Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria »  04 »  Manuel Unanue

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Manuel Unanue: “Ez dago udalik Azpeitikoak egin duena egin duenik"

Manuel Unanue.  (Ihintza Agirretxe)

EA eta EAJ batera daude udal gobernuan baina, beste gai garrantzitsu askotan bezala, arau ordezkatzaileetan ez dira ados jarri.

Arauak onartzeko prozesua luzea izan da.

Bai, prozesua Jose Mari Bastidak hasi zuen 2003an, alkate zela. Bastidak proposamena egin zuen eta alegazio asko izan ziren. 2004an erantzun zitzaien haiei. 2005ean dekretu berriak irten zuen, aurtengo maiatzean beste batek... Guri arauen hiru dokumentu ezberdin eman dizkigute. Horrek berak erakusten du edozein prozesutan ondo ezarrita izaten diren oinarriak ez direla hasieratik ondo finkatu. Hori arau ordezkatzaileetan, baina hor bada aldaketa puntual bat Etxebeltz-Izarrari dagokionez eta horrek ere aldaketa ugari izan du.

Etxebizitza kopurua izan da eztabaida gai nagusi...

Kopurua, piramide baten punta besterik ez da. Azkenean, zenbakiak proposatzen direnean, atzean beste zerbait egoten da, filosofia bat egoten da. Ez dago udalik, Azpeitikoak egin duena egin duenik. Normalean, lurralde planak ezartzen duen adina etxe beti egiten dira, baita pixka bat gehiago ere. Baina Azpeitian ez. Kopurua jaitsi dugu, eta horrek atzetik badu zerbait. Garrantzitsua da zer ordenazio eta nola egin nahi duzun jakitea.

Zuen kasuan, Etxebeltz-Izarrakoa izan da arazo nagusia.

Guk Izarra eta Esklabetakoak batera egiteko eskatzen genuen. Bi area bat egingo balira, ekipamenduak banatzea-eta askoz errazagoa litzateke. Baina ez dute horrela egin EAJkoek. Udalak, gutxienez, posible zuen 425 etxebizitza bereak izatea, baina esku pribatuen esku utzi ditu. Ez dute errekalifikatu, baina lehen 170 etxe egin behar zituzten lurretan, orain 320 egin behar dituzte. Gero, sozialak omen dira... Soziala izango litzateke, 100 etxe libre egin beharrean babesekoak egingo balituzte. Legeak esaten didana egiteagatik sozialak? Legea da soziala, ez beraiek.

Dena EAJk egin al du gaizki?

Guk ere errua izango dugu, ez dugulako jakin konbentzitzen. Edo guk hain garbi ikusten duguna ez dugu jakin transmititzen. Udal hauteskundeak ere laster datoz, eta ea aldaketak dauden eta beste politika bat posible den.

Arauak Habearen eta EAren botorik gabe onartu ditu Udalak.

EAJkoek gehiengoarekin nahi dutena lor dezakete. Hala ere, begira zenbat denbora daramaten ezinean. Guk desadostasunak, beraiek hitz egin ondoren azaldu ditugu beti. Lehenengo, gauzak entzun egin ditugu eta gero, gure desadostasuna azaldu. Baina gu ez sartu EAJren zaku berean. PP eta PSE-EEren botoak jaso izan ditu, PPkoa aurrekoan abstenitu egin zen... Nik aurka inor ez dut nahi, baina bidelagunen bat aukeratu beharko banu, badakit zein aukeratuko nukeen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak