(*) ...eta euskalduna
Ihintza Agirretxe
Zerbitzu arloan langileak gero eta gehiago dira kanpokoak eta askok
ez dakite euskaraz. Tabernetan, dendetan... gaztelera erabiltzeak
aldatu egingo luke herrian hizkuntzaren paisaia
Euskararen normalizaziorako garrantzitsua eta beharrezkoa da bizitzako arlo guztietan euskaraz egiteko aukera izatea. Aldizkari honen gai nagusian zenbait zerbitzurako herriko jendea topatzea gero eta zailagoa dela aipatu da, eta euskaraz dakitenak topatzea ez da errazagoa. Euskaraz ez dakitenak zerbitzuetan lanean sartzeak asko aldatuko luke herrian euskararen egoera.
Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara taldekoek hori garbi dute. “Adibidez, zerbitzu arloan euskaraz ez egiteak, hizkuntza ereduak aldatuko lituzke, ez bakarrik ahozko harremanetan, baita hizkuntza paisaian ere (kartelak, menuak...”, diote taldekoek. Horien ustez, “etorkinak euskarara hurbiltzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.
Azpeitiko Udal Euskara Patronatuko teknikari Patxi Saezen ustez, euskaraz ez dakiten langileak tabernan zerbitzari hastea “atzerapausoa” izango litzateke. “Guk ikastaro batzuk ematen ditugu, ostalaritzan-eta prestakuntza txiki bat izan dezaten. Eta euskaraz esan beharrekoan oinarrizkoena zer den ere erakusten diegu”, dio Patxi Saezek.
Tabernan. Garoa tabernako nagusiak, Patxi Egañak, beti zerbitzari euskaldunak izan ditu: “Nik beti garbi izan dut euskaraz dakiten zerbitzariak izango ditudala”. Egañaren ustez, pizgarria izan beharko luke lana topatzeko aukerak. “Euskaltegietan kanpotarrei esan egin beharko liekete euskaraz jakinez gero, ostalaritzan izango dutela lana”
|