Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Azaroa »  Txikiteoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Galtzen ari den ohitura: txikiteoa

Ihintza Agirretxe

Baso-erdia eskuan hartuta gero eta jende gutxiago ibiltzen da kalean tabernaz taberna. Txikiteoa galtzen ari da. Hemen arratsalde bateko kronika

Iñaki Bergara, Oinatz tabernan.  (Ihintza Agirretxe)
Juan Urdineta, Jose Mari Garate eta Antton Albisu, Iraurgi Saskibaloi Elkartean, txikiteoan.  (Ihintza Agirretxe)

Ez da dagoeneko hain erraza Azpeitian parte zaharrean txikitero kuadrila bat topatzea. Lagun gutxiko talde batzuk ibiltzen dira, baina kuadrila handirik ez. Orain urte batzuk lagun talde handiak eta ugari ibiltzen ziren astegunetan txikitoak hartzen, baina galtzear den ohitura da aste barruko txikiteo hori.

Duela 20 bat urte egunkari bateko erreportaian, izenburuan: ‘Azpeitia, la capital del txikiteo’. Orain ezin izenburu igualik jarri. Orain hilabete pasatxo, berriz, Ardo Dastaketa eguna egin zuten Azpeitian; ardoaren inguruan berriro jendea elkartzeko aukera izan zen.

Arratsaldeko zazpiak. Iñaki Bergara 'Iñaki Pio' zazpiak puntuan Mendizaleetan da. Han elkartzen da beste lagun batekin, egunero ordu horretan. Urte asko daramatza txikiteoan, eta ondo asko ezagutzen ditu txikiteoaren sekretuak: “Ni zeharo gazte hasi nintzen txikiteoan, 13-14 urterekin-edo. Lanean hasi nintzenean nire ilusioa hori izaten zen, txikiteora etortzea. Garai hartan jende asko ibiltzen zen, ez zegoen besterik; lanetik irten, txikito batzuk hartu lagunartean eta etxera”, dio. Garai batean dozena bat lagun elkartzen ziren txikiteorako, baina gaur egun bakarrik edo beste lagunen batekin ibiltzen da. “Ni joandako lekura joaten naizela, beti topatzen dut txikiteorako kuadrila edo laguna”.

Ohitura berezia da haiena: ordu jakin batean elkartzen dira, egunero txikito kopuru bera hartzen dute normalean eta beti antzeko orduan joaten dira etxera. “Ordua garrantzitsua da txikiteorako. Guk ordutegia markatuta dugu eta egunero ordu berean ibiltzen gara”, dio Iñaki Piok.

Baina txikiteorako leku ezberdinetan ordutegi ezberdina dago. Parte zaharrean, adibidez, arratsaldeko zazpiak aldera hasten dira eta zortziak aldera arte ibiltzen da jendea. Harzubia eta Jose Artetxe inguruan, berriz, parte zaharrean bukatzen denean hasten da giroa, eta bederatziak aldera arte suma daiteke jendea. Sanjuandegin ere Harzubiko ordutegi antzekoa dute.

Oso gutxitan elkartzen dira parte zaharreko kuadrilak. “Bakoitzak bere bidea markatuta du eta kuadrilak ez gara elkartzen txikiteoan ibiltzeko. Taberna barruan elkarrekin hitz egiten dugu, komentarioren bat edo beste, baina txikitoa bukatutakoan bakoitza bere bidetik joaten da”, dio Iñaki Piok.

Zortziak. Hasi dira lanetik irten eta Juantxo Txiki, Pastorkua eta inguruko tabernetan txikiteroak elkartzen. Batzuk laneko lagunekin, besteak betiko lagunekin...; denetik dago hemen. Juan Urdineta, Antton Albisu eta Jose Mari Garate Iraurgi Saskibaloi Elkartean daude txikitoa hartzen, elkarren ondoan. Ez dira kuadrila berekoak. Albisu beste kuadrila batekoa da, baina ez dio axola. Oraingo txikitoa batera hartuko dute. “Gurea bezalako herri txiki batean, azken batean denok ezagutzen dugu elkar, eta lagunak ez badituzu topatzen ere ezagunen bat topatzen duzu eta horiekin ibiltzen zara”, dio Garatek.

Kuadrila ezberdinetakoak izanda, ohiturak ere ezberdinak dituzte. Albisu Landetan, parte zaharrean eta Jose Artetxe inguruan ibiltzen da: “Nik egunero zortzi-hamar ardo hartzen ditut. Normalean, arratsaldean baino ez naiz ibiltzen, baina tarteka eguerdian ere ibiltzen naiz”. Garatek eta Urdinetak trago gutxiago hartzen dituzte, “hiru bat, baina gaur hau laugarrena da”, esan du Urdinetak.

Usoak, ahariak, ehiza, futbola... izaten dira txikiteoan dabiltzan bitartean lagunarteko hizketa gaiak. “Txikitero kuadrilan politikaz ez bada hitz egiten, ez dago arazorik. Politika kontuak aipatuz gero bai, orduan izaten dira gorabeherak eta zaratak. Gurekin hobe uso kontuan ibiltzea...”, dio Garatek. Bederatziak inguru dira, etxeratzeko ordua. Basoa mostradore gainean utzi, tabernariari “bihar arte” esan eta badoaz etxera.

Bederatziak. Monse Aranbarri ere txikiteroa da. Amaiarenean dago barran kontu kontari. Ez dira emakume asko ibiltzen txikiteoan, baina Aranbarrik 40 urte daramatza egunero ibilbide bera egiten. “Eguerditan Amaia Garmendia eta biok ibiltzen gara. Amaia aste bukaeratan ez da ibiltzen, baina ni astelehenetik jaira ibiltzen naiz”, dio.

Egunero hamar txikito hartzen ditu, “bost eguerdian eta beste bost arratsaldean”. “Polita da lagunartean ibiltze hori. Batzuetan bakarrik ibiltzen naiz, baina inguruan daudenekin, barran dagoenarekin, denekin hitz egiten dut”.

Berandutzen ari da, eta Monse Aranbarriri ere iritsi zaio etxeratzeko ordua. Bederatziak eta laurden inguru dira. Adio esan die tabernan dauden guztiei.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak