|
|
|
Libre
Zabor pila honetan zer?
Olatz Prat
Gertatu ohi zaigu —gizakiok halakoxeak garelako—, mehatxuren bat gertu ikusten dugunean alertan jartzen garela. Urduri jartzen hasten gara. Horixe gertatu zaigu azpeitiarroi San Markos zabortegia urte amaieran ixtera doazela jakin dugunean. Guztiok eskuak burura. Adios! Kontua da Zarauzko, Beasaingo eta Azpeitiko zabortegiek hartu beharko dutela Donostialdeko zaborra, han gehiago sartzen ez delako. Eta halakoen aurrean ohikoa izaten den erreakzioa izan dugu: errudunak bilatzen hastea. Gure Malaya operazioak idazten dibertitzen eta haserretzen gara; zer gertatzen da ba, gurean, txaletekin espekulatu beharrean zabortegiekin espekulatzea dutela gustuko politikari, alkate eta enpresari handiek? Faborez! Komiki bat bezala, guztiak zaku batean sartu eta haiei harrika irudikatzen dut gizartea. Harria bota eta eskua ezkutatzen.
Ez naiz lehena, ezta azkena ere, irensten gaituen zabor pila honekin zer egin galdetzen duena. Azken urteotan, itxuraz, etxebizitzaren, lanaren, Bushen politikaren eta Pantojaren nobioaren ondoren gehien kezkatzen gaituen gaietako bat da; are gehiago zuzen-zuzenean eragiten badigu. Kezkatu behar gaituena ez da, ordea, donostiarren zaborrak nora joango diren, gutako bakoitzaren zaborra nora joaten den baizik.
Aldatu. Asko aldatu dira gauzak, egia da. Garai batean gozoki poltsak, pipa azalak edo autobuseko papertxoa lurrera botatzea erabat normaltzat hartzen genuen. Gaur egun, zorionez, hori aldatu da eta gehienok behintzat, zaborrak gorde egiten ditugu zakarrontzi bat aurkitu arte. Hori, ordea, ez da egun batetik bestera gertatu den aldaketa izan, denbora behar izan dugu barneratzeko. Irtenbidea aurkitzen jakin dugu. Azken batean, zaila dena ez da irtenbidea aurkitzea, asmoak aurrera eramatea eta barruraino sartuta ditugun ohiturak aldatzea baizik.
Hondakinen arazoak ere izango du irtenbiderik. Ez naiz hemen hasiko nire ustez konponbide horiek zeintzuk diren azaltzen, Aita gurea baino hobeto baitakizkigu: Gutxipena-Birziklapena-Berrerabilpena. Amen. Pipa azalekin gertatzen den bezala, denbora beharko dugu, ordea, ohiturak aldatzeko. Alde horretatik, gainera, kalterako aldatu dira gizartearen ohiturak. Etxean kontatzen dute Juanitorenera nola joaten ziren gazta puska biltzeko zapi bat hartuta edo tomate xehatua sartzeko pote batekin. Eta sobra guztiak, baserritik txerri-jan eskean etortzen zenarentzat. Ni neu txikitan kapazoarekin ateratzen nintzen erosketak egitera larunbat goizetan. Orain, berriz, arroza pakete indibidualetan, Coca-Cola lata indibidualetan, haragia paketetan, platanoak, tomateak, letxugak... guztiak poltsetan. Azkenean, lehertu.
Errua zeini? Hori egin dute Donostialdekoek San Markos ixteko eta hori ari gara egiten gu Lapatx ere betetzeko. Nire ustez, ezin dugu orain autoritateen aurka altxatu eta errua haiei leporatu. Errua guztiona dela iruditzen zait. Oraingoan handik hona ekartzea tokatu da, hurrengoan hemendik eraman beharko dute. Irtenbideak edo irtenbide posibleak baditugu: hor daude konposta egiteko plantak, errauskailuak, birziklatzeko etxera heldutako edukiontzi bereziak, kolore ezberdinetako kontainerrak... Gero bakoitzaren alde onak eta txarrak ikusi beharko dira.
Ziurrenik, produkzio eta komertzializazio legeetan aldaketak egin beharko lirateke; ziurrenik, zenbait agintariren burmuinek ere ajuste txiki batzuk beharko lituzkete. Baina ezinbestekoena, garrantzitsuena eta zailena gutako bakoitzaren pentsamoldea aldatzea izango da; guztiok egiten badugu kalte, guztiok ordaindu beharko. Ordaindu era
askora. Adibidez, dirutan, zergekin; izan ere, hurrengo urtean hondakinen gaineko zerga %6,6 igoko da.
Emakumeak. Hori egin dute Donostialdekoek SanZergez ari naizela, gogora etorri zait lehengo batean kontatu zidatena. Emakume bat udaletxera joan omen zen, erabat kabreatuta, zaborren gaineko zerga horren paperak hartuta. Nazkatuta omen zegoen hura ordaintzeaz. “Zergatik ordaindu behar dut nik zerga hau, zabor guztia etxeko leihotik errekara botatzen badut?!”.
Enfin.
|