Laguntza ekonomikoa Orkatzi
Enekoitz Esnaola
Jazarpen judizialagatik, Orkatz Kultur Elkarteak herritarren diru ekarpena ere behar du eta Benito Lertxundiren kontzertua antolatu du abendurako
|
|
Benito Lertxundi Azpeitian, 1999ko martxoaren 26an, Uztarriak antolatutako kontzertuan. Orain abenduaren 23an ariko da, Izarraitz Pilotalekuan.
(Iñaki Uranga)
|
|
.2002ko udaberritik dago Orkatz Kultur Elkartea mehatxupean. Orduan, maiatzaren 2an, elkarteko kideak banketxera joan eta kontuak blokeatuta zeuzkatela ohartu ziren. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Batasunaren kontrako operazioaren baitan, agindua emana zuen: ‘herriko tabernen’ kontuak blokeatu
zituen, “ETAren egiturako parte izatea” leporatuta, eta elkarteak “enbargu prebentiboan” jarri. Aurten bertan, urriaren 25ean, Ertzaintza Orkatzera sartu zen ondasunen inbentarioa egitera.
Harrezkero, Orkatz Kultur Elkarteak ezin izan du normal funtzionatu. Auzibidean dagoenez, makina bat diru xahutu du abokatu eta prokuradoreetan. “Sei bat mila euro gastatu ditugu”, diote.
2002tik “segurantzirik eza” ere izan dute inbertsioak egiteko, egoitzan berritze lanak egiteko... Babesa eskatu dute eta laguntza ekonomikoa behar dutela diote.
Babesa, jaso dute, Azpeitiko parte zaharreko 82 establezimenduk “babes osoa” azaldu ziotelako urriko operazioaren ondoren. “Orkatz Kultur Elkartearen aurkako jazarpenak konponbidea oztopatu besterik ez du egiten. Euskal herritarron hitza errespetatzea beharrezkoa izango da gatazka gainditu eta bakea lortzeko”, zioten. Herriko kultur eragile batzuen babesa ere jaso du.
Laguntza ekonomikoa jasotzeko, berriz, Benito Lertxundi abeslariaren kontzertua antolatu dute. Abenduaren 23an izango da.
*1994-tik. Orkatz Kultur Elkartea 1994ko ekainean ireki zuten, Erdi kalean. Taberna funtzioa ez ezik, kultur funtzioa ere betetzen du: antzerkiak, bertso saioak, kontzertuak, ipuin kontaketak, erakusketak... antolatu izan ditu.
‘Herriko tabernen’ kontrako operazioekin, “mugimendu independentista oztopatzeko Espainiako Estatuak hartu duen erabakia politikoa da”, esan izan dute Orkatzekoek. “Euskal Herriaren kontrako erasoa da”.
Datuak
Eguna. Abenduaren 23a (zapatua da).
Ordua. 22:00.
Tokia. Izarraitz Pilotalekua.
Salneurria. 15 euro aurretik, 18 egunean bertan. Sarrerak gordetzeko: 943 15 00 06 eta orkatzek@hotmail.com
Salgai. Orkatz Kultur Elkartea, Zuhatz, Etxahun kioskoa, Igerilekua, Ametsa, Izaro eta Uztarria.
Uztarriakoa
.1998an sortu zuten Azpeitiko euskara eta kultur eragileek eta norbanakoek Uztarria Kultur Koordinakundea, eta hasieratik da bertako partaide Orkatz Kultur Elkartea.
|