Euskalduntzearen hasiera
Ihintza Agirretxe
Zaragozatik etorri Azpeitira, euskara ikasteko beharra sentitu eta euskaltegian izena eman dute aurten Vicentek eta Arbuesek
|
|
Chuse Miguel Vicente eta Miguel Angel Arbues euskara ikasleak, hiztegi bati begira.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Ikasturte hasierarekin batera, badira Azpeitiko euskaltegietan euskara ikasteko izen eman dutenak. Nahiago izan dute bertako hizkuntza ikasteko ahalegina egitea, ingeleseko eta frantseseko klaseetan izena ematea baino. Chuse Miguel Vicente eta Miguel Angel Arbues dira horietako bi. Lehenengoa Azpeitiko Udal Euskara Patronatoan ari da euskara ikasten; otsailean ekin zion. Bigarrena, berriz, laster AEKn hasiko da, lehen aldiz.
Chuse Miguel Vicente Chusemi, orain dela 31 urte jaio zen, Zaragozan (Espainian). 2006ko otsailetik, ordea, Azpeitian dago bizitzen. Miguel Angel Arbues ere Zaragozan jaioa da eta orain dela 9 urte etorri zen Azpeitira bizitzera.
Chuse, beraz, herrira etorri zenetik ari da euskara ikasten, otsailean bertan hasi zelako euskara klaseak hartzen Azpeitiko Udal Euskaltegian. Haren esanetan, bi arrazoi nagusigatik ekin zion horri. Batetik, “beharrezkoa” ikusten duelako, “herrian jendea euskaraz bizi delako”. Bestetik, Chuse bera formazioz irakaslea da eta, lanbide horretan lan egiteko euskara beharrezkoa dela-eta, epe batera EGA titulua ateratzeko asmoa duelako; “ez dakit zenbat denbora beharko dudan baina EGA ateratzea da nire helburua”.
Integratzeko. Arbues Azpeitiko AEKn ariko da, Mikelats Euskaltegian. “Azpeitiarren %90 euskaldunak dira eta euskara jakitea garrantzitsua dela ikusten dut harremanak izateko. Herrian hobeto moldatzeko eta integratzeko beharra sentitzen dut. Gainera, arrazoi morala ere sentitzen dut. Izan ere, euskara ikasten hasita, hizkuntza gutxituen aldeko errekonozimendua egiteko era bat bezala ere ikusten dut”.
Arbuesek “beharra sentitu” du euskara ikasteko, eta ahal den ondoen antolatu nahi du denbora. Lehen urratsean hasiko da, baina orain dela urte batzuk ere eman zuen izena euskaltegian eta, ordutegi arazoak zirela-eta, ez zuen klaseetara joateko aukerarik izan. Orain berriro eman du izena eta “klaseak hartzeko animatuta” dago. Ordutegia hobeto etorriko zaiola espero du.
Nahiz eta ikasturte berria orain hasi, esan bezala dagoeneko hilabete batzuk eman ditu Chusemik euskara ikasten. “Aurten, otsailetik ekainera bitartean Azpeitiko Udal Euskaltegian klaseak hartu nituen eta esperientzia polita izan zen. Gainera, Internet bidezko autoikaskuntza programaren bidez, euskarara gehiago hurbildu naiz”. Orain, ikasturte berriarekin, Udal Euskaltegian jarraituko du klaseak hartzen, bigarren urratsean. Era berean, auto-ikaskuntza programarekin segitzeko asmoa dauka.
Ingurunea lagungarri dela esaten du Chusemik, “klasean ikasten duzunetik gero kalean hitz egiten denera gauza batzuk aldatu” egiten direlako. “Gainera, beti galdezka ibiltzen naiz: ‘Hau horrela al da?’... Asko laguntzen dit jendeak, eta neuk ere interesa jartzen dut gauzak ikasteko”.
Aurrera begira. Etorkizunean euskaraz bizitzeko ahalegina egingo duela dio Chusemik, nahiz eta “dagoeneko egindako harremanetan ohiturak aldatzea zaila” dela onartu. Hala ere, “lehenago edo beranduago integratu egin behar duzu eta horretarako euskara ikasi behar da”.
Mezu positiboa eman nahi du, gainera: “Euskara, oso hizkuntza polita da, euskara ikastea ederra da”. Eta ikasteko orduan gauzak lasai hartzea komeni dela uste du: “Ez da desesperatu behar, hizkuntza bat ez delako egun batetik bestera ikasten”.
Arbuesek euskara klaseak hartzean plazerra bilatzen du. “Ez dut nahi egunean zortzi orduan lanean egon eta gero, beste hiru orduan ‘beste lan bat’ bezala izatea euskara ikastea. Zerbait atsegina izatea nahi dut, horrela aurrerantzean ikasketarekin jarraitzeko motibazioa ere bultzatzen de-lako”.
Etorkizunari begira, euskara erabiltzea nahiko luke Arbuesek: “Ez dakit egunerokotasunean euskaraz bizitzea posible izango dudan baina, behintzat, harreman batzuk euskaraz izatea espero dut epe batera”.
Horretarako eman dute biek izena euskaltegian. Azken batean, borondatea dutelako.
|