|
|
|
Hau
Bertsotan
Aitor Aranguren
Herrian eragina izango duten bi gai nituen buruan bira eta bira: arau ordezkatzaileen prozesuan eta hondakinen arloan alderdi politikoek duten jarrera. Baina arnasa hartu eta berriro akuiluari kortxoa ipini nion puntan. Igande goizean ekingo nion idaztearen torturari gai leunago batekin. Eta halaxe, Berria jaso nuenean, lehenengo orrian Xabier Paya Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapelduna azaltzen zen. Alkandora azpian zuen kamisetak atentzioa eman zidan, denok ezagutzen dugun euskal preso baten argazkia zuelako, eta nabaritzen zen argazkia nahita zegoela aterata baina tira, kasu handiagorik ez nion egin.
Txapelketaren berri ematen zuten orrietara heldu nintzenean, ordea, are gehiago harritu nintzen bertsolari guztiek kamiseta berbera zutela ikusi nuenean eta aho bete hortz egunkaria itxi nuen. Bazkaltzen ari ginela, berriz, Xabier Paya telebistan ikusi nuen amari eskaini zion azken agurreko bertsoa botatzen. Erdaraz bukatu zuela baino ez dut gogoratzen. Zer-nolako bertsoa bota zuen arrastorik ez. Txundituta nengoen.
Bai, egia da, aukera pertsonala da eta denetarik ikusita gaude, behin errege bat ere bai maindire batekin. Baina bertsolaritzan bereziki gertatzen dena, kultur adierazpen edo aurkezpen publiko bakoitzean denek, kolore batekoek eta bestekoek, berdin eginez gero, zein penagarria, ezta? Futbol jokalariak, politikariak, liburu baten azalean, mila lekutan... agian, normala izango da eta ni izango naiz beste mundu batekoa.
Onartu beharra daukat, ez naiz oso bertsozalea baina atsegin dut eta errespetu handia diot euskal kulturan errotuta dagoen trebetasun horri. Eta honek ez dio laguntzen bertsolaritzari, ez dio onik egiten. Hurrengoan euskaldun batek gogo gutxiagorekin jarraituko du bertsolaritza. Baina tira, bat galtzeagatik ez da ezer gertatzen.
|