Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Otsaila »  Nola egin aurrera?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Nola egin aurrera?

Maider Zendoia

Bake eta konponbide prozesua hiltzorian al dago? Zerk hutsegin du orain arte? Zer egin daiteke? Herritarrok ba al dugu zereginik?...

Egilea: Andoni Salegi

ETAren abenduaren 30eko atentatuak lurrikara eragin du bake eta konponbide politikorako prozesuan. Iazko martxoaren 22an ETAk su-eten iraunkorra eman zuenetik, ordea, ez da atentatua bakarrik gertatu: kartzela politikak berdin segitu du, kale borroka, Iñaki de Juana presoaren gose greba bi iritzi artikulugatik 12 urteko zigorra jasotzeagatik, ETAren lehergai lapurreta, Haika-Segi auziko epaia, epaiketa politikoak, Batasuna legez kanpo... Nola egin aurrera? Hona 15 herritarren iritzia.

Ramon Etxezarreta
PSE-EEko zinegotzia Donostian

"Aukera galduetatik asko ikasten dela pentsatzen dut"

"Zergatik egin duten aztertzen eta azaltzen ibili baino, hobe genuke ETAkoek atentatua zertarako egin duten galdetzea. Zertarako? Ez dago inor abenduaren 29an baino hobeto. Ilusio handiz hasi zen prozesua, edo dena delakoa, eten egin dute, orain eten dutenak besteak direla sinestarazi nahi badigute ere. Aurrera begira, pentsatzen dut aukera galduetatik asko ikasten dela baina ez dakigu beste aukerarik izango den. Beste aukera bat berehalakotasunez baletor bezala baldintza egokiak jartzen saiatu beharko dugu".

Xabier Azkargorta
futbol entrenatzailea

"Bonben eta hilketen bidetik ez dago ezer"

"Nik uste dut bake prozesua etenda dagoela; bonba hori eteteko modukoa izan da, argi eta garbi. Lehenengo gauza, aurrera begira eman beharreko pausoa garbi-garbi dago: nik uste dut bonben eta hilketen bidetik ez dagoela ezer, hori da lehenengo geratu behar dena. Orain arte ahaleginak egingo ziren alde batetik eta bestetik, baina abenduaren 30eko bonba horrek dena zapuztuta utzi du. Bonbak eta istorio horiek guztiak geratu gabe, nik uste dut ez dagoela ezer".

Alaitz Olaizola
antzerkiegilea

"Hitz egiten segitu behar da, ez dago atzerapausorik"

"Nik uste dut, gertatutakoa egundokoa izanda ere, segitu egin behar dela hitz egiten, ez dagoela orain atzerapausorik. Ezin dugu orain dela hamar hilabeteko hartara bueltatu. Hitz egiten segitu beharra dago. Argi dago herritarrek askoz indar handiagoa egin beharko dugula, orain arte pixka bat erlaxatuta egon baikara. Agian, gure garaia iritsi dela pentsatzen dut; izan ere, hemendik kanpokoei, herritar bezala, ez dakit zenbat axola zaien prozesua, baina guri, ez dago dudarik, axola zaigula. Eta nik uste dut urte bukaerako hori eta gero, berriro zalaparta pixka bat egon dela jendearen artean. Haserrea, pena edo zerbait egin behar denaren sentsazio hori areagotu egin dela, alegia".

Jose luis Frantzesena
musikaria eta bandako zuzendaria

"Indarkeriarekin eta hizketa gabe hemen ez dago ezer"

"Gaur egungo egoeran zeharo moztuta daude hizketako kontu horiek eta, nire ustez, hizketa da berriz ere derrigorrez egin behar dena. Bakea ez da batek arrazoia izatea, baizik eta guztion artean egiten den harmonia. Hori banda batean bezala da: denek dute euren instrumentua, batzuek indar handiagoarekin eta besteak txikiagoarekin. Baina bakoitzak bere iritzia bota eta adostasun batzuetara iristen saiatu behar dugu. Nahiz eta ezkerraldekoek eta ETAk esan lehen bezala segitzen dugula, bistan da alderdi sozialistak-eta ez dutela horrela ikusten. Hortaz, prozesua dagoeneko eten egin da. Honek orain barealdi bat beharko du eta ea berriro hasteko modua aurkitzen den. Hizketarik gabe eta indarkeriarekin hemen ez dago ezer".

Maider Egiguren
preso ohia

"Gure hitza eta erabakia aldarrikatu behar ditugu"

"Martxoaren 22az geroztik atxiloketak, De Juana hiltzorian eta bizitza osorako zigorrak ehundaka preso politikorentzat, torturatuak, milaka herritar ordezkaritza politikorik gabe, antolakuntza eskubidea ukatua... Oraintxe, berriz, Jarrai, Haika, Segi gazte antolakundeen kontrako epaia, Kafe gure herritarra tartean dela. Eta hori dena eta gero zer? Zerk eten du bake prozesua, egon bada bake prozesurik? Praktikan alde bakarreko borondatearekin ezinezkoa da biren kontua omen den prozesua aurrera ateratzea. Zorionez, gatazkaren konponbidea ez dago Espainiako eta Frantziako estatuen esku bakarrik, euskal herritarrok gure hitza eta erabakia aldarrikatu eta gauzatu behar ditugu. Benetako prozesu bat zinezko baldintza demokratikoetan eman dadin, horien exijentzia eta eraikitzea bermatu behar dugu".

Kike Zurutuza
Batasuneko kidea

"Elkarrizketaren bidez bideak berreraikiko dira"

"Garbi dagoena da aurrera egiteko aukera egon badagoela, eta oso gauza garrantzitsu bat: aurrera egin behar dugula. Atentatu horrek gauzak nolako gordintasunean dauden adierazi digu. Nik uste dut aurrera egin behar dugula herri bezala eta bakea behar dugula. Alde batetik, aukerak badaude. Bestetik, aukerak egotea behar dugu. Bake prozesua zer den azpi-azpitik aztertu beharko genuke. Egia esanda, oso garai kritiko batean gaude eta egoera oso gordina da. Nik uste dut ETAk bere agirian garbi azaldu duela bake prozesu bati eusteko borondate osoa. Neure iritziz, elkarrizketaren eta akordio politikoaren bidez nolabaiteko bideak berreraiki eta sortuko dira beriz ere".

Pedro Illarramendi

"Bi aldeek egin behar dituzte keinuak"

"Pazientzia handia izan behar dugu, baina elkarrizketako ideia horri segitu egin behar diogu. Asko nahigabetu gaitu Barajasen gertatu denak, baina hori neurri batean jakin behar zen; agian, arrazoi batzuek ere bazeudelako. Bi aldeek keinuak egin behar zituzten eta dituzte. Hor ere pazientzia pixka bat behar dugu, igual luze joko duelako prozesuak. Ezkerraldeak eta ETAk pauso bat ematea interesgarria izango litzateke. Eurek pentsatzen badute politikatik joan behar dutela, atentatua gaitzestea normala izango litzateke. Baina besteek esaten dute, ‘Hori ez baduzue egiten, ezta legalizatu ere ez zarete egingo’. Hor ez dago elkar juntatzerik, nik ez dut formularik, ez dut hori zuzentzerik, baina bi aldeek egin behar dituzte keinuak".

Maite Segurola
Bilgune Feministako kidea

"Formula zaharkituak baztertu egin behar dira"

"Egoera politikoa berriz ere belztu da abendu bukaeratik. Hilabeteotan askorik aurreratu ez bada ere, Barajaskoak argi utzi du luzea izango dela konponbiderako bidea. Aurrera egiteko bide bakarra alderdi politikoen elkarrizketarako gutxienekoak adostea da, formula zaharkituak baztertu eta konponbidea lortzeko asmoak benetan gauzatzen hastea eta ez, alderdiak orain arte aritu diren bezala, interes propioak babestea. Prozesua ez dago etenda, aspalditik dago ezin aurrera eginda. Zerikusi handia dute PSOEk PPrekiko erakusten duen morrontza eta gatazkak duen oinarri politikoa ez aitortzeak".

Xabier Euzkitze
kazetaria eta bertsolaria

"Elkar ulertzeko borondatea behar da akordioak lortzeko"

"Garrantzitsuena aurrera egin nahi izatea da, etsiak jo eta geldirik egoterik ez dugula garbi izatea. Bideak eta moduak badaude, aurkitu nahi izanez gero. Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanak etenda daude, baina beste hainbat zubi interesgarri eraiki da menia benetakoa zela uste izan dugun bitartean. Horiek —euskal alderdien arteko harremanak bereziki— ez dut uste etenda daudenik; aldatuta bai, baina. ETAk ez dio Espainiako Gobernuari iruzur egin, herritarroi baizik, eta alderdiek ere gurekiko, herritarren desioekiko konpromisoak bete behar dituzte. Gauzak makurren daudenean da beharrezkoen elkarrizketa. Akordioak lortzeko beharrezko baldintza asko dago, baina bat ororen gainetik: elkar ulertzeko borondatea".

Pako Aristi
idazlea eta kazetaria

"Politikoei euren ispilu nartzisista puskatu zaie"

"Badirudi leherketa horrek mundu guztia deskolokatu duela. Beraz, berriro birkolokatu beharko du jende guztiak. Atentatua basatia izan da, latza, eta bi lagun hil direla ahaztu gabe, iruditzen zait bake prozesuak orain indar berri bat har dezakeela, bide garbiago bat. Politikoki efektu ona izan dezake leherketa horrek: politikoei euren ispilu nartzisista puskatu eta errealitate krudela agertu zaie begien aurrean. Errealitate horrek hau dio: Jaunak, ez zineten ezer egiten ari, ez zineten egiatan ari; beraz, espabila zaitezte. Uste dut ez dela bake prozesurik ere egon. Beste nazio batzuetan ikusi ditugun prozesuen ondoan hemengo hau txiste txar bat zen, karikatura bat. Hortaz, ez da eten, ezer ez zegoelako. Eten da prozesuaren itxurakeria bat, mozorroak erori dira, Barajasko aparkalekuarekin batera. Alderdi bakoitzak agertu beharko du zer emango duen prozesuaren alde; alegia, gizarte normaldu baten alde, aspirazio zehatz batzuk dauzkan herri baten alde. Alderdi bakoitzak neurtu behar du nolako indarra daukan jokaleku berrian eta zer galtzeko prest dagoen".

Pako Garmendia
soziologoa

"Herri gizarteak behar du etengabeko protagonismoa"

"Gurean prozesu kontrajarriak ditugu martxan. ETAko buruzagiek, Zapatero presidenteak eta Ibarretxe lehendakariak buruan dituzten prozesuak oso ezberdinak dira, bakeari eta demokraziari buruz iritzi antagonikoak dituztelako zenbait puntutan. Euskal herritarrek beren aukera politikoak adierazteko askatasuna izan duten hainbat eta hainbat hauteskundetan adierazi izan den borondate politikoa ez dute sekula errespetatu izan ETAkoek. Baina ezin ahaztu, Espainiako Gobernuko oraingo Barne ministroa bera, GALen gobernuko bozemailea izan zela. Demokrazia herritarron erabakian oinarrituko bada, herri gizarteak behar du etengabeko protagonismoa, bere aniztasun osoan, lehendakariak dioen bezala".

Maria Jesus Arregi
Lokarriren ekimenetako partaidea

"Herria lo dago, politikariek egindakoarekin konforme"

"Niretzat, gure herriak gatazka bat dauka eta, sustraira joaten ez bagara, zaila ikusten dut konponbidea. Ondorioz, sustrai hori non dagoen garbi izan behar dugu. Sufrimendu handia dago, gero eta handiagoa, eta konponbidea zaildu egiten dute min eta sufrimendu horiek. Herritarren artean sufrimendurik ez balego, herritarrek errazago bultzatuko lukete, baina minduta dagoenak alderdikeria handiagoarekin jokatzen du. Iruditzen zait gatazka honetan denok utzi behar dugula pixka bat. Bestalde, heriotzak ez ditugu onartzen, baina beste injustizia asko ere hor daude eta isilik pasatzen ditugu; auzi judizialak eta espetxeratuak hain kanpo egotea, adibidez. Nire iritziz, dena politikarien gain daukagu utzita eta herria lo dago, haiek egiten dutenarekin konforme, eta hori ez zait ondo iruditzen. Herriak ere zerbait esan behar du eta politikariek zerbait entzun behar diote herriari; herri guztiari, alderdi denei".

Patxi Aizpitarte
Donostiako bikario nagusia

"Elkarrizketari heldu behar zaio, autokritika eginda"

"Abenduaren 30eko atentatua larria izan da: Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio ekuatoriarren heriotzek eta Barajasko aireportuan eragindako txikizioek erabat astindu dute bake prozesua. Lurjota utzi gaitu gertaerak, egia esan. Gure gizartea bereziki sentibera da oinarrizko giza eskubide den bizitzaren aurrean, eta heriotzekin zaila da bake prozesuaren dinamika jarraitzea. Biolentzia eta indarkeria —era guztietakoak— soberan daude egungo gizarte bizitzan. Dena den, itxaropenari eutsi nahi diogu atentatuaren ondoko tristezia eta etsipenaren ondoren. Bakea posible da, baina korapiloa ez dago indarrez askatzerik. Ezta jarrera mugigaitzen bidez ere. Autokritika serioa egin eta elkarrizketari heldu beharko zaio berriro, lehen edo gero. Eta gatazkari irtenbide gizakoi eta konponketa adostu bat aurkitu. Prozesuan parte diren alde guztiek lehialtasunez jokatu beharko dute elkarrekin".

Joxe Luis Aizpuru
kazetaria

"Geldiune garaia etorriko da, udal hauteskundeak arte"

"Hor ikusten dena da Espainiako Gobernuak orain pixka bat atzera egingo duela, EAJrekin batera. Geldiune garaia etorriko da, udal hauteskundeak pasatu arte bai, behintzat. Ezer ez da mugituko sei edo zortzi bat hilabetean; geldirik egongo da, usteltzen ari den ur geldia bezala. Bake prozesua formalki etenda dago; parte batek esaten badu etenda dagoela, hori etenda dago. Gero berriro piztuko den ala ez? Ni konbentzituta nago berriz ere piztuko dela, lehenago ala beranduago. Orain, ordea, udal eta foru hauteskundeak izango dira maiatzean eta Espainiakoak 2008an.

Orduan, 2008ko hauteskundeak nork irabaziko dituen da kontua. Agian, orain beharko zuena, hemendik urte eta erdi batera izango da".

Pedro Otaegi
aktorea

"Alde denek zerbait eman behar dute, mahaian jarrita"

"Oraindik ere fedea daukat bake prozesuan. Baina hizketan egin behar dugu alde guztiok. Hori bai, alde denek zerbait eman behar dute, eta mahaian jarri eta hizketan hasi behar da. Okerra bi aldeetatik dago. Ezker abertzalekoek gauza finko batzuk dituzte, eta hori ez bada, zero, hortik ez dago. Beste aldekoek, berriz, ez dute ezer eman, eta hamar hilabete pasatu dira... Bake prozesua etenda al dagoen? Ni nahiko ezkor nago, eta uste dut oraingo prozesua puskatu egin dela eta beste berri bat sortu beharko litzatekeela. Atentatu horrek ipurdiko handia eman dio bake prozesuari".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak