Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abendua »  Iritzia »  Ikusi mendizaleak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Ikusi mendizaleak

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzinek marihuana dute hizpide. Mendi buelta bat ematen ari zela Haizkurgi Uzini baserritar batek kontatutakoa izango dute eztabaidaren oinarria.

Mikel. Bizi al haiz, Haizkurgi? Donostia aldera joan hintzenetik bizitzera, ez diagu elkar ikusten. Neska txikiren batekin ez hintzen ba hasiko?

Xabier. Donostian ere Azpeitian bezalaxe, zakurrak oin hutsik!

Haizkurgi. Azkenaldian mendian ibiltzeari ekin zioat, eta asteburu honetan ere bueltatxo ederra egin diat Izarraitz mendikateko paraje zoragarrietan.

Xabier. Hire gorputz ‘lirainak’ kilo askorik galdu duenik ez duk ba nabaritzen, alajaina! Mendirako hire afizio berri hori, Xoxoteko aterpetxean egindako hamaiketako koipetsuak justifikatzeko ez ote den izango zalantzan jartzen ari nauk.

Haizkurgi. Xoxoteko buelta geldialdirik gabe egin nian atzo, Lastaola baserri inguruan aurkitu nian baserritar erretxindu batekin hitz egiteko tartean baino ez ninduan gelditu.

Xabier. Haizeak lurrera botatako intxaurrak eta sagarrak lapurtzen hasiko hintzen hire gosea asetzeko, eta bertako baserritarrak dena ikusiko zian. Errieta bakarrik egin zianean gaitzerdi! Izan ere, horrelako kasuetan eskopetari heltzen zietek azkar asko.

Haizkurgi. Ez ezak txorakeriarik esan! Baserritarra haserre zegoan, baina ez nirekin! Antza denez, bere arto sailak erabat zapalduta agertu omen dituk azken egunotan. Horregatik, atzo goizean, zelatan jartzea erabaki zian bere arto sailetan ematen ari zen misterioa argitzeko nahian. Ahoa bete hortz gelditu omen duk, gazte kuadrila bat bere arto sailetan behera, bizkarrean izugarrizko landare pila hartuta zihoala ikusi duenean.

Mikel. Nork egin zezakek horrelako ankerkeririk?

Haizkurgi. Goizean goiz argi askorik ez omen zegoan, baina bost lagun zirela aitortu zian baserritar gaixoak. Denen buru, kuadrilako txikiena, beste guztiei aginduak emanez. Atzetik, beste laurak. Horietatik bat, burugorria zela nabarmen ikusi omen zian eta beste hirurek okotzean bizar pila zutela iruditu zitzaioan. Bostetan handienak, landare karga gehien zeramanak, bat-batean izugarrizko oihua atera omen zioan taldeko liderrari: “Bortx, makalo jun hai!”

Mikel. Tamalgarria duk baserritar horren arto sailetan gazteok egin duten txikizioa baina, bestalde, pozten nauk igande goiz batean gazte asko mendian dabiltzalako, parranda amaigabeak alde batera utzita. Zapo Txokon emandako lorazaintza ikastaroak izugarrizko oihartzuna izan duela ematen dik gazteen artean. Zer zeramaten bizkarrean gazteek oraingoan, tomate landareak, akaso?

Xabier. Batzuetan ergela ematen duk, moteil! Gazte horiek marihuana uzta jaso ditek, dudarik gabe. Oraintxe duk marihuana landareak moztu eta lehortzen jartzeko garaia, gero erre ahal izateko.

Mikel. Marihuana uzta? Ez nian inondik ere pentsatuko Euskal Herrian daukagun klima hezearekin marihuana landa zitekeenik eta are gutxiago erretzeko modukorik.

Haizkurgi. Ez al duk inoiz erreparatu etxeetako balkoietan marihuana landarez jositako lorontziak nola egoten diren? Marihuana landatzearen fenomenoa guztiz errotuta zagok Azpeitian, moteil.

Xabier. Marihuana usaina gogoko baduk, hator gure etxepera eta nahi adina izango duk. Bizilagunen batek, bere etxean bertan jarri dik lehortzen eta hori duk usaina astintzen duena etxepeko zoko guztietara, garbigarririk onenak ere disimula ezin dezakeena. Nire susmo guztien arabera, 'Rouko'-ren etxetik zatorrek kiratsa, erretzaile porrokatua den seinale. Hala eta guztiz ere, ez nauk ezer esatera ausartzen, ondotxo dakizue-eta nola oldartuko litzatekeen.

Haizkurgi. Gaur egun, kalamua erretzen duten gazteak, urte osoan erreko duten marihuana ekoizteko gai dituk ia. Horrela, erretzaileek kaleko ‘txokolate’ garesti eta lehorrik erosi beharrik ez ditek. Gainera, marihuana bera landare naturala izanda, kalitatean ere asko irabazten ditek erretzai-leek.

Mikel. Ni ez nauk orain hasiko inori marihuana erretzea debekatzen. Inori kalterik egiten ez dion bitartean, bakoitzak egin dezala nahi duena, baina beldur nauk kalamua erretzetik beste droga gogorrago batzuk kontsumitzera dagoen jauzia ez ote den oso laburra.

Haizkurgi. Hori beste arazo bat duk...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak