Herritarren artean Realaz
Enekoitz Esnaola
Luis Ansoalde azpeitiarra da Realeko administrazio kontseiluko bozeramailea eta klubean 283 azpeitiar bazkide daude. Bederatzi bazkidek eta bi zalek elkarrizketa egin diote hari, Uztarriaren bidez
|
|
(Enekoitz Esnaola)
|
|
.1-Zer lan mota egiten duzu Realean, zuzendaritzaren bozeramailea izateaz gain? Kobratzen zerbait, Fuentes-eta bezala?
**Ana M. larrañaga (jarraitzailea)**
Profesionalki duela 33 urtetik komunikazio lanetan ari naiz. Jan, hortik jaten dut. Realean sartu nintzenetik ez dut neure lana utzi, publizitateko enpresa batean segitzen dut, baina klubari ordu asko eskaintzen dizkiot. Realean hamahiru kontseilari gaude eta bozeramaile ardura dut. Baina, horretaz gain, klubean bertan arlo sozialean nago, hor barruan marketin eta komunikazio azpi-arloak daude eta neu naiz marketin eta komunikazioko koordinatzailea. Baina ez dut Realetik lan horiengatik dirurik kobratzen.
.2-Burutik pasatu al zitzaizuen Bakero bidalitakoan zeuok ere joatea?
Kepa Kabue (bazkidea)
Beti kirol emaitzen arabera ibiliko balira zuzendaritzakoak euren karguei buruzko erabakiak hartzen, hau desastrea litzateke. Administrazio Kontseilua Reala, kluba bera zuzentzeko dago, eta hor arlo bat kirolari buruzkoa da. Egia da lehen taldea dela Realeko atalik garrantzitsuena, baina beste arloak ere badaude, eta lehen taldea gaizki doalako beste dena ez da bertan behera utzi behar.
.3-Zuzendaritzan zaudetenetik (ia urte eta erdian), hobekuntzarik ikusten al duzu, zeozertan badaere?
Joseba Altuna (bazkidea)
Geuk esatea ez da txukuna, baina lan egiteko beste estilo bat ezarri dugu. Lehen giroa nahasia zen, txarra, eta orain lasaiagoa da, edukazio handiagokoa, azkeneko batzar orokorrean ikusi den bezala. Eta jendeak esan digu hori. Diru aldetik, berriz, asko hobetu da, lehen geunden arriskutik atera gara, gastu asko murriztuz, eta oreka topatu dugu.
.4-Mikel Aranbururi 2007ko ekainean bukatuko zaio Realean kontratua. Hari kontratu berria egiteko asmorik bai? Athleticek nahi ote duen entzun edo zerbait ba al dakizu?
Nekane Zelaia (bazkidea)
Ni oso seguru nago Athleticek Aranburu nahiko duela, ez dut dudarik. Hala ere, ofizialki ez dakit ezer. Baina Aranburuk zer kalitate duen ikusita, Athletici komeni zaiola, seguru. Hala ere, gu Aranbururekin hizketan hasiko garela, hori ere seguru esaten dut, interes handia dugulako hura geure artean egoteko. Nik uste Mikelek berak ere interesa duela. Noiz hasiko garen hizketan? Realean giroa pixka bat lasaitzean. Geuri, zuzendaritzakooi dagokigu lehen pausoa ematea, eta ematen dugunean, modurik naturalenean emango dugu.
.5-Zergatik ez dituzue jokalari onak utzita ekartzen,
fitxaketetan milioika euro gastatu beharrean?
Iosu Beobide (bazkidea)
Saiatzen gara baina ez da erraza. Izan ere, taldeetan uzteko moduko jokalariak ez dira ekipoko onenak izaten, guk geuk postu zehatz
batzuetarako nahi ditugu kanpoko jokalariak eta aukera ez da handia... Talde onetatik jo daiteke, baina hor ere ez da erraza izaten eta, gainera, jokalari horien fitxak Realarentzat handiak izan ohi dira. Iaz Gabonak aldera ekarri genituen bi utzita: Viafara eta Mark Gonzalez. Hain zuzen, azken hori Liverpool bezalako talde handitik, baina zergatik utzi ziguten jokalaria orduan? Mutila lesio luze batetik ateratzen ari zelako eta entrenatzaileak ez zuelako jartzen. Ondo irten zitzaigun Mark Gonzalezen aukera, baina beti ez da hala izaten.
.6-Noiz eman behar diz-kiguzue bazkideoi abantailak?
Mikel Bereziartua (bazkidea)
Egia da azkenaldian bazkideen kuotak igo eta igo ari garela, baina diru arazoak ditu klubak eta... Bazkideek badituzte abantailak, ez asko baina batzuk bai: autobus bidaia —pixka bat ordainduta orain— eta Realaren dendetan deskontuak.
.7-Ekialde alboko harmailan dut lekua. Estadioan antzeko hiru guneetan bazkide kuota erdia da. Zergatik ez duzue aldatu aurreko zuzendaritzaren irizpide hori?
Pedro Iriarte (bazkidea)
Ez dakit zehazki zertaz ari den. Lasai hotsegitea duela Pedrok eta, informazioa lortzean, neuk erantzungo diot.
.8-Hurrengo denboraldian Bigarren A Mailan jokatzeak klubean izango lituzkeen ondorioetan pentsatu al duzue? Ondorio ekonomikoak...
Asier lasa (bazkidea)
Ez dago asko pentsatu beharrik, beste kluben esperientzia hor dagoelako. Kopan Malagaren kontra jokatu genuenean, neu hara joan nintzen eta haiek hitz egin ziguten ondorioez, iaz jaitsi zirelako Bigarren A Mailara: bazkideen erdiak galdu dituztela... “Ez zaitezte jaitsi, ez dakizue-eta zer den hau”, zioten. Dirurik ez da sartzen, telebistako kontratuak jaitsi... Zenbakiak asko murriztuko lirateke.
Realak orain urteko aurrekontua 38 milioi eurokoa du eta baliteke
Bigarren A Mailara jaitsiko bagina, erdira-edo jaistea.
.9-Kirol arloan ez duzue asmatu. Nola egin behar aurrera? Indar gehiago ez al duzue gastatu bulegoetan Zubiaurre kasuan?
Gaizka Aranguren (bazkidea)
Zubiaurre kasuak kontseilarioi ez digu lanik eman, abokatuak eraman du dena. Kirol arloan, berriz, gure planak ez dira bete, hala da. Bakero baino entrenatzaile hobeak eta esperientzia handiagokoak asko daude, baina guk Bakeroren alde egin genuen. Ea Lotinak taldea suspertzen duen. Baina lehen taldea gaizki ibili den arren, horrek ez dio eragin harrobiari, guk futbol profesionala eta harrobikoa banandu egin ditugulako. Hain zuzen, azpeitiar bat da harrobiko zuzendaria: Larrañaga.
.10-Gipuzkoarron %51 euskaldunak gara. Fuentes Realeko presidenteak noiz hasi behar du euskaraz hitz egiten? Zergatik zara kontseiluaren bozeramailea, euskaraz dakizulako?
Maite Arregi (jarraitzailea)
Kontseiluan hamahirutik zortzi gara euskaraz dakigunak; batez bestetik gora gabiltza. Fuentes urteetan ari da euskara ikasten. Emaztea euskalduna du —andrearen ama azpeitiarra da—, bi alaba dituzte eta biak euskaldunak dira... Euskaldun giroan ere bizi da, beraz. Jendaurrean hitz egitea beste kontu bat da, ez delako erraza, baina gehiagora joango da. Eta ni bozeramailea bi arrazoigatik naiz: komunikazio lanetan ibiltzen naizelako lan profesionalean eta, jakina, euskaraz dakidalako.
.11-Ez iruditzen jendea Anoetara denbora-pasa bezala joaten dela eta ez partida bizitzera?
Gorka Beobide (bazkidea)
Pistek eragin handia dute horretan, baina estadioa ez denez gurea, Udalarena baizik... Hala ere, ari gara lanean pistak nola ‘kendu’ erabakitzeko. Bitartean, ahal duguna egingo dugu giroa suspertzeko: bazkideei sarrerak eman denboraldi bukaeran...
.30 urtean Donostian
Luis Ansoalde 1946an jaio zen, Azpeitian, San Sebastian bezperan, baina 12 urterako irten zuen herritik, Iruñera joan zelako ikastera. 18 urterekin, Donostiara, ikastera. 1972an Zumaiara ezkondu zen eta orain dela 30 urtetik Donostian bizi da. Argazkian, etxe atarian.
|