|
|
|
Burutik beherakoa
Monumentuak
Jose Luis Otamendi
Hanka haundi telefonika aurreko erreketearen irudia zen, ume mordoaren jolas eta sekretuen testigu izana. Franco hil eta laster kendu zuten, batek daki nora. Zaila da oroigarriez hotzean jardutea. Gertaerak, sinboloak eta pertsonak nabarmentzeko monumentuek hutsa behar izaten dute jendea mintzeko. Eta hizketa gai bihurtu dira berriz: Xoxoteko San Inaziori erasoa, Francoren aldean hildakoen plakak kentzea, Pasaiako sarraskian hildakoei idatzia berritzea... Oroitarriek galderak sortzen dituzte. Nola-noiz jarri zuten? Zergatik? Zeinek? Iraganaz, orainaz-eta hausnartzea eskatzen dute. Eta emandako erantzunak isilak izaten dira batzuk, ozenak besteak eta, inoiz, bortitzak ere bai. Enparan atzeko monolitoa maiz bota dute, Artetxeren burua ibaitik atera zuten behin, San Inazioren irudiari azpi aldea puskatu diote... “Ezjakin basati” izendatu ditu ekintza horren egileak Udalak. Iritziak iritzi, sinboloak ere ez daude historiaren epaitik libre, nahiz askotan geure sentimenduak eta ideiak kolpatuta bezala sentitu barruan. Baina, sinboloak dira, eta pertsonak beti jo izan ditugu lehenagokoak, inportanteago. Hala erakutsi ziguten, behintzat... Gero, ordea, monumentu bati egindakoak sortzen duen aztoramenaren erdirik ez du eragiten, kasurako, lanean hildako herriko portuges batek. Ez Udalaren agiririk, ez legez inor pertsegitzeko promesa. Gauzak nolako begiz edo betaurrekoz ikusten diren izango da... Parkeko Karmelo Etxegarai bakartia antiojorik gabe utzi zuen belaunaldikoa naiz.
|