Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Otsaila »  Iritzia »  Zifra hutsak?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Zifra hutsak

Olatz Prat

Nork esango luke 22 urterekin inor ezertarako zaharregia denik? Ba dirudienez eta, azken urteotan ikusi dugunaren arabera, Azpeitiko danborradan kantinera irteteko zaharregiak gara 22 urteko neskok. Aurten atera dira batzuk, baina, guztioi eman digu begira; ez itsusi zeudelako, ez gaizki ulertu, ederrenak beraiek izanik ere bakarrak izan direlako. 15 urteko neskak gazteegiak dira soldaduen prostitutak irudikatzeko.

Lehen paragrafo hori idatzi eta begirada bat eman diodanean, zenbakiak izan dira ikusi ditudan lehenengo gauza. Interneten saltseatzen hasi naiz. Azken notiziak hartu eta horietan agertzen diren zifrei erreparatzen. Minutu batzuen ondoren konturatu naiz zein erraza den matematikak pertsonei aplikatzea, gizakia zenbaki huts bihurtzea. Baina atentzio gehien ematen didana zenbakien erlatibotasuna da, tokiaren, garaiaren edo egoeraren arabera hartzen duten zentzu erlatiboa.

INDARKERIA ETA HILDAKOAK. "Masa gizartearen estatistikek gertaeren sakontasuna deusestatzen dute". Horixe irakurri berri dut sareko blog batean.

Dorre Bikien atentatuan 3.000 pertsona hil ziren gutxi gorabehera. Horri ordainetan, Iraken izan diren biktima kopurua kontabilizatu ezin daitekeen puntu batera iritsi da, 50.000? 100.000? 600.000? Madrilgo atentatuetan 200; Iraken, egunean, 100 (dakizkigunak). Madrilgoak Estatuko historian kapitulu berri bati hasiera eman zion; zein gogoratzen da, aldiz, Iraken egun beltz hartan hil zirenez eta haietako bakoitzaren familiez?

ERAILDAKO EMAKUMEAK. Estatuan, urteko 60 emakume hiltzen dira batez beste bikotekideen eskuetan. Horietatik %98k salaketa jarria zuten hil aurretik. 2006an 68 gizonek euren emazte eta bikotekidea akabatu zuten eta horietatik 17k bere buruaz beste egin zuen ondoren. Aitonari kontra egin beharko diot oraingoan; hark zioen "el orden de los factores no altera el producto". Baina ederki aldatuko litzateke kontua emaztea hil aurretik bera suizidatuko balitz.

Pfizer, munduko talde farmazeutiko handienak, 10.000 lagun —langilegoaren %10— kaleratuko dituela esan du, kostuak gutxitu eta botika generikoen konpetentziak eragindako galerei aurre egiteko. Neurri horrekin urtean aurreztutako 2.000 milioi dolar ikerketara bideratuko omen ditu. Ja! Eta gero zer egingo dute, ikerlariak kontratatu? Bai zera!

DIRU KONTUAK. Zifrekin eta zenbakiekin fribolizatzeak bere arriskua dakar ordea. Gogoratzen Esperanza Aguirrek, Madrilgo erkidegoko presidenteak, hilaren bukaerara heltzen ez zela esan zuenean? Momentuan pentsatu nuen, "lotsarik ez!"; baina, zifren kontu honekin, zifraren bila joan naiz.

Emakumeak urtean 100.742,91 euro irabazten ditu; hau da, 8.395,24 euro hilean (pezetatan 16.762.209 urtean, 1.396.850 hilean). Madrilen bizitzea garestia izango da, ados. Baina diru horrekin ordain daiteke 4 pertsonako 5 familien janaria eta alokairua (ez Moralejan, noski). Gabon jaietan errepideetan hildakoen %40k ez zeramaten segurtasun uhalik. Lehengo urtean motorrean hildakoen %40k ez zeramaten kaskorik. Kasualitatez, ukolondoa babesteko kaskoa besotik zintzilik zeramatenen kopuru bera da.

ZIFREN ERAGINA. Okerrena ez da estatistikek esaten digutena. Okerrena da zifra horietako bakar batekin ere ez diogula albistegiak ikustean edo egunkariak irakurtzean jateari uzten. Zifrekin zerikusia duten gertaera asko anekdota moduan kontatzen ditugu, baina oso gutxitan gara horien garrantziaz eta tamainaz jakitun. Nik ez dakit kalkulatzen zenbat diren 200 hildako. Ez dakit hori irudikatzen, mila aldiz irudiak ikusi baditut ere.

Irakurri dut, gaur egun bizi den pertsona bakoitzeko beste 30 bizi eta hil direla aurretik. Gaur egun 6.000 milioi biztanle baditu munduak; beraz, existitu diren gizakien kopurua 180.000 milioikoa da. Hori kontuan izanda, zer dira bada 200 hildako? Zer gara bada zenbaki hutsal eta ziztrin bat besterik?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak