IŅIGO IBARGUREN liburua egin du
"Liburu bat idatzi dut baina argitaratzea zaila dela badakit"
Ihintza Agirretxe
|
|
Iņigo Ibarguren
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Iņigo Ibargurenek (1979) giharretako gaixotasuna dauka, gauza asko egitea eragozten dio horrek, baina idaztea, adibidez, ez. Eta idaztea gustatu egiten zaionez, idatzi egiten du, baina orain arte lotsa eman dio zaletasun hori duela aitortzeak. Hasieran leitzea zuen atsegin, baina denborarekin, bere burua frogatu nahian, idazteari ekin zion. Eta liburu bat egin du: Malanjeko taupaden atzetik. Nobela da, euskaraz. Bidali du argitaletxeetara baina ez du erantzun onik jaso: ez diotela aterako. Edo ezta erantzun ere. Ez dauka etsitzeko asmorik. Oraingoan ez bada, hurrengoan izango dela dio, nahiz eta mundu horretatik gehiegi ez espero; oso zaila da.
Nolatan hasi zinen idazten?
Aspalditik irakurtzeko zaletasun handia dut, eta egunen batean ea neuk idaztea posible ote nuen frogatu nahi nuen. Hasiera batean ez nintzen gehiegi fio neure buruaz. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen. Gero pertsonaia bat sartu, eta beste bat eta pixkanaka gauza bat bestearekin lotzen duzu eta nobela osatu arte.
Hasieratik garbi al zenuen kontatu behar zenuen istorioa edo gero joan zara sortzen?
Ez, ez nuen ezer planifikatuta. Hasieran egoera bat deskribatzen hasi nintzen eta dena lotzen hasi nintzen. Horrelaxe, istorio batek irten du.
Zuk giharretako gaixotasuna duzu. Ordenagailu aurrean ordu asko egoteko edo eragozpenik ba al duzu?
Ez. Gaixotasunak bizimoduko beste gauza askotan eragiten dit, gauza asko ezin ditut egin: lasterka ezin dut egin, eskailerak ezin ditut igo, aldapak-eta ere ez... Bestela, ez daukat arazorik. Idaztea, adibidez, ez dit eragozten. Telebista ikusten edo musika entzuten egoten naizen bezala egoten naiz ordenagailuaren aurrean, eta ez dut denbora askoan bertan egoteko inolako arazorik.
Eskuetan ez duzu arazorik...
Ez. Eskuetan badut nahiko indar horretarako.
Liburu hau egin aurretik idazten al zenuen?
Gero sortutako zaletasuna da. Lehen esan bezala, irakurtzea asko gustatu izan zait beti. Gauza ezberdinak irakurri izan ditut baina, batik bat, nobelak. Gero idazteko gai al nintzen probatu eta nobela hau idatzi dut.
Noiz hasi zinen nobelarekin?
Orain urtebete-edo.
Nori zuzenduta egin duzu?
Neurezat egin dut, batik bat. Neuri zerbait demostratzeko egin dut. Gero arrakasta izate hori zaila da.
Idazle batzuek esaten dute lehenik eta behin norberarentzat idazten dutela...
Agian, aitzakia itxura du. Badakit literaturaren munduan aurrera egitea oso zaila dela, idazle onek ere hori diotelako. Zaila da liburua argitaratzea eta zailagoa argitaletxe on batekin argitaratzea.
Zu saiatu zara...
Bai, hala da. Hiru euskal argitaletxetara idatzi nuen ea liburua bidaltzerik banuen, eta hirurek esan zidaten lasai bidaltzeko, irakurriko zutela eta denborarekin erantzungo zidatela. Bidali nien hirurei eta batek erantzun zidan; irakurri zutela eta gehiegi ez zitzaiela gustatu, ondo dagoela saiatzea baina... Ezezkoa bezalakoa zen, nahiz eta haiek oso garbi ez esan.
Zein izan zen erantzun zizuna?
Elkar. Erantzun zidana Xabier Mendiguren Elizegi idazlea izan zen eta erantzutea bera eskertzen dut nik.
Argitaletxeekin saiatzen segitzeko asmorik?
Agian, bai. Liburu hau argitaratzea oso zaila ikusten dut, ordea. Gero hor Interneten uste dut badagoela aukera bat liburua argitaratzeko (*), zeuk ordaintzen baduzu. Ez naiz ondo enteratu, baina prezioei-eta begira egon nintzen eta ez dira oso garestiak. Igual, denborarekin horrelako zerbait egingo dut.
Liburua lagun batzuei eman zenien irakurtzeko.
Bai. Nobela idazten hasi nintzenean, hasieran anaiei-eta eman nizkien orrialde batzuk leitzeko eta barre ederrak egin zituzten nire kontura. Bestela, ondo, aholku onak entzun ditut eta gustura nago. Iosu Badiolak, batik bat, asko lagundu dit; gauza batzuk zuzenduta ekarri zizkidan, bestelako aholku batzuk ere eman zizkidan...; asko eskertzen diot guztia. Horrela ere asko ikasten da.
Zer kontatzen du liburuak?
Angolako herri txiki batean kokatutako istorio txikia da. Afrikako kontuak betidanik gustatu zaizkit: afrikarren bizia, hango txirotasuna, injustiziak... Hango familia baten bizia azaltzen saiatu naiz.
Eta nola dokumentatu zara horretarako?
Zaila da hango berri izatea, hemengoa beste mundu bat baita. Baina gustukoa dut Afrikako kontuak irakurtzea. Aldizkarietan azaltzen diren historiak, elkarrizketak irakurtzen ditut, eta telebistan botatzen dokumentalak ikustea ere gustatzen zait. Libururen bat edo beste ere irakurri dut.
Denetik zerbait ikasten da, eta saiatu naiz azaltzen, ondo edo ez.
Idazten segitzeko asmorik bai?
Segitzen dut idazten. Dagoeneko hasita nago beste zerbaitekin. Oraingoan, Euskal Herriko istorio bat kontatzen hasi naiz, baina badaezpada ez dut gehiegi hitz egingo. Izan ere, gero ez badut ezer egiten...
Gustua hartu diozu, behintzat.
Gainera, gauzak egiten ari zaren heinean nabaritzen duzu gauzak hobeto egiten dituzula, akats gutxiago ere bai...
Azken batean, zer ikasi duzu idaztean?
Imajinazioa asko landu behar da. Pertsonaia bakoitza imajinatu egin behar duzu, une bakoitzean zertan ari den pentsatu, hori nola azaldu, deskribapenak egin... Dena zaindu behar da, azken batean.
|