|
|
|
Zergatik doaz lantokiak herritik?
Ihintza Agirretxe
Sammic eta Zubiola enpresa garrantzitsuek ez dute Azpeitian pabilioi berria egiteko lurrik aurkitu, eta Azkoitira joatea erabaki dute. Galdezka aritu da Uztarria
2007an herriko bi enpresek alde egingo dute herritik. Ez urrutira, Azkoitira, baina Azpeititik kanpora. Hain zuzen, urte hasieran Zubiola joango da, Juin-Txiki industriagunera. Eta urte erdi aldera, udaran, Sammic joango da, Basarteko industriagunera. Biek arrazoi bera dute: Azpeitian lur falta.
Azpeitiko Udalera jo izan dute pabilioia edo lurra topatzeko, Larreko lur jabeekin jarri izan dira harremanetan, baina ezinezkoa izan da.
SAMMIC
Xabier Goenaga (kudeatzailea)
"Lanerako instalazio hobeak behar genituen"
“Lanerako instalazio hobeak behar genituela-eta, orain dela 5 bat urte hasi ginen lur bila eta 2004an hartu genuen Azkoitian Basarte industrialdeko lurrak erosi eta bertan lantoki berria eraikitzeko erabakia. Iazko uztailean hasi genituen pabilioi berria egiteko lanak eta aurten abuztuan lantoki berrira joateko asmoa dugu. Erabakia ez zen Azkotira, Zestoara edo Itziarrera joatea, baizik eta gure baldintzak
beteko dituen lur saila gaurko gure lantokitik ahal den gertuen aurkitu nahi genuen. Azpeitian ere ibili ginen lur bila, baina ez genuen topatu. Jakina, Udalarekin harremanetan jarri ginen. Bilera asko izan genituen eta aukera bat baino gehiago aztertu genituen elkarrekin. Baina batzuetan neurriengatik, besteetan salneurria edota epeengatik, ez genuen gustukorik topatu. Gaur egungo pabilioiak zaharrak, desegokiak eta txikiak ditugu eta, horretaz gain, lantokia errepidearen bi aldeetan banatuta dugu, horrek dakartzan arrisku eta zailtasunekin. Azkoitira joatean, lehen ditugun gabezi horiek gainditzeaz gain, produkzio lanak arindu eta egokitzeko asmoa dugu. Gainera, biltegiak handitu eta mekanizatzeak proiektu berrietarako aukera hobeak emango dizkigu”.
ZUBIOLA
“Lurrik ez dago Azpeitian, aurreikuspen akatsengatik”
“Zubiola kooperatibak bere estrategiak eta bere helburuak ditu, eta horiek aurrera eraman behar ditu. Helburuak lortzeko, Gerratxikiko industriaguneko pabilioian ezin genuen moldatu eta lekuz aldatzeko erabakia hartu genuen. Leku berriaren bila hasi ginenean, Udalarekin harremanetan jarri ginen, nola ez, eta jarrera ona azaldu ziguten. Bilerak ere egin ditugu Udalekoekin eta laguntzeko prest zeuden, baina industria lurrik ez dago herrian eta nola lagundu behar ziguten? Larrekoekin harremanak izan ditugu, baina ezin zen ezer egin, Larrineko proiektua ere azaldu ziguten, baina hori hemendik 5 urte ingurura arte ez da erabilgarria izango, eta guk aurrera egin behar genuen. Guk orain behar genuen beste leku bat eta Azkoitian topatu dugu, Juin-Txiki industriagunean (Eroski atzean), eta hara joan gara urte hasieran. Hau dena ez da oraingo kontua. Izan ere, orain 8-10 urte Azpeitiko aurreikuspena egin zutenen akatsaren ondorioa da gaur lur industrialekin gertatzen ari dena. Herrian lurrak falta dira eta lur bila kanpora joan behar izan dugu”.
AZPEITIKO UDALA
Jose Luis Mangas (Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo batzordeburua)
“Etorkizunerako pauso sendoak ematen ari gara”
“Sammic eta Zubiola etorri ziren Udalera, pabilioi berriak egiteko lur industrialak behar zituztela zioten, baina Azpeitian ez dago industria lur publikorik prestatuta. Larreko lurrak daude, baina lur horiek pribatuak dira, ez dira Udalarenak. Sammic eta Zubiola saiatu ziren Larreko jabearekin akordio batera iristen, baina ez zen akordiorik lortu. Udalak egin du bi enpresak herrian gelditzeko ahalegina, baina ezin izan dugu, baina biak presa handiarekin etorri ziren. Larrinen eta Larren asmoak badaude, baina bere denbora behar dute. Biei esan genien Larrinen egongo direla lur industrialak, baina bakoitzak enpresako estrategiak eta beharrak ditu eta enpresek normalean euren helburuei heltzen diete inoren zain egon gabe. Etorkizunerako pauso sendoak ematen ari gara, milaka metro lur industrial egongo direlako Azpeitian enpresak eraikitzeko, eta hori da garrantzitsua. Gainera, jendea alde egiten duenarekin gelditzen da, baina enpresak etorri ere egin dira. Enpresen mundua horrelakoa da”.
|