Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria »  Iritzia »  Lua

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Lua

Olatz Prat

Lua, politt hori, hasi al zaizkizu masailtxoak betetzen? Zure begi txikiak irekita argazkitan soilik ikusi ditut oraindik, urdinxkak dira, ume jaio berri guztienak bezalakoak, eta zure hatz txikiak ere besteenak bezalakoak dira, politak, finak, perfektuak. Baina besteek entzun ez dezaten baju-baju esango dizut: zu ez zara beste ume guztiak bezalakoa, zu munduko polittena zara, printzesa.

Jaio zinela jakin nuenean aspaldian sentitu gabeko poza sentitu nuen nire barnean, begiak bete-bete egin zitzaizkidan eta nuen irribarrea belarri batetik besterainokoa zen. Segundo batzuetan begiak itxi eta sentsazio berezi bat sentitu nuen, konexio bat, kontzientzia era guztietatik aldentzen den afektuzko konexioa. Zoragarria.

Tokatutako ingurua. Nora iritsi zaren esango dizut, oraindik pixka bat galduta egongo zarela badakit eta. Euskal Herriko herri batean jaio zara: Azpeitian, hain zuzen ere. Munduratzeko leku aparta da Euskal Herria, hondartza ederrak, mendiz beteriko paisaia berdeak... Euria sarri egiten du, baina hau guztia ez litzateke hain berde eta polita izango euririk egingo ez balu, eta udazkena ez litzateke soineko gorriz jantziko udara berdez jantziko ez balitz.

Gurasoek erakutsiko dizute natura maitatzen eta zaintzen, azken boladan triste samar dabil eta. Euskal Herrian, horretaz aparte, badirudi gauzak pixkanaka baretzen doazela. Nahasia dago hau ni jaio baino askoz aurreragotik, baina tira, batzuen eta besteen lanarekin eta ahaleginarekin zerbait lor daitekeela ematen du oraingoan behintzat, asmoa izatea ez da gutxi. Nahiago nuke bakea ezagutuko duen lehen belaunaldia zeurea balitz, eta nahasmen eta borroka horri buruzkoak historiako liburuetan soilik irakurri beharko bazenitu, egunkarietan irakurri ordez. Kontuak kontu eta gauza negatiboak dituen arren, Euskal Herria bizitzeko leku polita da.

Orain ohartzen ez zaren arren, esango dizut ederra dela bizitza. Urteak aurrera joan ahala, gero eta arazo gehiago eta handiagoak izango dituzu. Umetan eskolan izan dezakezu tira-biraren bat edo beste; nerabezaroan ordutegi eta baimenengatik haserre bat baino gehiago izango duzu gurasoekin ziurrenik eta ikasketek momentu txarren bat pasatuarazi diezazukete; gaztetan 30 metro koadroko etxe batean bizitzeko aukera eman dizutelako pozik egon beharko duzu edo kontratua beste hilabete batez luzatuko dizutelako; gero zure haurrak eta familia izango dira zure buruhauste nagusia eta aurrerago, berriz, gurasoak. Baina momentu txarrak beharrezkoak dira bizitzaren edertasunaz konturatzeko; ekaitz ondorengo barealdia bezalakorik ez dago.

Bizitzaren zentzua. Bizitzaren zentzuari buruz pentsatu beharrean aurkituko zara behin baino gehiagotan. Zentzua ez dio jostailu batek emango, edo gustatzen zaizkizun galtza edo kamiseta horiek, ezta etxe handi eta eder batek ere. Harremanek betetzen dute bizitza zentzuz. Naturarekiko harremanak, guraso, lagun zein bikotearekikoek, eta horiek guztien gainetik, zeure barruarekiko harremanek. Horiek ondo zaindu txiki, eta bizitzan garrantzitsuena izango duzu, beste edozeri aurre egin ahal izateko indarra horietatik lortuko duzu eta.

Jakin ezazula azken 22 urtetan familiako txikiena izan naizela eta postua kendu didazula orain, baina ez naiz haserretuko, erreleboaren ordua baitzen jada. Orain zuri kontutxoak egitea tokatzen zaigu, zu besotan hartzeko txanda hartzen ibiltzea, zure lehen hitzak entzutea, oinez ikasten laguntzea, irribarre egin ezazun saiatzea, zurekin jolastea, sehaskaren inguruan bildu eta zuri begira egotea, zure negarrak entzutea... Hazten ikusi eta laguntzea.

Lua, ilargia, argiz betea... biribila oraindik ez, txikia etorri zara eta, baina ez kezkatu, ongi hazteko ez zaizu-eta janari ederrik faltako inguruan; zure birramonaren bizkotxoa ezagutzen duzun egunean jakingo duzu zertaz ari naizen.

Zoriontsu izan zaitezen nahi dut, inork ez zaitzala mindu, ezerk ez zaitzala tristetu eta, noizbait nire beharra izanez gero, ez duzu deitu beharrik izango, zure alboan egongo naiz eta. Ongi etorri mundura txiki. Maite zaitut.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak