Libre
Voyeur?
Jon Larrañaga
Oraingoan ere erregeek kale egin didate. Gauza bakarra eskatu diet eta aurten ere garbi-garbi utzitako zapata hutsik agertu zait (beno hutsik ez, ezin ahaztu urteroko galtzontzilo eta galtzetin festa). Egia esan behar badut, eskatu dudana ere zail samarra zen ekartzeko, baina badakizue zer dioten, saiatzen denak bakarrik lortzen omen ditu gauzak...
Esango duzue, “baina hau zertaz ari da, zer eskatu du ba honek?”. Hipoteka gainetik kentzea? Lanik egin gabe hilero soldata jasotzea? Munduko gosearekin bukatzea? Euskaldunontzat hain desiratua baina era berean esanahi eta helburu ezberdina duen bakea lortzea?... Ez, hori dena baino sinpleagoa eta era berean zailagoa da aurtengo nire eskaera. Nire ilusioa, betidanik ikusezina bihurtzea izan da...
Ikusezin bihurtu eta jendearen nondik norakoak jakiteko aukera izan, euren bizimodua, penak, pozak ezagutu... Bai, ‘kuxkuxero’ deituko didazue, baina hori baino gehiago da.
Ingurura begira. Inoiz probatu al duzue kafetegi bateko terrazan eseri eta pasatzen den jendeari begira jartzea? Lehenik begira, ondoren zuen buruari galdezka eta azkenerako ikaragarrizko pelikula sortzen duzu.
Jendearen istorioak asmatzea gustuko dut. Nondik datorren, nora doan, zer gertatu zaion, zer lan egiten duen... Inoiz egin ez baduzue, egunen batean probatu.
Era berean, gainera, norbere burua ezagutzen laguntzen du. Besteei asmatu eta jarri dizkiegun istorioen arabera, gure burutazioak eta aurreiritziak agerian uzten ditugu.
Bi adibide. Horren bi adibide aste honetan bertan gertatu zaizkit. Batek askatasun eta ideia aniztasunarekin du zerikusia, eta Donostiako Bulebarrean lagun baten zain nengoela gertatu zitzaidan.
Haur bat ikusi nuen kalean negarrez ama eta aitarekin. Aitarekin? Umeak kasu gutxi egiten ziola ikusi nuen eta ‘aita’ kargua kendu eta amaren senargaia izango zela pentsatu nuen (gaur egun guraso bakarreko familiak, banandutakoak, bi aita edo ama dituztenak... ikaragarrizko aukera ematen dute).
Ondoren, ordea, beste emakume bat agertu zen eta umea eta beste emakumea besarkatu zituen, baina gizona ukitu ere ez. Bale, harrapatu dut! Bi emakumeak bikote dira, haurra eurena da eta gizona senideren bat besterik ez da. Halako batean, ordea, gizonak haurra besoetan hartu eta bi emakumeei agur esan eta umearekin alde egin zuen Bulebarrean. Orduan hitzik gabe baina zer pentsa ez nekiela gelditu nintzen.
Beste adibide bat. Beste adibidea ilunagoa da, eta etorkinekin eta nire aurreiritziekin du zerikusia. Aste honetan ohartu naiz etorkinak ikusten ditudanean edo burura datozkidanean, istorio beltzak eta ezkorrak baino ez ditudala izaten. Pena ikaragarria edo beldur handia ematen didate, erdibidekorik ez dago.
Obsesio berezia dut, gainera, albaniar-kosovoarrekin. Zonalde horretakoak beti lapurretekin, bortxaketa edo militar arraroekin lotzen ditut (hemen horrelakoak ez baleude bezala) eta, jakina, nire burutazio eta istorioak bide horretatik doaz. Lotsagarria da, baina horrela da. Eta hemen komunikabideen indarra aipatu nahi dut. Horixe da gaur egun etorkinen inguruan telebistatik edo egunkarietatik jasotzen dugun irudia. Etorkinak beti biolentzia,
lapurreta eta hilketekin lotzen dituzte, eta
badirudi nire buruak ere hori berehala asimilatu duela.
Olentzerok ere ez dit ikusezin izatea ekarri
baina urteberrirako lana utzi dit: estereotipo eta burutazio ilunak alde batera uztea. Ea lortzen dudan…
Baina jarraitu egingo dut. Hori dena kontutan izanda ere gauza bat argi daukat: nire istorioak sortzen jarraituko dut. Jendearen inguruan amesten eta asmakizunak egiten jarraituko dut.
Izan ere, askotan ez al da politagoa eta samurragoa gure ametsak eta irudikapenak, bakoitzak sortzen duen errealitatean bizitzea, benetako errealitate askotan gordin eta ilunean baino?
|