|
|
|
Eta beste
‘Marea biziak’
Maria Jesus Aranburu
Ugariak dira ordaindu beharreko dibertimendu eta ikuskizunak
(zinema, kirola...), baina beste hainbeste edo gehiago aurki ditzakegu doan; naturak eskaintzen dizkigunak, adibidez. Urtaro bakoitzak ditu bereak eta, orain, ikusgarriak ditugu mendiak, basoak, itsasoa... Gaurkoan itsasoari begiratuko diot: marea biziei, hain zuzen.
Sortzen diren olatuak, mareak dituen gorabeherek estaltzen edo bistan uzten dizkiguten hondartzak... Baina ikuskizuna ez da hori bakarrik, gero eta gehiago diren surflariak eta euren trebetasuna ikustea baizik.
Gure kostaldea gero eta ezagunagoa omen da munduan surf egiten dutenen artean eta, Mundakako ezker olatuak ez ezik, Zumaia, Getaria, Zarautz, Donostia zein Iparraldeko hondartzek ere bisitari ugari dute.
Oilo-larrua ipintzen du surflarien ausardia ikusteak, olatuaren bila
joanez, gustukoa ikusi arte taula gainean egonez eta, azkenean, olatua hartu eta arriskuak saihesteko duten abilezia erakutsiz, dantza eta akrobaziak eginez.
Itsasoak duen erakargarritasuna niretzat behintzat, ikaragarria da,
lasaitu, astindu, ikaratu edo plazerra sortzen dit, garai honetan itzelak diren olatuekin jolas egiten duten surflariek liluratu egiten naute. Horra aukera paregabea ikuskizun eder horrekin doan gozatzeko.
Itsasoa marea biziz nahasia dago, indartsu, edo erabat apal hego haizea denean. Gure egoera politikoa ere berdintsu ikusten dut, batzuetan indartsu, arazoa konpondu nahian, besteetan apal, lokartuta bezala, edo nahasia noraezean. Kasu honetan, ordea, ez da nahikoa begira egotea, era batera edo bestera denok ‘busti’ beharko baitugu. Jakingo ote dugu surflari onen gisa olatu egokia hartu, beharrezko akrobaziak egin eta noraezean ibili gabe iritsi beharreko tokira iristen!
|