Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urtarrila »  Iritzia »  Lan eskaintza publikoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Lan eskaintza publikoa

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

**Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin oraingoan herrirako Olentzero egokiaren bila ibili dira, eta herritar egokia ere topatu omen dute lan horretarako. Olentzero funtzionaria izateko plana ere egin dute.**

Mikel.Ikusi al duzue gabonetan Olentzeroren kalejira? Oilo-ipurdia jarri zaidak horrenbeste jende, geurea den ohitura bati jarraiki, pozez eta algaraz saltoka eta brinkoka ikusi ditudanean.Gabon zoriontsu eta euskaldun baten isla zuan! Xabier. Zenbat Olentzero zebilen kalean? Urtero, laupabost aritzen dituk ordu berean hara eta ona; azkenean, umeengan ilusioa sortu beharrean, nahaste-borraste itzela eraginez. Mikel. Oker habil, pagano halakoa! Urteak kostatuta izan bada ere, herriak Olentzeroren gabon kalejira bateratua egitea ahalbideratu dik. Ikastetxe guztiek parte hartu ditek bertan eta ni ikaragarri poztu nauk. Errege handi usteen itzalpetik atera eta merezi duen gorazarrea jaso dik gure tripontziak. Xabier. Bazuan ordua Olentzero bakar baten aldeko apustua egiteko, moteil! Hala eta guztiz ere, ez zuan erraza izango jendaurrean itxura duina agertuko zuen norbait topatzea. Izan ere, aurreko urteetan, Olentzeroren pertsonaia antzeztu zuten guztiek sinesgarritasun handirik ez zitean erakutsi. Gaur egungo umeak ez dituk inozoak eta ez duk erraza, beraz, kotoiz betetako tripa zaku baldar bat daraman gizaseme bat Olentzerotzat hartzea. Haizkurgi. Ados nagok hirekin. Herriko umeek hori baino errespetu handiagoa merezi ditek! Ni ere Olentzeroren kalejira bateratu baten alde nagok, baina sinesgarritasun minimo batzuk beteta. Ildo horri jarraiki, herrian bolo-bolo dabilen proposamen batekin natorkizue. Duela egun batzuk, Kalero-k eta bere laguntxo berriek, Olentzero azpeitiar eta funtzionari baten aldeko erronka plazaratu zitean. Xabier. Olentzero funtzionari bat? Horixe bakarrik falta genian, azpeitiarron kontura Olentzero bezalako pertsonaia kuttunarena egingo duen parasito sozial bat manten-tzea. Haizkurgi. Bota behar dudan proposamena entzun aurretik ez hadi bekozkotu. Herrian nahi eta nahiezkoa duk Olentzerori bizia emango dion pertsonaia, bakarra eta sinesgarria izatea. Ondotxo dakizue ez dela erraza izaten pertsona egokienarekin topo egitea lan hori musutruk izaten denean. Zergatik ez da sortzen funtzionari lan postu bat, pertsona baten betebehar bakarra Olentzero izatea izanik? Xabier. Non sinatu behar da kolpe zorrik jo gabe jauntxoen pare bizitzeko? Haizkurgi. Kalero-ren planaren arabera, funtzionari horrek urte osoko prestakuntza berezi bat jaso beharko likek, gabonetan, ume guztien benetako ‘errege’ bilakatzeko. Olentzerok, Xoxote aldeko borda zahar bat izango dik bizilekutzat. Haren betebehar nagusia dieta zorrotza jarraitzea izango duk. Dieta, Bordatxoneko menu koipetsuan oinarrituta egongo duk: olioz bustitako solomo, urdai eta odolkiak. Barazkiak eta fruituak guztiz debekatuta edukiko ditik. Astero bi udaltzaingo joango zaizkiok janaria ematera eta, bide batez, Olentzeroren pisuaren eboluzioaren informea egin beharko ditek. Mikel. Alkohola ere debekatuta izango al likek Olentzerok? Haizkurgi. Ez, moteil, lanposturako hautagai izateko, nahi eta nahiezkoa izango duk botila ardoaren laguna dela frogatzea. Behin Olentzero lanean ari dela, udaltzaingoek sarritan egingo ziotek alkoholemia froga, ziurtatzeko, gabonak iristean eta herrira jaitsi beharra izaten duenean, neguko hotzak ez dituela bere masailak zurbilduko. Mikel. Olentzeroren betebeharrak jatera eta edatera mugatuko al dira? Haizkurgi. Bizarra ezingo dik moztu urte osoan, eta bere garbiketa Azketako iturrian egin dezakeenera mugatuko duk. Bestalde, Olentzerok bere neurrira eginiko prestakuntza teknikoa izango dik. Oilagorra elkarteko kideek, txondorrean nahi adina ikatz egiteko eta danbolinean gaztaina ‘kiskaliak’ prestatzeko ikastaro bereziak bideratuko ditiztek. Asto gainean eroso joateko klase didaktikorik ere ez duk faltako. Mikel. Hik kontatu berri duan proposamenaren baldintzak beteko dituen hautagai bakarra ezagutzen diat nik Azpeitian: Panpi. Jatuna, zurruteroa eta pelutxezko hartz bat bezain maitagarria. Gainera, gaztea izanik, urte askorako Olentzero izango genikek Azpeitian. Xabier. Proposamen ero hori aurrera aterako balitz, beste lan bat egitera behartuko nikek gure potoloa; gabonetan herrian kalejira egiten duen bitartean, balkoietatik zintzilik dauden Noel Aitaren irudi atzerritar eta zentzugabeak kentzea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak