Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urtarrila »  Antxieta Etxea irekitzear

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Antxieta Etxea irekitzear

Ihintza Agirretxe

Adimen urritasuna dutenentzat eguneko zentroa eta etxebizitza tutelatuak jarriko dituzte martxan

 

Urtarrilaren 15ean irekiko dute berriro Antxieta Etxea. Oraingoan, adimen urritasuna dutenen bizileku izateko irekiko dituzte ateak. Bertan, eguneko zentroa eta lau etxebizitza tutelatu izango dira urtarriletik aurrera.

Jose Luis Basoko Atzegiko zuzendariak Uztarriari esan dionez, urtarrilaren 15ean inauguratuko dute, “eta aste horretan hasiko da martxan zentroa eta orduan jarriko da jendea etxeetan bizitzen”. Hasieran, martxa hartu bitartean, 5-6 lagun jarriko dira bizitzen, baina laster 16 lagun jarriko dira. “Solairu bakoitzean lau lagun biziko dira. Lau solairu daude eta, beraz, 16rentzat tokia izango da”. Eguneko zentroan ere jende gutxiago hasiko da, baina martxa hartzen duenean 18 lagunentzat izango du lekua.

“Antxietara bizitzera azpeitiarrak joango dira. Beti saiatzen gara bertakoek edo ingurukoek lehentasuna izaten”, dio Basokok. Etxe tutelatuetan zein jarri bizitzen Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitzen du, baina betiere herriko Gizarte Zerbitzuen eta Atzegiren laguntzarekin. “Normalean, behar handiena dutenak sartzen dira bizitzera: gurasorik ez dutenak edo familian arazoak dituztenak”.

Oso leku ona. Basokok dio Antxieta Etxea oso egokia dela horrelako proiektu batentzako. “Herri erdi-erdian dago eta hori oso ona da, bertan biziko direnentzat oso garrantzitsua izango baita herrian bertan bizitzea eta sentitzea”.

Atzegikoek badakite Antxieta Etxeak pisu historiko handia duela eta, horregatik, egokitze lanak egitean kontu handiz ibili dira. “Etxea oso berezia da, eta gu ahal den ondoen zaintzen saiatu gara. Igogailua-eta jarri ditugu, bertan biziko direnak erraztasunak izan ditzaten mugitzeko, baina oinarrizko ezer ez dugu ukitu”.

Gipuzkoan beste 21 etxe tutelatu daude, eta Atzegikoek badakite zenbat kostatzen den horrelako etxe bat martxan jartzea. “Badakigu zer lan egin behar dugun, baina Azpeitiko esperientzia ezberdina eta polita izango da”, azaldu du Atzegiko zuzendariak.3

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak