Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Otsaila »  Aitzindari paperean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Aitzindari paperean

Enekoitz Esnaola

Azpeitiko danborrada bezala, bada garai hartan herrian sortu zuten beste zerbait: 'Olatz' aldizkaria. Bost urtean egon zen

 
 
"Herrian danborrada noiz sortu zen jakiteko, datua 'Olatz' aldizkaritik atera genuen" Imanol Elias 
"Gustura geratu nintzen 'Olatz'-en azalerako egin nuen mantxetarekin, polita geratu zen" Ignacio Agirre 

"Herriko danborrada noiz sortu zen jakiteko, datua Olatz aldizkaritik atera genuen", dio Imanol Elias historiagileak. "Udal artxiboetan jartzen zuen 1957an desfile bat egon zela, baina ez zuen aipatzen danborrada zenik hura. Olatz-en bai, eta horrelaxe egiaztatu genuen".

1956ko abenduan sortu zuten Olatz aldizkaria Azpeitiko Parrokian zebiltzatenek, Accion Catolicaren bidez. "Ikusten da, beraz, aldizkari hura ere elizaren babesean sortu zela, orduan beste gauza batzuk bezala", esaten du Imanol Eliasek.

Berak ia hasiera-hasieratik idatzi zuen bertan: bere lehen artikulua 6. zenbakian argitaratu zuten —1957ko ekainekoan, Zer degu O.A.R.G.U.I.?, Gaiztoa ezizenarekin— eta bukaerara arte segitu zuen idazten. "Zenbaki denak gordetzen nituen, eta daukadan azkena 1961eko maiatzekoa dut, 51.a". Formato txikiko azkena, hain zuzen. "Orduan igande goiz batez bilerara deitu gintuzten. Herriko señorito batzuk-eta ziren aldizkariaren arduradun eta haiek zioten formato berria behar zuela Olatz-ek, egunkariaren tamainakoa. 1961eko ekaina-uztaila zen. Atera zen formato berrian baina, nik uste dudanez, bakarra. Izan ere, gaizki ibili ziren osatzeko eta hortxe geratu zen. Nik formato berriko bigarren zenbakirako ere egin nuen artikulua, baina beste inork ez, eta garbi zegoen ezinezkoa zela segitzea". Olatz-ek Azpeitiko informazioan urteetako zulo handia estali zuen. Aurretik, 1923tik, Urola aldizkaria egon zen —Azpeitiaz informatzen zuen, batez ere—. Gutxi iraun zuen. Eta gero, 1931n egon zen beste aldizkari bat: Azpeitia. Sus costumbres y sus fiestas. Aurrena, 1931ko uztailean atera zuten. Apenas iraun zuen Ondorengoa Olatz izan zen, herrikoa, 1956tik. Erreferentzia izan zen. Herri informazioan, aitzindari.

Mantxeta Ignacio Agirrek egin zuen, Erdertinekoak, baina ez da gogoratzen zeinek agindu zion egitea. "Hala ere, seguru Don Jose Mariak [Eguren] izan zuela ikustekorik enkargua ematean". Agirrek "gustuko" zuen marrazkiak-eta egitea, eta atsegin handiz egin zuen mantxeta. "Letrak egiteko ere jende asko etortzen zitzaidan. Erraztasuna neukan, egia esan. Gustura geratu nintzen Olatz-erako egin nuen mantxetarekin, polita geratu zen" Mantxetak Azpeitiko Parrokiko dorrea zeukan, herriko armarria eta Olazko ermita. "Kolorea ere sartu genion eta, garai hartarako, modernoa geratu zen". Aldizkari estimatua zen. Hala zioen 1957ko ale batean sinadurarik gabeko iritzi batek: "Emen degu berriro Olatz. Etxe geienetan badu oraintxe sarrera. Nai ta ez sartu bear. Azpeitiar jator guztiari atsegiñ bai zaio bere erria nolakoa zan jakitea. Nori ez digu azukre egiten biotzean, gure ama zanaren erretrato bat ikusteak?".

Kanpoan zeudenei. Atzerrian zeuden azpeitiarrei ere iristen zitzaien. Hauxe idatzi zuen Antonio, S.J. delako batek 1958an maiatzean, 17. zenbakian (Uztarriak itzulita): "Indiatik karta. Atsegin handiz hartu nuen Olatz aldizkariaren zenbakia. Hegazkinez iritsi zen egun bakar batzuetan. Parrokiaren aldizkari honek ez du herrian bakarrik on egingo; herritik kanpo ere egingo du on, hain urrun dagoen Indian bezala. Gure herrian eguneroko bizimoduan gertatzen diren gauzak interes handiz segitzen ditugu". Imanol Elias bera 1958an soldadutzara Marokora joan zenean, Andoni Albizuri Katxo-k bidaltzen zizkion Olatz-eko orrialdeak.

Aldizkariko arduradunak asko saiatzen ziren zabalkunde handia lortzen, lehen urteurreneko oharrean ikusten den bezala: "Olatz, gaur, gauza txikia da. Badakigu. Hain zuzen, orain bete du urtebete. Zorionak! Aldizkariak hazi egin nahi du naturalki. Harpidetza berriak lortzea da une hauetan daukagun arazoa. Horiekin, tirada handituko genuke, aldizkaria hobetuz eta salneurria aldatu gabe, orrialde gehiagokoa egin".

Bai, dirua eskatzen zuten aldizkaria jasotzeko. 1958ko azaroko aldizkariko oharra (22. zenbakikoa), herritik kanpo bizi zirenei: urteko bigarren sei-hilabetekoa 14,25 pezeta kostatzen zela. Eta zentsura? Frankismoaren garaiak ziren. "Nik, behintzat, ez nuen arazorik izan", dio Eliasek. 1958ko urritik aurrera (Olatz-en 21. zenbakia), azalean ohar bat jarri zuten, mantxetaren azpian: Con censura eclesiastica.

Olatz aldizkariaren ezaugarri batzuk

Orrialdeak. Zortzi.

Maiztasuna. Hilerokoa.

Kazetaritza generoak. Oso anitza zen: albisteak, elkarrizketak, kronikak, iritziak, gutunak, laburrak, hemerotekak, egitarauak, datuak, marrazkiak, argazkiak, txisteak, agenda, bertsoak, intelektualen zitak...

Sinadurak. Anonimoak nagusi. Zuzendaria, Dr. Cotorra, Gaiztoa, Ikasle, I. Aguirre, Enrique Zurutuza, Aitona, Maite, Gazte-zar, Iturri Goxo, Eneko, Jose Mari, Pepito Elzaurdi, Lore Txorta, Aitzbeltz, Aritz, Ignacio Orbegozo, Julian Bereziartua...

Gaiak. Azpeitikoak eta orokorrak (mundukoak...), erlijioa, futbola, mendia, pilota, zinena, efemerideak, Indiatik eta Afrikatik gutunak, historia, festak, Udala, liburugintza, azpeitiartasuna, soziedadeak, ikasketak, feminismoa, ezkontzak, heriotzak, osasuna, langabezia...

Hizkuntza. Gaztelera, batik bat. Euskaraz %15 inguru; aldizkariko zortzi orrialdeetatik bat.

Idatzitakoak

Futbolaz. Rafael Zelaiak idatzitakoa, 1957an (Uztarriak itzulita): "Lagun Onak-eko jarraitzaileak taldearen emaitzen araberakoak dira: taldea ondo doanean erantzuten dute eta, bestela, ez".

Irakurzaletasunaz. Ikaslek, 1957an (itzulita): "Begiratze hutsarekin nabarmentzen den egia da (Azpeitian): irakurtzeko afiziorik eza. Institutu Laborala bezalako kultur gune garrantzitsua dugunez eta, Olatz bezalako aldizkari sinpatikoa argitaratzean, badirudi hauxe dela azpeitiar denak irakurle hartzeko liburutegia sortzeko proposamena egiteko unerik egokiena, gazteleraz nahiz euskaraz dauden liburuekin, gero eta liburu gehiago argitaratzen direlako".

Formazioaz. Maitek, 1957an (itzulita): "Ba al du azpeitiar gazteak nahikoa formazioa? Askotan euren solasaldiak garrantzirik gabekoak eta zakarrak dira, gure emetasunarekin bat ez datozen aipamenekin".

Herriaz. Gazte-zarrek, 1957an: "Iñork galdetuko baligu, erria maite degun, zalantzarik gabe erantzungo genduke, baietz. Nork ez du maite bere erria? Bañan… Konturatzen ote gera bear aña zer dan erria?".

Azpeitiartasunaz. Sinadurarik gabekoak, 1957an: "Guk azpeitiarrok beñere ez degu ukatzen gure jatorri bikaña. Azpeitiarrak gerala esatiak bakarrik ere, biotza pozez alaitzuago gelditzen zaigu ta gure erriko gora berak nun eta obeto jakin naian ibiltzen gera. Hernani’ko sagardotegi baten zan. Isketan aguro antz eman zidan azpeitiarra nintzana ta sagardotegi artan bere gazte demboran gertatua, esan zidan, Azpeitiarra, upela-ondo zalea izandu zan nunbait, ari emen zan, beste azkotan bezela, berriketa baten, eta alako baten, batek esan dio. Ao isilik, sapo ori. Aizak, kontuz izan zak sapuekin, erantzun omen zion bizkor, zergatik sapuak ez ditek sakelak eta elbiak bezela egiten, jo eta erori, jo ta arrotu baizik. An, sagardotegi artan zeuden guztiak algara ederra egin omen zuten azpeitiar aren ateraldiakin".

Guardia Zibilaz. Sinadurarik gabekoak, 1957an (itzulita): "Guardia Zibilaren Komandantzian postua hartu du Don Manuel Fernandez Herrero tenienteak. Gure agurra bidaltzen diogu".

Kulturaz. Sinadurarik gabekoak, 1958an (itzulita): "Lehengoan Real Sociedad Vascongada de los Amigos del Paisen buletinaren urteko laugarren zenbakia ikusten egon nintzen. Euskal Herria helburua duen aldizkaria da. Harpidedunen zerrenda zekarkien eta haien herriak. Bogota, Buenos Aires, New Uork, Tokio… zeuden. Nola interesatzen diren gutaz munduko beste tokietan! Azpeitia zenbat aldiz azaltzen zen kuriositatea izan nuen. Hori da desilusioa. Sei aldiz baino ez ginen azaltzen: Udala, Loiola, soziedade bat, On Julian Elorza eta bi norbanako (dira harpidedun). Pobrea! Hori pena! Hori da kezka txikia! Inori ez enbarazu egiteagatik ez dugu gehiago segituko, nahiz eta zer gustura segituko genukeen zenbait gauza esaten…".

Kirolaz. Sinadurarik gabekoak, 1958an: "Gazteak, ‘Deporte’ egin bear degu… Deporteak kristau kutsua du. Deporteak gizonago egiten gaitu. Gure eginbearra degu deportea, gaztediaren eginbearra, egun baten guraso jatorrak izan gaitezen".

Aita santuaz. Sinadurarik gabekoak, 1958an (itzulita): "Aita santu berria dugu. Azpeitia aita santuaren alde! Gora aita santua!".

Edanaz. Sinadurarik gabekoak, 1958an: "‘Encuesta’ bat egin degu, ia egun mutillen erantzunak eta iritziak artuaz. Edan bai, oso azko edaten da; batez ere igande goizeko eta illunabarreko ‘chiquiteo’ ori, bildurgarria da. Gero akeita (kafea) ere ‘modan’ dago eta zokor eta txola, garagardoa eta abar, batzuek pixtu, besteak txispatu, denok ederki gabiltz, zakelari pasara galantak emanaz. Bañan, zergatik hainbeste edan? Ez dakigulako bestela jostatzen, zurrutian baizik. Batzuek erantzuten dute, ba… neskatxangana joateko pixtu egin bear izaten dutela… ba, errexago itz egiten asmatzen dala ta…".

Frontoi Txikiz. Ikaslek, 1959an (itzulita). "Frontoi Txikiz. Dagoeneko ez da azpeitianoa hara gogoz joaten. Dagoeneko ez dira hiru txanda tradizionalak egiten. Zerk du errua? Akaso, kafea, kopa eta puruak, zinemak, futbolak edo lanak?".

Eskolaz eta lanaz. J-k, 1959an (itzulita). "Azpeitian eskolan neskak gehiago dira mutilak baino (Oinarrizko irakaskuntzan), %15 gehiago. Hor ikusten da arazoa: mutil asko eta asko gaztetan tailerrera joan beharrean izaten dira".

Soldadutzaz. J.L.k, 1960an (itzulita). "Soldadutzara joateko eguna iristen ari zaizue. Ez da ilusioz itxaroten den eguna, egia esan. Lehen bi egunetan panpinak gehiago emango duzue gizonak baino. Hirugarrenetik aurrera iritsiko da patxada, eta zuen beldur eta errezelo guztiak desagertu egingo direla ziurtatu dezaket. Baikorrak izan, soldadutzak asko erakusten du-eta".

Kulturaz. Aritzek, 1960an (itzulita). "Hasiko bagina aztertzen Azpeitian zer kultur maila dagoen, zuk, lagun, nolako nota izango dugula uste duzu? Nahiena oker banengo, eta baliteke hala izatea, baina nire iritzia da emaitza, zoritxarrez, nahikoa baxua izango litzatekeela. Argitu dezagun kultura ezin dela inteligentziarekin nahastu. Baina kultura, hain zuzen, inteligentziarako lanketa dela. Azpeitiko zein elkartek egiten ditu kultur ekitaldiak? Oargiaren ahalegina daukagu eta ezer gutxi gehiago".

Pasibitateaz. Ignacio Orbegozok, 1961ean (itzulita): "Olatz-ek esan du: ‘Batzarra suspenditu egin da, eta ondo egin dute. Azpeitiarrok gehien estimatzen dugun batzarra BAZKARIA da’. Bihotzean jar dezagun eskua eta erantzun diezaiogun galdera honi. Zer egin dut nik Azpeitiagatik? EZER EZ. Ez ditzagun eska liburutegiak gero ez leitzeko, edo hitzaldiak gero ez joateko. Laguntzeko prest egon gaitezen eta gure lana bukatzen denean, aukerarik badago, txuleta samurra jango dugu".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak