Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urria »  Iritzia »  ‘Momentikoa’

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

‘Momentikoa’

Koldo Aldadur

Gutxien espero duzunean azaldu ohi da eta, aldiz, amorratuta bila ibili arren, berak nahi ez badu, ez da azalduko, hori ziur izan ezazu. Nafarroan ‘momentikoa’ deitzen diote eta bizitzaren motorra da nire ustetan.

Elkarrizketa interesgarri bat izan daiteke, doinu bat, begirada bat, irribarre txiki bat edo etorria gainezka duenaren irteera umoretsu bat... Bihotzeko txokorik ezkutuenetik ateratako oihua izan daiteke edo bizitzan daukazunaz ohartu zaren une txiki baina polit hori ere bai. Egunez sor daiteke baina, niri behintzat, gauez edo goizaldera azaldu ohi zait ia beti. Parrandaren usaina izan ohi du baina ez da derrigorrezkoa horrela izatea.

Ingurura begirada bat botaz. Banoa Tolosatik barna nire kotxearen bila inauteri garaian. Halako batean Donostia aldera dagoen Belate auzoan dagoen zubian, hirurogeita laupabost bat urte dituen emakume bat bere txilaba eta guzti ikusi dut nire begien aurrean. Mila koloreko txilaba bat soinean eta karritokarmena zituen. Etsita zegoela iruditu zait niri, seguruenik inauteriak dagoeneko luzeegiak direlako berentzat eta nazkatuta dagoelako besteei arropak garbitu eta jatorduak prestatzeaz jadanik. Hori pentsatu dut nik, behintzat. Beste inor ez dago andre hura dagoen zubitxoan. Bera, karritokarmena, eta nire usteak bakar-bakarrik.

Andrearen momentutxoa. Eta bat-batean, txaranga baten doinu alaiak hartu ditu goiza eta zubia. Emakumea geldi-geldirik geratu da bat-batean atzera begiratu ere egin gabe, erosketaz erdi betetako karritoa ere gelditu du, eta bizitzak berekin dituen zama guztiak utzi alde batera eta han hasi da dantzan alde batetik bestera segituan. Bakarrik, bere ustez, baina bizipozez gainezka musikak iraun duen bitartean. Momentutxoak harrapatu du.

Eta beste begiradatxo bat. Pilota partida goizean jarri digutela eta, Iruñean gabiltza almuerzikoa non egingo dugun erabaki nahian. Azkenean erabaki dugu.

Leyrek kanpoan dituen mahaietan eseri gara arrautza parearen zain. Ondoko mahaian eserita familia handi bat dago amonaren altzoan. Piesnegros itxurako bilobaz eta haren bikoteaz aparte, denak arropa zuri-zuriak jantzita dituzte, dotore-dotore. Hasi da zimurrez betetako amona jota bat kantatzen eta inguruko denak isildu gara bat-batean. Denok asmatu nahi izan dugu adin horretan horrela kantatzen badu, zer ote zen gaztetan jakin. Kantu erdian sartu da 'duo'-a egitera biloba piesnegrosa eta inork ez du dudarik ere egin aurretik ere elkarrekin sarri aritutakoak direla biloba eta amona kantuan. Santikoa gora estreinakoan eta maitasunak Pirinioetako elurra urtu zuenekoa gero kantatu dituzte.

Bukatu dutenean, amonak mahaian zituen txokolatearekin eta txurroekin segitu du. Ilobak zerbezari tragoa jo dio eta igurtzi pasada gozoa eman dio alboan duenari. Biak gustura, urteetako zitak ez duelako etenik izan. Momentikoa.

Eta gure herrian zer? Eta entzuten dudanean azpeitiarrok festa zaleak garela, sokamutur bukatu ezinarekin, edo prozesioarekin, edo Meza Nagusiarekin, edo zezenketekin, edo Madrildik ekarritako orkestrekin, edo suzko erroberekin gogoratzen naiz, eta oroitzapen horretan ez dut zubi gaineko emakumerik ikusten. Ezin ditut amona-ilobak kantuan irudikatu ere. Momentu interesgarririk gabekoak iruditzen zaizkit herriko festak.

Festa, berez, gure barnean balego bezala da eta ez tradizio asko eta kasta txikiko itxurakerietan. Hori bai, halakoren batean une bereziotako bat gainera erortzen bazait Erdi kalean nabilela, ezustekoa mundiala izango da. Baina ez dut espero.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak