Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urtarrila »  Itzaleko maisuak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Itzaleko maisuak

Maider Zendoia

Martin Alegria eta Jexux Arrizabalaga, biak izan dira, besteak beste, euskara irakasle Donostian. Bigarrenak horretan dihardu oraindik

Itzaleko maisuak
Itzaleko maisuak.    (Ihintza Agirretxe)

Begi-bistakoa da Azpeitia herri euskalduna dela, baina ageriko paisaiaren azpian, errealitate anitza ezkutatzen da. Izan ere, euskararen erabilera ez da bera herritar guztien artean eta, ondorioz, euskara errotzeko lanean aritu denik ere bada gurean. Esaterako, Jexux Arrizabalaga eta Martin Alegria. Adibidez, biek irakasle lanak egin dituzte Donostian.

Gaur egun Donostian bizi bada ere, Arrizabalagak Azpeitiarekin harreman estua izaten jarraitzen du. Gipuzkoako hiriburuko Amara auzoan Urrats euskaltegiko irakaslea da, baina lehenagoak dira Arrizabalagak euskalgintzan emandako lehendabiziko urratsak. “1970 aldera hasi nintzen euskara irakasten herriko etxeetan, Koldo Mitxelenaren Euskalduntzen metodologia erabilita”, dio Arrizabalagak. Urte haietan, bigarren korronte migratzailea bizi zuen Euskal Herriak eta, beste hainbat beharren artean, talka linguistikoa geratu zen agerian. “Enpresetan langileak batzordeetan-eta antolatzen hasi ziren eta antolakuntza horretan sartzen zen etorkinak euskalduntzea; horren barruan kokatu behar dira hasiera haiek”.

Irakasle azpeitiarrak adierazitakoaren arabera, garai hartan, klaseak emateaz gain, familiako okindegiko ogiak baserrietara eramateko abagunea aprobetxatzen zuen Zeruko Argia aldizkarirako harpidetzak egiteko. Argitalpen horri atxikitako oroitzapen gehiago ere baditu Arrizabalagak; izan ere, 18 urterekin, Azpeitian Oargiko presidente zela, Euskaltzaleak izeneko taldea sortu zuen aldizkari hartan artikuluak idazteko.

Martin Alegria, berriz, azkeneko urteetan eskutitz eta sobre artean ibili bada ere postari lanetan, hark euskararen inguruko hainbat ekimenetan jardun izan du. Beraz, postaria lanbidez eta euskaltzalea bokazioz. Alegriak gogoan ditu gaztea zela Nuarben euskararen inguruan izandako lehen bizipenak. Inaxio Mari Olarte, Ambrosio Goenaga eta Frantsesa-ren inguruan gogoratzen ditu garai haiek, etxeko sukaldearen goxoan erditutako ideiei forma emanez.

Trebatzeko klaseak. “Zentenarioko eraikinean hasi ginen euskaraz trebatzen, Olarterekin lehendabizi eta Beasaindik etortzen zen Jonekin gero”, dio Alegriak. Ondoren, Nuarben eta Betharramdarretan hasi zen eskolak ematen. Gramatika gehiegi menderatu ez eta Xabier Kintanaren Euskara, hire laguna! metodologia zuela bidelagun aitortzen du. Ez ziren garai errazak; “hamar ordu lan egin ondoren, abarkak jantzi, afari pasada egin eta bizikletan joaten ginen klasera”. “Makina bat ilargi hartu genuen guk, alajaina!” esanda laburbiltzen ditu orduko pasadizoak.

Gertaera bitxiak ere baditu kontatzeko Alegriak, behin Donostian Gros auzoko ile-apaindegi batera joan eta euskara irakasteko eskatu ziotelako. Bestalde, Nuarbeko festetako egitaraua idazteko orduan ere tirabirak izana da, auzotar elebakarren ahotik “euskara ez dik inork ulertzen, euskararekin ez hoa inora!” sarritan entzun behar izan baitzuen. Gaur egungo egoera soziolinguistikoa “bestelakoa” dela uste du Alegriak.

Azpeitiko hizkera. Azpeitian hitz egiten den euskararen inguruan ere mintzatu da Jexux Arrizabalaga. “Jendarte urbanoko herri moderno eta handia izanik Azpeitia, erabat euskalduna dela da garrantzitsuena, eta hori asko baloratzen du euskaltzalea denak”. Azpeitiko euskara batzutan zakarra eta lotsagabea izan daitekeela ere onartzen du baina, bere ustez, “hori ez da garrantzitsua, eguneroko bizitzan euskara erabiltzea da inportanteena, eta hori, azken batean, Azpeitian gertatzen da”.

Gaur egun Donostian dihardu irakaskuntzan Arrizabalagak. Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Floren Aoiz idazlea eta politikari ohia ikasle izanak ditu, eta beste politikari ezagun ugari ere pasatu da euskaltegitik. Politikariek hizkuntzarekiko azaldutako jarrera ez du orokorrean atsegin, “ardura gutxi eta formaltasun eskasa dutelako euskararekiko”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak