|
|
|
Enbido
Azpeitiko naparra
Koldo Aldadur
Behin saiatuko politikaren eremu lokaztura pasatzen eta txarrantxak barrabilak odoleztatu dizkidanez, itzul nadin, inoren esnetxarra mindu aurretik, esker txarreko politika utzita, gauza serioetara.
Azpeitia osoan gastu gutxien eta etekin gehien sortu duen lau metro kuadrotan nengoen: kiroldegiko saunan.
Epelera, Nafarroako odola zainetan borborka duen azpeitiarra hurbildu zait (hori nahasketa totala da; nafar askok duen ausardia eta kemena, eta azpeitiar askok duen harrokeria puntua). Eta biok han, biluzik eta, ondorioz, berriketarako prest. Hasi da kontu kontari.
Nafarra Moskun. "Lehendabizi hegazkin bat hartu behar izan nuen Moskura eta han beste bat Pai-khov aldera. Behin Siberiako lurretan, helikopteroak eraman ninduen soldadu errusiarrek zeukaten kanpamendura. Zortzi-hamarren bat txabola erdi izoztutako ibai baten ondoan. Guztira, bi dozena gizagaixo inoiz ezer gertatu ez den puntu estrategikoa zaintzen. Haiei, auskalo zer agindu ematen, bibote tentea zuen sasoiko kapitaina. Gainerakoan, elurra eta izotza, aparteko besterik ez.
Helikoptero gidariak, berak asmatutako ingeleran, handik astebetera itzuliko zela esan ondoren, han nengoen ni, soldadu errusiarren artean egunak oparitzen zituen ordu guztietan ibaian arrantzarako prest. Gustura izokinen erreinuan. Astebete inorekin haserretu gabe, ezer ulertzen ez zidatelako eta ulertzen ez nielako. Denborapasa bakarra, une batetik bestera eroriko zela zirudien sauna. Bertako kirol nazionala.
BOTERE ERAKUSKETA. Egun motzak eta gau luzeak pasatu dira arrantzaren bakean, eta iritsi da alde egin beharreko bezpera. Han nork agintzen zuen garbi uztera hurbildu zait kapitain dotore hura, eskuetan pare bat botila vodka eta basoak zituela. Mahai triste hartan biok, jo tragoa eta jo tragoa. Azkenerako ez nekien mozkortuta edo, besterik gabe, itota hilko nintzen. Bera, harro hasieran, bigarren basoerdirako jokoa uzteko aitzakiatan hasiko nintzelakoan. Baina ni odolez nafarra naiz, eta begiradari, eta hurrengo tragoari, heltzeko prest nintzen. Zirrikitotik soldaduak kapitain harroari-eta hitz egiten ez, baina gogotik edaten zuen atzerritarrari begira.
Tximinia, mahaia, basoak eta gainerakoak bueltaka hastear zirela jaiki da Errusiako Armadako kapitain menderaezina eta keinuz adierazi dit atzetik jarraitzeko. Balantzaka, balantzaka, sartu gara ditxosozko saunara eta erronkaren bigarren zatiari ekin diogu. Hura beroa! Hura egonezina! Infernurako entrenamendua ematen zuen. Isilik, elkarri begira, nork gehiago iraungo han barruan bizirik. Atea bertan baina berak irteteko keinurik ez, eta ni gustura nengoen plantak egiten, azazkalek hatzetan lehertu behar zutela iruditzen zitzaidan arren. Hamar minutu, ordu laurdena, izerdian vodka kiratsa... Hori da herioa!
HIRUGARREN PROBA. Eta kapitaina, nola edo hala, lurrun artean mugitzen ari zela ikustean, sinistu ezinda. Berriro atzetik jarraitzeko esan zidan, inoiz baino harroago, hirugarren proba beteko ez nuelakoan. Saunatik irten eta biok larru hutsik korrika batean, Siberiako puntan, mozkortuta eta izerditan, erdi izoztutako ibaira salto egiteko prest. Kapitainak uste ez bazuen ere, ni barrura.
Uretatik irten nuenean, ulertuko ez zidala jakin arren, ba al dakizu zer esan nion harro zahar hari? 'Ez iezaiozu inoiz esan ‘balorerik ez daukak’ mozkortutako nafar bati!'.
Hurrengo egunean helikopteroak kanpamendua utzi zuenean soldaduek irribarre txikiarekin agurtu gintuzten. Kapitainaren arrastorik ez...".
Nafarraren odol beroa eta azpeitiar askoren harrokeria puntua. Alferrik etorriko da armada gorria bere koro eta guzti, ez gaituzte mendean hartuko eta!
|