. Joane asko ibili da atzerriko taldeetan eta uste dut, bultzada horren eragilea, bere azken urteak Bizkaiko taldean egitea izan dela.

Pertsona erreferentea izan da Somarriba emakumeen txirrindularitzan. Aritu izan zara harekin. Zer moduz?

Oso gustura. Egun osoko irribarrea da Joane. Beti dago laguntzeko prest. Joaneren laguntzaile bezala korritu izan dut Euskal Herriko biretan. Gogoratzen dut behin nola Elgetatik Azkaraterako bidea egin behar genuela-eta, Soraluzeko bidea oso gogorra egiten ari zitzaidala eta nahikoa egin nuela erabaki nuen. Horretan pentsatzen ari nintzela, Joane etorri zen atzetik eta aulkitik bultzada egin zidan. Ni harrituta gelditu nintzen. Emakumeen txirrindularitzan erreferente izateaz gain, laguntzeko prest agertzen da beti hura.

Ba al dago bizitzerik txirrindularitzatik?

Ez, normalean emakumeon txirrindularitzatik bakarrik ezin da bizimodua atera. Aparteko lana beharrezkoa da. Gizonezkoenak urteetako kontratuak izan ohi dira; emakumezkoenak, aldiz, urtebetekoak. Horrez gain, emakumezkoetan dirua lortzea oso zaila da, telebistan agertzen ez garelako, eta azpiegiturak garestiak dira. Hortaz, urte batean babeslea aurkituta ere, baliteke hurrengoan babesle horrek asmoz aldatzea. Gauza asko dago aldatzeko. Talde gehiago behar dira, gurea da Espainiako Estatuan profesionaletan bakarra.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak