Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Soziedadetik Ustarrira

Ihintza Agirretxe

Zokoa elkartekoen soziedadea bota egin behar dute eta, behin-behinean, pare bat urtean Ustarri bodegoian izango dute egoitza

Zokoako bazkideak irailaren 29an, egoitzari agurra emateko egin zuten afarian.  (Ihintza Agirretxe)

Enparan kalean, kale bukaeran, etxeak botatzekoak dira. Horiekin batera, Zokoa elkartekoen soziedadea ere bota egingo dute. Baina dagoeneko topatuta dute elkartearentzat beste txoko bat: Ustarri bodegoia, Eliz kalean. Han izango dira pare bat urtean, Enparan kalean berriro etxeak egin artean.

Oraingo tokiari agurra emateko afaria egin zuten bazkideek irailaren 29an. “Orain 2 urte inguru etorri zitzaizkigun Udalekoak proiektua aurkeztera”, dio, afaltzen ari den bitartean, Jabier Etxanizek. “Hitz egiteko prest geundela esan genien, eta hitz egiten hasi ginen”.

Baina 2 urteotan negoziazioak geldirik ere egon dira. “Urriaren hasiera-hasieran ginen Ustarrira aldatzekoak, baina oraindik gauza guztiak ez omen ditu lotu Udalak eta...”. Baina ez dute uste denbora hori luzea izango denik. “Urrian hara joatea espero dugu. Hor dituzten arazo horiek laster konponduko dituztela uste dut”, dio Etxanizek. Zokoak 44 bazkide ditu (denak gizonezkoak dira) eta denek onartu dute leku aldaketa. “Aho batez onartu genuen eman ziguten aukera”. Elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta egoitzak berritu bat hartuko du.

Soziedade berriak. Azpeitian 32 soziedade daude eta 24. zaharrena da Zokoa. Loiolabide zahar eta Ziripot dira berrienak. Maiatzean ireki zuten Loiolabide zahar eta uztailean Ziripot, eta bi soziedadeetako kideek diotenez, “martxa ona” izan dute hasiera honetan. “Aste bukaeretan jende asko ibiltzen da”.

Ustarri bodegoia itxita udaratik. “Soziedadean bota zuen norbaitek Ustarri bodegoiaren izena. Udaran itxi zuten eta guk behin-behinean soziedadea han izateko egokia izan litekeela pentsatu genuen”, dio Etxaniz Zokoako bazkideak. Udaletxera joan ziren proposamenarekin eta balekoa jaso zuten. 2 urte pasatuko dituzte Ustarrin eta, ondoren, berriro oraingo lekura bueltatuko dira, Enparan kalera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak