Enbido
Ikasleen merituak
Koldo Aldadur
Seinale txarra. Txikitan, kotxeak garbitzen aritu nintzen; gaztetan, arraindegian; geroxeago, gereziak eta melokotoiak biltzea zer den ikasi nuen; ikasle segituan, eta ostean, irakasle. Eta, oraingoz, kazetari lanetan ari naiz. Esana, seinale txarra. Pobrea
seguru.
Abantailatxoa badu, ordea, ofizio horiek guztiak probatu izanak. Badakit guztietan zein den, dudarik gabe, niretzat gogorrena: ikaslearena. Gurasoentzat, askotan, alferra; dirurik ez poltsikoan; azterketek barrenean sortu ohi duten egonezina; irakasleen menpe egon beharra; geroari begira zalantzak...
Probatu ez duenak ez daki. Azterketa bezperan, komunetik sofara eta sofatik komunera. Larri. Egunean bertan, orrialde zuriak ematen duen ikara. Oso larri. Azterketa egin eta gero, ikaskideekin egoteko beldurra, esan ez diezazuten emaitza halakoa zela eta ez honakoa. Huts izugarria. Nor zaren ikustea galarazten dizun huts ikaragarria. Notak.
Egoera ezberdinak. Gainera, egoerak ez du irtenbide errazik izaten. Begira, ikus dezagun nolakoak diren ikasle azpeitiar arrunt baten familia tipoak eta, ondorioz, gehienetan azaltzen diren egoerak.
.1. Gurasoek 14 urterekin utzi zuten eskola: “Besterik ez daukan ba egiteko! Segi gelara, eta dena ikasi arte egon hadi bertan!”, “hire adinarekin lan piloa egina nitunan ni!”, “parrandarekin bakarrik pentsatzen dun alfer zahar horrek!”, “Mari Karmenen alabak bai, ekarriko ditin nota ederrak!”, “a zer kazuelakada presta daitekeen buruan ditunan txoriekin!”.
Eta horrela, erretolika luzea. Badakizu, norberak egin ez zuena besteentzat...
.2. Gurasoak unibertsitatetik pasatutakoak dira: “Guk egin genian eta hik ere egin beharko duk. Gizarteak ezingo dik ba atzera egin!”, “ikusiko duk unibertsitatera iritsitakoan!”, “ordungo irakasleak eta oraingoak ez dizkidak ba konparatuko!”, “gaur egungo ordenagailuak izan bagenitu!”, “aitzakiarik ez. Azterketak gainean dituk eta segiok ikastera!”.
.3. Gurasoetako bat ikasia eta bestea gaztetatik lanean hasitakoa:
– “Lagaiozu. Total, ikasita ere, gero igual ez du lanik izango!
– Lagatzeko al diozu? Zuk ba al dakizu nolako curriculumak ikusten diren orain bekadunen artean ere?
– Uzteko bakean!
– Ezetz ba! Horixe bakarrik falta zitzaizun. Gurasoak haserre, eta zu gudu-zelaiaren erdi-erdian hantxe.
.4. Gurasoak zure ikastola edo eskola bereko maisu edo maistrak dira; no comment. Haserratzea ere ez da-eta komeni. Dena den, jakizu Bagdadeko plaza batean zaudela Ameriketako Estatu Batuetako bandera soil batekin estalita. Alea jacta est.
Irtenbideak. Bukatzeko, irtenbideren batzuk:
– Ikaslearena ofizio gogorra dela garbi dagoenez, gurasoek aitor dezatela hori hala dela, eta asteroko pagaren ordez ondo merezitako soldata ezartzea (karidadetik bizi zarela pentsa ez dezaten).
– Noizean behin gurasoei azterketak prestatzen laguntzeko eskatzea (ikusiko duzu zein azkar topatuko duten edozein aitzakia alde egiteko).
– Adin batetik aurrera —jo dezagun 14 bat urtetik gora-edo– klaseak goizetan bakarrik izatea (lantegi askotan ez al da ba horrela egiten?).
Benetan meritu handikoa da ikaslea izatea. Saiatu egin behar eta, gainera, baldintza horietan... Izan ere, azkenean, apunteen eta azterketen aurrean, beti bakar-bakarrik zaude zu. Nire miresmenik handiena duzu. Eutsi, merezi du eta!
|