Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria »  04 »  Iñaki Errazkin

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iñaki Errazkin: “EAJ ‘apartheid’-aren legegintzaldia ari da aprobetxatzen arauak onartzeko”

Iñaki Errazkin  (Ihintza Agirretxe)

Habeak ez dio onespenik eman arau ordezkatzaileei; berak planteatzen duen herri ereduak ez omen du zerikusirik onartu berri diren arauekin. Oreka, garapen soziala... beste era batera ulertzen dituztela dio Iñaki Errazkin udal ordezkariak. Orain arte eman den garapenaren segida bat bezala ulertzen dituzte oraingo arauak. Habeak bere proposamen orokorra herri batzarrean eztabaidatu zuen, eta proposamen txikiak eta zehatzak egiteko konpromisoa hartu zuen, “proposamen txikiekin, proposamen handiak ere lor daitezkeelako”.

Arau ordezkatzaileen berrikuste fasea aspaldi hasi zen.

Arau ordezkatzaile hauetan, Loiola aldeko leku hori izan da eztabaida gai nagusia, udal gobernu batzordean ere ez direlako ados jarri. Hor interes ugari dago, promotora ugari, alderdien barruan ere interes ezberdinak daude, eta hori dela-eta ezin izan dira adostu arauak. Gai horren inguruan hainbat aldaketa eta hainbat borroka izan dira barne mailan ere. Baina, azkenean, interes batzuk medio, dena urbanizatzeko apustua egin da. Beste gauza bat da noiz, nola eta zeinek egingo duen. Baina benetako eztabaida, garapena beste era batera egiteko aukera edo ez dagoen aztertzea hain zuzen, alderdien arteko gerra horrekin estali da.

Oreka, garapen soziala... Zer diren esan.

Ematen ari den hazkundea izugarria da, eta dauden behar ezberdinei ez zaio konponbiderik bilatzen. Gure helburua, eztabaida mahai gainean jartzea izan da: etxebizitza, industriagune... Zementuan oinarritutako hazkuntza ikaragarria proposatzen dute eta ez dugu aztertu behar ezberdinen arteko oreka. XX. mendean eman zen garapenaren jarraipena da. Garapen iraunkorraz hitz egiten badugu, uste dugu aldaketa bat eman behar dela eta oreka mantendu behar dela. Aurretik egin den aldaketa eta garapen eredu berak segitzen dituzte, ordea.

Behin eta berriro aipatu dira etxebizitzak...

Eztabaida ez genuke nahi, ordea, etxebizitzen kopuruan eta kokapenean zentratzea soilik eztabaida. Eztabaidak zabalagoa eta sakonagoa izan beharko luke. Etxebizitzak egitean kopurua, non egingo diren eta zer azterketa eta eztabaidaren ondoren egin behar diren jakin nahi genuke. Orain arte ez da halakorik egin. Formula aritmetiko bat hartu da eta, gure ustez, interesak justifikatzeko formula da hori. Ez dugu ikusten beharren inguruan azterketarik egin denik. Gero beste azterketa, etxebizitza moten inguruan egin beharko litzateke.

Nolako azterketa?

Etxebizitzak egiten dira baina ez da jakiten herritarrek zer behar dituzten. Erosteko etxeak, babesekoak eta garrantzia hartu beharko lukeen alokairua publikoa bultzatu beharko lirateke. Hori alde batera gelditu da eta uste dugu gai horri heldu behar zaiola. Gainera, hainbeste etxebizitzak egitea babes ofizialekoak egingo direnarekin justifikatu nahi dute.

Eztabaida herriratu nahi zenuten. Eta?

Kontuan hartu bi norabide nagusi daudela gai honetan. Bat, zein eredu planteatzen den herrirako eta, bestea, hori nola egin erabaki. Gainera, lehengo agintaldian zetorren eztabaida utzi egin zuten eta, nolabait, ezker abertzalearen ilegalizazioaren garaian berriro hartu dute. Eta, batik bat, azken 2 urteetan hartu dute eta gauzak korrika eta presaka egin ditu EAJk. Une honetan arauak EAJren botoekin bakarrik onartuko direla ikusten dugu. Habea eta EA aurka gaude. Hauteskunde normal batzuetan EAJk gehiengo oso hori ez luke izango eta, beraz, ez dugu ikusten zer zilegitasun duen erabaki horrek. EAJ, apartheid-aren legegintzaldia aprobetxatzen ari da arauak onartzeko, baina horrek ez du zilegitasun demokratikorik. Lege antidemokratiko bat aprobetxatzen dute gehiengoarekin onarpena egiteko, kontuan izan gabe egoera normal batean legez oposizioan legokeen alderdia (Habea).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak