Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abendua »  Iritzia »  Ikasleen merituak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Biluzik putreak

Koldo Aldadur

Benaresetik Jaipurerako bidean ikusi nuen. Ikatz indarrarekin ibiltzen den tren zaharrak legeak agintzen duena baino hamar aldiz jende gehiago zeraman barruan eta logikak agintzen duena baino zenbait gehiago gainaldean. Ganges ibai sakratua eta basamortuko hiri arrosa arteko ibilbidean trena hiri nagusietan bakarrik geratzen da, gainontzekoetan abiadura moteltzen du jaitsi beharrekoak jaisteko eta igo beharrekoek haien lekuak har ditzaten. Trena erabat gelditzen den horietako batean ikusi nuen.

Gaua eta goizeko lehen argiak borrokan hasiak ziren, baina ez geltokian tea, taloa edo beste ia edozer saltzen dutenei, ez bertan gaua ematen dutenei, ez bertan ikusi, susma eta usain zitezkeen miloika arratoiei, ez zitzaien gehiegi axola. Gaua eta eguna, jakina, berdintsuak dira gosea gainetik kendu ezinean dabilenarentzat.

Gaztea zen, hangoa izateko ere gaztea. Erabat arroparik gabe, biluzik eta ortozik zebilen ailegatu berrien begirapean. Ezkondutako gizon baten ohean, berarekin noski, harrapatu omen zuten. Munduko herrialde pobreenetako batean perreran edo kartzelan mantentzeko aurrekonturik ez, eta horitxe zen bere zigorra: bi ilargibeteren arteko epean kalean ibili beharra larrugorritan. Jakina, berekin sexu gozamenean ibili zen gizonaren arrastorik ez. Behartsuenen artean ere, itxuraz, itxuraz ahulenak direnak zigortzea, errazago.

Eta gaur egungo egoeran. Urte batzuk beranduago eta, orokorrean zigorren aurka egon arren, badakit kode penal eta etikoez gain nire kontraesanak porsako hartzera bidalita zeintzuk ikusi nahiko nituzkeen emakume hura bezala biluzik Erdi kaletik Errebalera eta Sanjuandegitik Damasorenera: besteen bizitzan sartzeko joera duten horiek, besteen penarekin gozatzen dutenak, propio edo ez, berdin zait, min egin nahi dutenak. Usteltzen ari den gizarteak bakarrik onar ditzakeen adin eta generorik gabeko putreak.

—Zera, halako eta halako banatzen omen dira.
–Normala, inoiz izan al dute ba harreman onik.
—Eta umeak nola janzten dituzten?
—Gainera, nire auzokoaren lehengusuaren alabaren koinatak esan dit senarrak emaztea jipoitzen duela.
—Bai-bai, anbulantzia ere sarritan izaten zen haien etxe azpian.
—Munizipal batek behin kontatu zidan haien etxera sartu behar izan zutela, bestela bertan akabatuko zuela, ez dela harritzekoa, bere aitak ere akuiluarekin jotzen zituelako bera eta bere anaia eta arreba guztiak...

Zurrumurruen herria. Benetan ari naiz, gizonezko batekin oheratzeagatik Jaipur inguruko emakumea zigortzea ulertezina egiten zaidan neurrian,egiten zait gustuko herri hau zurrumurruen pozoinarekin kutxatzen dituztenak zigortzea; euren egunerokotasunean duten hutsunea besteen odola xurgatuz bete nahi dutelako. Egiten duten kaltearen ordainik inork eskatzen ez dielako.

Izan ere, zer geratzen da horrelako suge pozointsu batek heltzen duenarekin? Gezur biribilena izanda ere, afera argituagatik, eta nahiz eta oreka mantentzeko hain garrantzitsuak diren gertukoek babesa eman, ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko eta entzun nahi ez duenak ez du entzungo.

–Zerbait izango da jendeak horrela hitz egiteko. Agian, oraingoan ez baina nik ez diot tankera onik ematen...

Eta inork ez die kaltetuei barkamenik eskatuko, ez damurik izan eta ezta apaizarekin aitortzeko premiarik izango ere. Eta zalantzaren izara beltza protagonisten gainean geratuko da beti. Zabalduko dute. Harrigarria bada ere, garbi dut. Edo biluzik paseatuarazi, edo kaleak euren argazkiekin bete, denek jakin dezaten, zeintzuk diren.

Arazo bat bakarrik ikusten diot: benetan itsusiak leudeke gure kaleak putre biluziz edo putre biluzien argazkiz josita.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak