|
|
|
Langile bat behar da (*)
Ihintza Agirretxe
Arlo batzuetan gero eta zailagoa izaten da
bertako langileak topatzea; hori gertatzen zaie tabernariei, udaltzainei... Zergatik ote?
|
|
(Ihintza Agirretxe)
|
|
|
|
Patxi Egańa.
|
|
|
|
(Ihintza Agirretxe)
|
|
|
|
Antton Sasieta.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Zerbitzari lanetan, eraikuntzan, sukaldean, udaltzain, zaintzan, etxeko lanetan... badira lanbide batzuk herrian ia inork egin nahi ez dituenak; hori dirudi, behintzat. Azpeitian tabernetako eta eraikuntza enpresetako jabeek gero eta buruhauste gehiago izaten dituzte langileak topatzeko, herriko gazteek udaltzain izaterik ez dute nahi... Zergatik gertatzen da hori?
Gaur egun, herritarrek nahi ez dituzten zenbait lanpostu, etorkinek betetzen dituzte ostalaritzan eta eraikuntzan. Udaleko Gizartekintza Batzordera jendea joan ohi da lan bila. Lehen herriko jende gehiago joaten zen, baina aspaldian emakume etorkinak dira nagusi. “Normalean 25 eta 55 urte bitarteko emakumeak etortzen dira, gehienak atzerritarrak”, dio Edurne Zubia Gizartekintzako arduradun teknikoak.
Sail horretatik etxeko lanetara bideratzen dituzte gehienbat. “Lan horietan sartzea errazagoa dute etorkinek, hemengo jende askok ez duelako horrelako lanik egin nahi”, dio Zubiak. Haren ustez, “gizarteko baloreak aldatu egin dira”, eta horrek ere badu eragina kasu honetan. “Gaur egun ere lanari ematen zaio garrantzia, baina baita aisialdiari ere, eta denok nahi dugu edukitzea denbora librea”.
ELA eta LAB sindikatuetan egunero izaten dituzte ostalaritzan dabiltzanen edo ibili direnen kexak. “Hemengo jendeak, orain dauden baldintzetan, ez du ostalaritzan-eta lan egin nahi”, uste du Andone Arrieta LABeko eskualdeko zerbitzu, eraikuntza eta egurreko arduradunak.
Alaitz Martin ELAko eskualdeko arduradunaren hitzetan, “jendeak lan horiek ez ditu egin nahi, ordutegia txarra izan ohi delako, ordu askoan egin behar izaten delako lan, askotan kontraturik gabe”. Martinek esaten duenez, jendeak normalean “pasoko lan bezala izaten du ostalaritzakoa, ez du ikusten lan bat bezala”, eta hori sindikatuentzat ere ona ez dela dio, “borroka aurrera eramatea zailagoa delako”.
Azpeitia Lantzenen lan poltsa daukate, eta han izena eman nahi duenak sei okupazioren artean aukeratu behar izaten du. “Ia inork ez du aukeratzen ostalaritza okupazio bezala. Izan ere, gertatzen da jendea jadanik ez dagoela prest lan horretarako”, esan du Nekane Arrieta Azpeitia Lantzeneko langileak.
INEM-era. Lan bila dabiltzanek, Azpeitia Lantzen edo INEMera jo dezakete, besteak beste. “INEMen izena ematen duten asko ez dira lan bila ari —dio Maite Garcia eta Victoria Suarez INEMeko langileek—. Askotan, formakuntza jasotzeko edo abantailaren bat izateko ematen dute izena”. Normalean, jende gaztea joaten da izena ematera, 25 eta 44 urte arteko jendea. Lanbidea topatzen dutenen artean, gutxi dira ostalaritzan lan egin nahi dutenak. “Badago jendea ostalaritzan lan egin nahi duena, baina ez tabernetan-eta. Ikastetxeetako edo egoitzetako jangeletan ordutegia askoz hobea da, eta gauez ez dute lanik egin beharrik izaten”.
Suarezek dio INEMera lan zehatzen bila joaten dela jendea. “Ikasketengatik, aurretik izan dituzten esperientziengatik edo buruan duten helburu hori lortzeko prestakuntza jasotzen ari direlako etortzen da jendea. Hona datorren jendearen gehiengoak badaki zertan lan egin nahi duen eta zertan ez”.
Eraikuntzako kasua. Eraikuntzan, bestelakoa da arazoa. Jendea badago lan egiteko prest, nahiz eta gero eta gutxiago izan horiek ere. Eta, eraikuntzako lan gogorrenetan ere etorkinak gero eta gehiago dira. Baina, zer du ba eraikuntzak ezberdinetik? Dirua. “Eraikuntzan lanean hasi behar duenak, badaki bere lan orduak bederatzi edo hamar izango direla, baina lehenengo egunetik daki. Baina gero hiru mila euro sartuko ditu poltsikora”, dio Alaitz Martin ELAko kideak. “Hori bukatzea ezinezkoa da, langileak beraiek baitira kontrariorik handienak. Diru horrekin ohitu dira eta diru horrekin bizi dira”.
Eraikuntzan kexa gehiago izaten da segurtasun aldetik, handiagoa nahi dutelako. “Segurtasun ezagatik hemengo jendeak eragozpen asko jartzen dituenez lan batzuetarako, errazagoa da kanpoko jendea ekartzea. Kanpokoek, batez ere, dirua nahi dute”, dio Martinek.
Patxi Egańa: “Garai batean errazagoa zen tabernariak lortzea”
Patxi Egańak 26 urte daramatza ostalaritzan lanean. Azpeitian, Garoa taberna du, eta Elgoibarren, berriz, beste jatetxe bat. Egańak ez du dudarik ostalaritzan lan egiteko jendea topatzea gero eta zailagoa dela, “eta euskaraz dakiena topatzea, oraindik eta zailagoa da”.
Azkeneko aldiz orain gutxi ibili da zerbitzari baten bila, eta azkenean topatu du bat; euskalduna, jakin.
“Jendeak lan erraza dela uste du tabernakoa, baina barraren alde batetik bestera gauzak asko aldatzen dira”, dio. Jendea tabernara lan bila gero eta gutxiago joaten da “eta garai batean errazagoa zen tabernariak lortzea”.
Garoa goizean goiz irekitzen dute, eta gauean berandu itxi. Beraz, zerbitzari asko behar dituzte. “Tabernak lotura handia eskatzen du, baina tabernari lana gustatuz gero, orduak azkar pasatzen dira. Hemen jendearekin berriketan aritu behar da, eta kontu kontari azkar pasatzen dira lan orduak”. Gainera, Egańak esaten du barraren barruko aldetik gauza asko ikusten eta ikasten direla.
Jende gaztea joaten da normalean tabernara lan bila. “Denetatik izan dugu hemen. Batzuk ikasketak bukatu eta beste zerbait topatu bitartean lan egitera etorri dira. Beste batzuk, berriz, zerbitzari lanean hasi, gustatu eta badira beraiek gero negozioa jarri dutenak ere. Eta etortzen dira beste lanen bat egin eta aparteko dirua atera nahi izaten dutenak erer”.
Udara garaian, orduan bai, orduan joaten da jendea lan egiteko prest. “Lanean hasi eta pare bat aste behar izaten dira tabernako lanbidea ondo ikasteko, eta bi hilabeterako lana nahi izaten du jendeak”, dio. Oso larri ez badabiltza, Garoan lanerako pez dute udarako bakarrik inor hartzen.
Antton Sasieta: “Pertsona kualifikatuak topatzeko ditugu arazoak”
Azkeneko urteetan eraikuntzak gorakada handia izan du, eta gorakada horrek langile gehiagoren beharra ekarri du. Antton Sasieta Lazkano taldeko giza baliabideetako arduraduna da, eta ondo daki zer gertatzen ari den eraikuntzan.
“Normalean, egunkari bateko lanpostuen tartea begiratzen baduzu, erraz ikus daiteke obretako nagusiak, arkitektu teknikariak, obretako enkargatuak... eskatzen direla gehienbat orain”, dio. Eraikuntzan, peoiak-eta topatzen ez dute lan handirik izaten “Jende kualifikatua falta da, batik bat. Horiek topatzeko arazoa dugu”. Hori, azkeneko 10 urteotan eraikuntzak izandako gorakadak ekarri du.
“Obretako arduraduna, errepideetako arkitektua eta arkitektu teknikaria izateko ikasketak ez dira oso errazak eta ezin ditu edozeinek egin”, dio Sasietak. Ardura handiko lanak dira, obra bakoitza produkzio unitate bat delako. “Jendeak obrak kudeatzen jakin behar du.
Ez lan teknikoa egiten, baina gestio oso bat egiten jakin behar da”, Lazkano taldekoaren ustez. “Guk, peoiak-eta lortzeko garaian behintzat, ez dugu arazorik. Jende asko dago, eta une honetan etorkinen fenomeno honekin postuak erraz betetzen ditugu”, dio Sasietak. “Askotan esperientzia asko behar den postuak betetzea kostatzen zaigu guri. Obrako arduraduna izateko ez dira ikasketak behar, baina bai esperientzia handia. Beraz, dena ez da ikasketak izatea”.
Lazkano taldean lehentasuna herrikoei ematen dietela esaten du Sasietak. “Guk azkeneko urteotan hartu izan ditugu etorkinak, baina betiere herritarrei eman izan diegu lehentasuna”. Baina hemengo jendea askotan postu jakin baten bila joaten da eta ez omen da edozertarako prest izaten. “Hala, etorkinik ez balitz, arazo handiagoak izango geni-tuzke”.
“Guk ditugun atzerritarren artean peoi lanetan gutxi ari dira. Peoiak, gehienak bertakoak ditugu, beraien ibilbidean aurrera egin ez duten jendea da, batik bat. Batzuk oso ofizial onak dira, baina ez dute nahi izaten ardura handiagorik eta, beraz, ez dute gora egiten. Hau da, horiek nahiago dute ardurarik ez izan eta daukaten soldatarekin gelditzea”.
Enpresara sartzen den jende berriak, bere lan gaitasuna erakutsi behar izaten du aurrera egiteko. “Hasieran jendeak ez du lortuko ofizio onena, baina enpresan balio duela azaltzen badu, aurrera egingo du”.
Jose Angel Aristi: “Egia da herriko inor ez dela aurkezten udaltzain izateko”
Jose Angel Aristik 24 urte daramatza Azpeitian udaltzain, eta orain dela ia 10 urtetik udaltzainburua da. Lehen, ia denak azpeitiarrak ziren, baina “haiek erretiratzen joan dira eta berriak kanpotik etorri dira”, dio Aristik.
Hemezortzi udaltzain daude herrian, zazpi bertan bizi dira, eta beste bi azpeitiarrak dira, nahiz eta orain kanpoan bizi. Beraz, erdiak dira herrikoak edo herrian bizi direnak, eta beste erdiak kanpokoak.
“Egia da herriko inor ez dela aurkezten udaltzain izateko. Plazak ateratzen ditugu, jende asko aurkezten da, batzuetan 40tik gora aurkeztu izan dira, baina azpeitiarrik ez”. Udaltzain izateko plaza ateratzeko gaztea izan behar da; 18 eta 32 urte bitartean izan behar dira, baina jende gazteak ez du udaltzain izan nahi. “Guk uniformearekin egiten dugu lan, eta nik uste horrek ere jendearen mentalitatean eragina duela. Jendeari atzerakada ematen dio oraindik horrek”.
Baina dena ez da uniformeagatik. Legeak betearaztea eta aurpegia eman behar izateak ere badu eragina. “Askotan jendeari legeak eta udal ordenantzak betearazi behar dizkiozu, horrek askotan jendeari aurre egitea eta zeure lekuan egotea eskatzen du, eta jendea gero eta gutxiago inplikatzen da gauza horietan guztietan”. Gainera, aurre egin behar diozun hori gertukoa izatea toka daiteke, eta hori ez da erosoa udaltzainentzat. “Zuk askotan aurre zeure ingurukoei, zeure etxepekoei... egin behar izaten diezu, eta jendeak ez du nahi horrelako saltsetan sartzerik”, uste du Aristik.
“Jendeak astelehenetik ostiralera anonimoki lan egin nahi du eta aste bukaerak libre edukitzea. Ez dute eztabaidarik eta sestrarik nahi. Udaltzain taldeak, aldiz, urte osoan 24 orduz egiten du lan, aste bukaeratan, zubietan... Txandaka egiten ditugu. Saninazioetan, berriz, denak kalean egoten dira eta zu lanean, eta sansebastianetan eta karnabaletan gauza bera. Gabonetan ere txandakatuz egiten dugu lan”. Beraz, loturarik gabeko lanak bilatzen ditu jendeak.
Orain azpeitiar gutxi daude herriko udaltzain taldean, baina beti ez da horrela izan. Lehen udaltzain gehienak azpeitiarrak ziren, baina erretiratzen joan dira azpeitiar haiek, eta sartzen joan diren gazte gehienak kanpokoak dira. “Orain hiru lagun daude behin-behinean eta hiru plaza horiek aterako dira datorren urtean, baina 2007an udal hauteskundeak direla-eta atzeratu egingo dugu hori. Dena dela, postuak ateratzean, ikusiko dugu zein aurkezten den”, dio Aristi udaltzainburuak.
Munizipal plaza lortzeko azpeitiarra izan edo kanpokoa izan, oposaketak egin behar dira, baina berdintasunean, gertukoei ematen diete lehentasuna. “Parekotasunean gelditzen direnen artean, herrikoei edo gertuenekoei lehentasuna eman ohi zaie. Kanpokoak urrunago gelditzen dira, lana utzi eta alde egiteko ere errazagoa da, beraien herrian lana topatzen badute alde egingo dute...”.
Udaltzain bakoitzak egunean zortzi ordu egiten ditu lan, baina herrian bertan bizi direnek desabantailak ere badituzte, ez baita lana beti albo batera uzteko aukera izaten. “Lana bukatu eta gu hemen gelditzen gara, eta beti etortzen da norbait txapa ematera, eta burura lana ekartzen dizu behin eta berriro”.
Horrelakorik ez zaie gertatzen kanpokoei, Aristik dioenez. “Kanpokoak aldea dute. Hemen lana egin eta beraien herrira joaten dira, eta han anonimoak dira”. Ez dago oso urrutira joan beharrik anonimo izateko, baina “inguruko herri batean bizitzea hobea da”, Aristiren ustez.
|