Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Otsaila »  Iritzia »  Adiorik ez, gero arte

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Adiorik ez, gero arte

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Mikel Aizbitarte, Xabier Aranburu eta Haizkurgi Uzin gazteek adio esango diote Uztarriako tarte honi. 2005eko ekainaz geroztik aritu dira gurean, zirikatzen batzuetan, adarra jotzen besteetan eta eztabaida pizten gehienetan.

Xabier. Aizak Mikel, jakin al daiteke noizko egin duan abokatuarekin hitzordua?
Mikel. Asteazkenean, arratsaldeko seietan gelditu gaituk kontratua gainbegiratzeko. Badakizue gure etorkizuna jokoan dagoela; beraz, itxura apainarakin eta garaiz azaldu beharko diagu bere bulegoan.
Xabier. Abokatua, San Sebastian bezperan balantzaka ikusi genuen tipoa duk, ezta?
Haizkurgi. Txori aurpegia zuen tipo zelebre hura?
Mikel. Horixe bakarrik falta genian, beletzar baten eskuetan egotea gure etorkizuna. Gure abokatua, tipo horren ondoan zagoan biboteduna duk. Ez zaitezte arduratu, oso erreferentzi onak ditik eta ziur nagok izugarrizko pagotxa lortuko dugula bere aholkuak jarraituz.
Xabier. El Diario Vasco-koekin noiz sinatu behar dugu kontratua? Andoniren komiki azidoen ondoan gure argazkia azaltzea izugarrizko ohorea izan duk niretzat, baina ez didazue ukatuko zirrararik ez duenik sortzen Azpeitian gehien saltzen den egunkari euskaltzale eta abertzale bateko editorialaren aldamenean gure idatzi xumea argitaratzeko zorian egoteak.
Haizkurgi. Orain garrantzitsuena kontratu on bat sinatzea duk. Ezin diagu kikildu, beraz, karamelo goxoa ahoan jarri digutenean. Uztarriako gure hileroko agerpenekin, herritarren babesa eta gorazarrea jaso diagu; aukera berri honekin gailurrera iritsiko gaituk.
Mikel. Nahiz eta gure intentzioa ez den inoiz inor mintzea izan, herriko errealitate gordina plazaratzearena baizik, ez ahaztu gure zenbait idatzik jendeari haserrea ere sortu diola.
Haizkurgi. Ondotxo dakik herriko gehienen artean sortu dugun mirespena ez dela nola- nahikoa izan. Urrutira joan gabe, sansebastianetan, margoen industrian erregea den Xabier Margoak-eko nagusia etorri zitzaidaan negar malkotan blai, Uztarriako gure lana ez uzteko erregutuz. Ez zakiat nola estaliko duten guk utzitako zuloa!
Mikel. Hala eta guztiz ere, beti egongo gaituk Uztarriarekin zorretan, El Diario Vasco-rako gure jauzia ahalbideratu duelako. Vocento talde ‘eraginkorreko’ partaide den egunkari horretan ariko gaituk aurrerantzean, egia eta adierazpen askatasuna lau haizeetara zabaltzen Euskal Autonomia Erkidego osoan zehar.
Xabier. Oso urduri eta sentibera nagok azken egunotan, El Diario Vasco-ko zutabegile berriak bihurtuko garen honekin. Nahiz eta lanean hasteko egun batzuk falta diren, zergatik ez dugu El Diario Vasco-k Donostian duen egoitzatik bueltatxo bat ematen, instalazio berriak ikusteko eta, bide batez, gure lankide berriak ezagutzeko?
Mikel. Guk lana etxetik egingo diagu eta ez gaituk inondik inora El Diario Vasco-ko egoitzatik pasatuko. Donostiako egoitza bisitatzeko hire grina horrek, aldamenean dagoen night cluba probatzeko aitzakia ez ote den beldur nauk. Entzuna diat kalitate oneko neskak egoten direla bertan, nahiz eta garesti samar aukeran. Pitti, Tronpetas eta Ollagorra elkarteko beste kideei galdetzen badiek, ederki emango ditek hango berri, bezero fidelak izaki.
Haizkurgi. Egia esan, ez hukek itxura izango orain Uztarria umezurtz utzi eta kolaboratzaile guztiek ihes egitea, baina baduk gutaz aparte beste bat El Diario Vasco-n idazteko adina maila duena.
Mikel. Zer esan nahi duk horrekin?
Haizkurgi. El Diario Vasco-k bertsolaritza eta ‘moda’ uztartzen dituen demaseko atal bat jarri nahi dik abian eta ezaugarri horiek betetzen dituen norbait etorri zaidak gogora: axolagabekeri handiz, De Juana presoaren egoera larria eta bidegabea aintzat hartu gabe egin zituen komentarioen arduraduna.
Mikel. Herriko errealitatea islatzen duten fikziozko egoerak maisuki uztartzean egon duk gure arrakastaren gakoa. Baduk jendea oraindik guk idatzitako guztia egia den amua irentsi duenik ere.
Xabier. Azkenean, gure idatzietan agertutako kontu pilaren artean egia dena eta egoera erreala islatzen duen gauza bakarra, gure agurra duk.
Haizkurgi, Mikel eta Xabier. Gure agurra txikikeria bat duk Kaferekin gertatu dena ikusi eta gero. Gezur handi baten ondoren, egoera erreal bezain gordin baten aurrean aurkitzea egokitu zaiok: euskal gazteriaren aurkako gupidagabeko jazarpen baten biktima, Herriaren alde lan egiteagatik espetxe zigorra jaso duen azpeitiarra. Gure agurreko azken hitzak harentzat izan bitez: eutsi gogor moteil, laster ikusiko diagu elkar!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak