Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Azaroa »  Iritzia »  Espineteren lagunak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Espineteren lagunak

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Mikel Aizbitarte, Xabier Aranburu eta Haizkurgi Uzin oraingoan Triku Festaz eta Gaztetxean izan zen kontzertu batez aritu bira. Besteak beste, zapatu iluntzetako istilu batzuez eta musikaz ere idatzi dute.

Mikel. Dagoeneko hasiak dituk herriko plazan karpie montatzen. Urtero bezala, Espinete zaleek irten ditek euren zulotik, herriari bizi pixka bat emateko asmoarekin.

*Haizkurgi. Zer Espinete eta zer Don Pin-Pon gero! Bazakiat Azpeitian gertatu ohi diren zenbait gertakizunek 'Barrio Sesamo'-ko atalik zelebreenaren inbidia handirik ez dutela, baina zer arraioz ari haiz?

Xabier. Postaririk ez al da iristen hire etxera, ala? Badituk egun batzuk Azpeitiko Triku Musika Elkartearen triptikoa iritsi zela gurera, aste bukaerako Triku Festaren egitaraua azalduz.

Mikel. Nola ausartuko duk ba postaria Haizkurgiren etxera joaten, inguratzen den guztiari txakurra askatzen ziok eta? Galdeiok 'Buxi Beltza'-ri bestela, ipur masailean nola egin zioan hozka Txispa piztia basatiak.

Haizkurgi. 'Txispa-ri irainik ez gero, hire aurka oldartzerik nahi ez baduk, behintzat!

Mikel. Lasai, moteil, ez hadi horrela jarri! Badakik txakurrak ez ditudala gogoko. Aukeran nahiago aste bukaeran Azpetiko plazan bilduko den ‘triku’ pila, beraien ile tenteak eta guzti.

Xabier. Irrikatzen nagok asteburua iristeko. Egitaraua ikusita, festaren arrakasta bermatuta zagok. Aurtengoa, seigarren Triku Festa diagu, herrian guztiz errotzen ari den seinale. Triku Festaren atzean, ordea, azpiegitura handia mugitzen duk, Urrestilla eta Zubi-Zaharreko Azpeitiko musika taldeek osatutakoa. Guztien buru Age duk, konplexurik gabeko pop-ero zaharra.

Haizkurgi. Hau duk gurutzea gurea! Nola esan dezakek Urrestillan eta Zubi-Zaharren biltzen den jendillajeak musika taldea osatzeko gaitasuna duenik! Horiek zarata besterik ez ditek egiten. Herriko plaza inguruan bizi direnez errukitzen nauk; hori duk tortura jasan beharko dutena aste bukaera lazgarrian.

Mikel. Hori duk belarri fina duena gure mutilak! Igande goizeroko leloa ez duk ba askoz hobea! Izan ere, 'Xuber'-i bere bandarekin kalejira egin behar duela sartzen zaionean kazkezurrean, akabo gu guztion amets gozoak. Hori de-na, dultzainariak, txistulariak, edota motxaileen aker eta tronpetaren 'show'-a ez aipatzeagatik.

Xabier. Kontua ez duk musika klase bat ona edo txarra den esatea, norberari gustatzen zaiona baizik. Ederki jabetzen nauk Triku Festako talde guztiak ez direla nire gustukoak izango, baina garrantzitsuena bertan sortuko den giro alai eta jatorra duk. Azpeitiko gau giroa bukaerarik gabeko maldan behera zoak, eta horrelako ekitaldiak dituk bizi dugun lehortetik irteteko baliabiderik onenak.

Mikel. Hirekin guztiz ados nagok. Ni beti izan nauk erromeri zalea eta badakizue Egan, Drindots eta Gelatxo izan direla nire musika talderik kuttunenak. Hala eta guztiz ere, gustura asko hurbilduko nauk plazako karpara, bertan egongo den giro bikainaz gozatzera.

Haizkurgi. Hori duk inozo parea hori! Etxeko musika katean bakoitzak entzun dezala nahi duena, baina hortik herriko plazan kontzertuak ematera bazagok alde nabarmena. Musikak izugarrizko erakarpen indarra dik eta, tartean alkohola eta drogak nahasten badira, koktel arriskutsu bat osatzen duk. Urrutira joan beharrik ez daukazue, duela egun gutxi batzuk Azpeitian, skin talde baten emanaldiaren ondoren gertatutako istiluen nondik norakoak gogoratzeko.

Xabier. Aurreko astean, skinen kontzertu baten ondorenean emandako istiluak ez dituk ohikoak. Beroaldi baten ondorenean gertatutako txikikeri bat besterik ez huen izan. Gainera, borrokan aritu zirenak ez zituan azpeitiarrak.

Haizkurgi. Ez hadi saia zuritzen, zuritu ezin dena. Aurreko asteko istiluak oso larriak izan zituan eta ez duk lehenengo aldia, gainera. Galdeiok gure lagun 'Rouko'-ri, nola bere etxean sartu eta izugarrizko txikizioak egin zituzten gazte batzuek kontzertu baten ondoren.

Mikel. Musikaren indarra, jendearengan mota guztietako sentimentuak sortzeko duen gaitasunean zagok. Hori izatez, zoragarria duk, baina musika, sentimenduak sortzeko baliabidea izatetik, talde baten ekintzak eta joerak babestuko dituen jomuga izatera pasatzen denean, arriskutsua izan zitekek. Aitzitik, Triku Festaren filosifia garbia duk, musikaren erabilpen anitza, han bildutako guztien gozamenerako. Horregatik, Gora Triku Festa eta Age zaharra!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak