Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria »  Iritzia »  A.A.L. demokrata-kristauen jomuga

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

A.A.L. demokrata-kristauen jomuga

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Hizpide izan da Xoxoten San Inazioren estatuaren kontra egin duten erasoa; behealdeko zatiak hautsi dizkiote. Xabierrek, Mikelek eta Haizkurgik ez diote aktualitate hori muzinik egin eta ondorioak atera nahi dituzte

Xabier. Xoxotera igo al zarete San Inaziyo erasotu dutenetik?

Haizkurgi. Ez nauk oraindik iritsi, baina badiat gogoa dena lehengora bueltatu aurretik ‘zero gunea’ nola geratu den ikusteko.

Xabier. Xoxote ez duk lehen zena inoiz izango. Azpeitiar guztion ikurra gupidarik gabe erasotu ditek eta horrek ez dik atzera bueltarik. Natura ere goibeldu duk inguruetan atentatua gertatu ondoren. Zuhaitzak pixkanaka beraien hosto tristeak galtzen ari dituk, negar tantak bailiren. Hori gutxi ez eta orain arte Xoxote bizilekutzat zuten hegaztiak ihesean zoazak, gertatutako hondamendiaz beldurtuta.

Mikel. Hi, ‘Atxaga’, malkoak isurtzekotan egon nauk baina ez al haiz ohartzen dagoeneko udazkenean sartu garela eta naturan fenomeno horiek normalak direla? San Inaziyoren gainjantzi apurtuaren babesik gabe neguan hotza pasatuko dugula esatea bakarrik falta zaik.

Xabier. Ez ezak iraindu San Inaziyo, Azpeitiko zaindari eta patroia duk eta. Xoxoten jazotako erasoa ez duk hasiberri batek egindakoa, antolamendu eta azpiegitura handia eskatzen duena baizik. Zer erasotuko ditek hurrengoan, Olazko ermita, akaso?

Haizkurgi. Jakina duk, San Inaziyo eta gu guztion Aitak —Ratzinger Jaunak, alegia—, egin bide dituen adierazpenen ondoren, islamdar guztiak mundu osoan mobilizatu direla. Al Kaedak Azpeitian sortutako zelula baten eskua izan zitekek muntaia honen atzean! Beldurtzen hasia nauk ni ere. ‘Herriko taberna’ guztiez gain, lokutorioak ere ixten hasi beharko diagu aurrerantzean.

Xabier. Ez duk Al Kaeda izan! Kasu hau gertutik jarraitzen ari nauk eta iturri onetik zakiat Udaltzaingoaren ikerketa zorrotzaren berri.

Mikel. ‘Ixpixiyoko CSI’-k guztiz baztertu al du Al Kaedaren hipotesia? Izan ere, entzuna diat Lino artzainak badituela atzerritar bat baino gehiago bere bordan lanean, gazta egiteko aitzakiarekin.

Xabier. Udaltzaingoa egiten ari den ikerketa ez duk ahuntzaren gauerdiko eztula, moteil! Erasoa gertatu eta berehala Udaltzaingoaren eliteko ikerlariak Linoren borda inguratu zitean. Gau osoko itaunketaren ondoren, garbi gelditu zuan nongoak ziren erasotzaile zitalok. Izan ere, Lino itaundu zian uniformedunaren koletaren mugimenduak, artzaina hipnosi egoeran jarri zian eta orduan gogoratu zuan erasoa egin zen gauean “hiru, hiru!” zioten oihuak entzun zirela mendikate guztian zehar, ardiek ihesari emateraino.

Haizkugi. Oihu haiengatik ezin duk baieztatu azkoitiarrak izan zirela erasotzaileak!

Xabier. Ez duk hor amaitzen ikerlana! ‘Zero gunea’ aztertzean, A.A.L. siglekin sinatutako pintada bat aurkitu zitean, San Inazixo axkoittiarra zioena, alajaina. Eta hori ez duk okerrena! Nire iturrien arabera, Azkoittiko Andramariren Legioaren helburua ez zuan irudia apurtzea edo iraultzea, San Inaziyo Azkoitira begira jartzea baizik. Trakestasun horrek, bete-betean ziurtatzen dik azkoitiarren parte-hartzea. Azpeitiak ez dik barkatuko, ez ahaztuko!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak