Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Azaroa »  Iritzia »  Aldaketak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Aldaketak

Jon Larrañaga

Urteak daramatzat horrelako gauzak hesiaren beste aldetik ikusten eta orain arraroa egiten zait alde honetan egotea. Zeri buruz idatziko dut? Zer esango dut? Gustatuko ote zaie? Zerbait interesgarria esango ote dut?... Aldaketa handia da niretzat. Beno, beste bat gehiago... Izan ere, azkeneko boladan konturatu naiz aldaketa pertsonalen zurrunbiloan buru-belarri sartuta nabilela. Hori bai, nik neuk aukeratutako aldaketen zurrunbiloan... Ezberdintasun handia dagoelako aldaketak kanpotik eragindakoak izan ala zeuk sortutakoak izan, ezta?

Orain gutxi arte ezberdintasun hori ez nuen hain argi, eta munduarekin erdi haserre ibili naiz (askotan diote “katastrofista” samarra ere banaizela, badaezpada diot).

Konturatu gabeko aldaketak. Baina, esan egia: ez al duzue pentsatu inoiz egun batetik bestera bizitza erabat aldatu zaizuela, konturatu ere egin gabe eta nahi gabe? Hain lasaia eta ederra zen zure bizitza, erabat aldatu da: lagunek bikotekidea aurkitu dute, asko herritik kanpora joan dira bizitzera, beste asko garaia baino lehen ‘zahartu’ dira, haurrak agertu dira eta, bat-batean, denak mendizale eta lasterkalari bihurtu dira (Azpeitian tipikoa...).

Garai bateko aste erdiko kafeak, Exkerretegi kanpoko solasaldi filosofikoak... denak egun batetik bestera bukatu dira, eta dena konpromiso eta erantzukizun bihurtu da...

Ohitura aldaketak. Kontu horietatik kanpo gelditu garenok edo gaudenok, noraezean gelditu gara... Bizitza aldatu digute, guk eskatu ere egin gabe... Esate baterako, egun batetik bestera parrandako lagunik gabe gelditu gara. Zapaturo Eperran arratseko zortziretan gelditzetik, igande eguerdiko mendi buelta eta soziedadeko bazkarira igaro gara... Eta, barkatu, baina ez da gauza bera. Gauzak horrela, kontu horiek ahaztu nahian kalera ateratzen bazara (beti dago lagun solidarioren bat, edo zu bezalako ‘kolgautako’ bat...), panorama ez da askoz hobea.

Ohiturak. Hor ere ‘aldaketa’ nabarmena ikusten dut. Niri begi-bistakoa egiten zaidana eta konplexuz betetzen nauena. Azpeitia osoa txikipark bihurtu dela dirudi! Gu ia 18 urte egin arte ‘salajuegosean’ egoten ginen eta gaur egun 13 urtekoak goizeko lauretan tabernak ixten aurkitzen ditut... Non gelditu da inon idatzita ez dagoen baina gure garaira arte behintzat, denak errespetatzen genuen Fideoneko legea? Ia 20 urtera arte ez ginen gu ‘zaharren’ taberna horretan sartzen! (Nik uste hori gehiago dela adinaren kontua ondo ez daramadalako, baina tira...).

Amorrua, inbidia, moskeoa... dena nahastuta ditudala konturatuko zineten honezkero, ezta? Eta, garrantzitsuena: beti errua besteek dutela.

Zer pentsatua. Horri guztiari bueltaka nabilela, Mari Tere eta Kontxu etorri zaizkit burura. Zer pentsatuko ote dute nire negar tonto hauez Azpeitiko lehen Ikastola hartan euskaraz irakasten hasi ziren bi andereño haiek? Zezenari adarretatik eutsi eta inori eta ezeri beldurrik eduki gabe (eta izan bazuten ere ondo disimulatu zuten) gauzak aldatzeko grina erakutsi zuten andereño haiek? Erosoagoa eta errazagoa izango zen zeuden moduan jarraitu, kexatu eta ‘bizitza zer gogorra den’ esaten jarraitzea, ezta?

Eta zer diozue ikastetxe erlijioso eta ‘betiko’ eskolak alde batera utzita, euskaraz hazi, hezi eta ikasteko lehen Ikastola hartara haurrak bidali zituzten guraso haiez? Haiek ere beldurra eta urduritasuna izango zuten, baina kexatu eta ‘betikoa’ den bidea hartu beharrean, aldaketaren aldeko bidea hartu zuten. Eta eskerrak! Garai haietako hazitik sortu eta etorri garelako ondorengoak.

Beraz, ez dakit zuek baina nik horixe egin behar dut: kexatzeari utzi, aldaketei bidea eman eta apustua egin, nahi duzuna egitearen aldeko apustua egin. Animatzen al zarete?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak