Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Azaroa »  Iritzia »  Zahartzen eta...

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Zahartzen eta...

Aitor Aranguren

Urtaro bakoitzari berea, baina udaberria eta udazkena gogoko ditut bizitzan ere. Udaberria primerakoa da esnatzeko, pizteko eta indarrak hartzeko, baina nahi baino azkarrago pasatu zitzaidan. Eta orain 43 urterekin udazken betean. Udazkeneko kolore horixkak, su-ondoan sortzen diren antzeko lasaitasun uneak sortarazten dizkit eta ez da arraroa horiek malenkoniaz betetzea, bereziki momentu triste edo zailak harrapatzen bazaitu. Gainera, une horiek sortzen duten zurrunbiloan biraka zaudela, barruak astintzen dira eta nonbaiten, gure baitan, barrenean ahaztuta dauzkagun oroitzapenak azaltzen dira. Denak, onak eta txarrak, datak, aurpegiak, muxuak eta haserreak... denak nahasian.

Saiatu al zarete lepoa jiratu eta atzera begiratuz bizitakoari errepasoa ematen? Baina denbora hartuta, lasai. Hasteko ahalik eta gehien, ahal duzun gehien urrundu denboran zehar eta handik hasi etortzen pixkanaka, makal, gaur arte. Ariketa argazki edo bideoen laguntzaz eginez gero, milaka oroitzapen, sentsazio eta sentimendu sortzen dira. Eta hamaika galdera: zergatik, zertarako, merezi al zuen, merezi al du, saiatu banintz, nola zuen izena, beste erabaki bat hartu banu, non ote dabil halako, zer ondo pasatu genuen, zenbat ile nuen, zein leku zoragarri...

Jaio, hazi, ugaldu eta hil. Milioika espezieek egiten dute, baina film laburra eta aberatsa izan daiteke gizakiontzat. Bizitakoak ez du bueltarik baina ikasitakoak balio beharko luke bizitzeko daukaguna hobeto igarotzeko. Baina, mesedez, behin bizi eta kito, ez nazatela reenkarna. Atzera gehiegi begiratzeak lepoko mina dakar, eguzkia goizero ateratzen da eta egunerokoak berehala irensten gaitu. Lepoko mina ez dakit baina beste nonbaitekoa gustura jarriko nioke Azpeitian Urola ibaiko zuhaitzak mozteko agindu duenari. Badakizue, zahartzen eta...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak