Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urtarrila »  Iritzia »  Espazioa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Espazioa

Koldo Aldadur

Jorge Oteiza maisuak oparitu zigun Quosque Tandem-ak utzitako itzalak lagundurik, espazioaren bila nabil. Nire tokiaren bila. Bizi-espazioaz edo sinismen-espazioaz Uztarrian nire zalantzak eta itxaropenak azaltzeko inongo gogorik ez dudanez, politika-espazioaz aritu nahi nuke, zuen baimenarekin edo gabe. Bale, gabe.

Nazioarteko politikaren mugatan nire burua kokatu nahi badut, iruditzen zait trapuzko pilota motelarekin Izarraitz pilotalekuan ari naizela. Ramalan sartu omen dira israeldarrak, eta familia bereko lau haur eta gurasoak tiroka hil omen dituzte. Hiru milatik gora omen dira azken urtean hil dituzten zibilak herrialde horretan. Nazioarteko erakunde ponpoxoak zer? AEBetako judutarren lobby-ak duen kontrol ekonomikoak bultzatzen omen du Bushen gobernuaren betoa eta, beraz, gainontzeko herrialdeak eskuak lotuta omen dituzte. Omen gehiegi gauza onerako. Jo sakea eta pilota frontisean gelditzen zait lehen koadroa gainditu ezinik. Espazioak jan egiten nau, Silvioren sugeak bezala.

Herri honetan dugun afera nagusiari buruz pentsatzen jartzen banaiz, neure burua Betharramdarren pilotalekuan dakusat. Garai batean bezala, pilota Patxi Azkargortaren dendatik hartu dut. Zaharra da, ez Patxi, pilota baizik, eta bigarren koadrotik atzera ezin dut jarri. Bake prozesua. Denok gauza bera nahi eta elkar ulertu ezin. Pipa berriak bakearen pipa erretzeko? Eta goseak hil beharra askatasun gosea asetzeko? Hain zaila al da dagokionari galdetzea zer nahi duen? Dagokionari, itxuraz hor datza gakoak. Kalera ateratzen naizenean jendeari aurpegira begiratu eta iruditzen zait asko direla nire antzekoak. Edo ispiluz betetako gizartea bihurtzen ari da gurea, edo, pilotaleku hau, benetan handiegia da indarrez kaxkal dabilen herriarentzat. Espazioak ito egiten nau.

Azpeitiari buruz pentsatzen jartzen naizenetan, joko tokia atseginagoa zait. Zabalera irits naiteke eta pilota errebotean jar dezaket gogotsu astinduz gero. Txokoko jokaldietan, heldu edo ez, gertu nabil, eta ezker horma, kolpeen ondorioz, zartatuta dagoen arren, zabalean eskuin horma arrotzik ez dugu jokaldiak are eta gehiago nahasteko. Eskuin horma agian badago, baina ez dugu ikusi nahi. Enfin, jokatzeko modukoa dela esan dezagun.

Hurrengoa. Hurrengo neurketa maiatzetik aurrera antolatu digute. Puntuan aritzeko ez dago mugarik; hori bai, arauak errespetatu behar dira. Frontoi Txikira hurbiltzen den edonork izan dezala sakea egiteko edo errestoan aritzeko eskubidea, dejada botatzeko edo errebotetik, ahal badu, eramateko. Ez du balio gomazko pilotarekin jokatuko dela esateak, ez joskura aspaldi galdu zuenarekin. Ez du balio beti buelta eskatzea hala komeni bada, edo toreroarena egitea piedrerik izan dadin. Tantoa galtzen duenak kantxa utzi beharko du burua tente duela eta, partida bukatutakoan, sokatiran egiten den legez, gainontzekoei bostekoa eman beharko die. Hortik aparte dena libre. (Igonetxo, hau ez dut oso garbi) Balio du aurpegia estali gabe eramatea edo makilatuta azaltzea. Balio du arroparik gabe aritzea edo lagunari eskutik helduta jokatzea. Ez duena balio da zalantzaren bat baldin bada joko arauei dagokienean, kanpora deitzea zer egin erabakitzeko. Epailerik gabe, bertaratzen direnek soilik hartuko dituzte erabakiak. Han erabakitakoa onartu beharko dute denek, gustukoa izan edo ez. Irabazleen izenak Hitza-n azaldu beharrik ez. Galtzailerik gabe. Horrela gure espazioa sortuko dugu. Espazio txiki propioa, geurea.

Artikulua zuen etxeetara iristean pilotalekuak indartsu eusten badio hego haize harroari eta iparraldeko ekaitzak bare badirau, zita jarrita dago. Pilotalekua badugu, gogoa sobran. Jo.

Orioko maisuak formak baino gehiago hutsuneak maite zituen. Erraz ikusten denaren atzean beste errealitate bat dago. Garela ziur izateko espazioan kokatu beharra. Ea noiz konturatzen garen Ramala edo Bagdad, Lizarra edo Garazi, ez direla mugatzen gaituztenak, hutsunea zabaltzen diguten espazioa baizik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak