|
|
|
Ahotsak Edinburgora
Miren Garate
.50 urte dira Azpeitiko tipleak Eskoziara joan zirela, kantura. On Julian Barrenetxea zuten maisu eta aho zabalik uzten zituzten denak
|
|
Javier Altuna, tiple ohia
(Ihintza Agirretxe)
|
|
|
|
Joxe Antonio Esnaola, tiple ohia.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
|
|
Joxe Antonio Unanue eta Joxe Antonio Esnaola, han hartu zituzten familiarekin.
(Joxe Antonio Esnaolak utzitakoak)
|
|
Edinburgo, 1956ko abuztua. Azpeitiko mutil kozkor talde bat kantuan —‘tipleak’ deitutakoak—, galtza eta alkandora zuriak eta jertse urdina soinean zituztela. Aretoa beteta, jendea aho zabalik begira. Mende erdia pasatu da eta tiple haiek heldutu dira, baina oraindik ondo gogoan dituzte Eskozia aldeko oroitzapenak. Adibidez, Jabier Altuna eta Joxe Antonio Esnaolak.
Tipleen taldea abesbatza bat zen, 6-14 urteko mutilek osatua. 40 lagun inguru ziren guztira eta kide izateko bi baldintza ziren beharrezkoak: belarri eta ahots ona edukitzea. “Ahots ona izan arren belarri txarra izanez gero, jai izaten zen”, dio Altunak. Azpeitian asko ziren kanturako balio zutenak eta, hala, kalitate handiko taldea osatu zuten.
On Julian Barrenetxea izan zuten erakusle. Parrokiko apaiza, organujolea eta Jesuitinetako kapilaua zen Barrenetxea, tipleen erakusle izateaz aparte. “Oso maisu ona zen, eta guk ikasteko gogoa izateko ahalegin bereziak egiten zituen”, iritzi dio Altunak. Hark bakarrik, ordea, ezin hainbeste laguni irakatsi. “Taldeko zaharrenek gazteagoei erakusten zieten eta, ondoren, Barrenetxeak lezioa hartzen zuen”, dio Esnaolak. Eta, lezioak ikasi ostean taldera, lehenengo edo bigarrengo ahotsean. “Behin tipleetan hasitakoan, aste osoa okupatuta edukitzen genuen: Maiatzeko Loreetan, meza nagusian, Aste Santuan, ezkontzetan... abesten genuen”. Ahotsa aldatzen hasten zitzaienean laga egiten zuten, eta gazteagoei utzi lekukoa.
Gogor egiten zituzten entseguak tipleek: egunero joaten ziren kantura, ordu eta erdi inguruan. Eta, euren kalitatearen erakusgarri, gonbidapen berezi bat jaso zuten behin: 1956an Edinburgoko jaialdian kantatzeko aukera. “Barrenetxeak harreman handia zuen Prieto jesuitarekin. Edinburgotik deitu zioten Prietori, ea ‘Espainia’ aldean ezagutzen ote zuen maila oneko abesbatzarik galdetzeko; hura Azpeitiko tipleokin oroitu zen”, dio Esnaolak.
Hala, Edinburgo, Glasgow eta Paris ezagutzeko aukera izan zuten. “Garai hartan herriko laupabost familia aberatsek soilik zuten atzerrira bidaiatzeko aukera”, azaldu du Altunak. Hala, sekula Donostia baino urrutiago joan ez ziren ume haiek, Eskozia aldera abiatu ziren. “Egundoko ezustekoa izan zen. Beti entzun izan genuen haurrak Paristik ekartzen zituztela eta, guk hara joan behar genuela entzutean, txundituta geratu ginen”, gaineratu du. Haurrik ez zuten aurkitu baina bai ordura arte inoiz ikusi gabeko gauzak. “Gu beti futbolean eta pilotan ibiltzen ginen, geuk egindako baloiekin. Han, ordea, larruzko baloia eta sekulako jostailuak zeuden; ahal genituenak erosi genituen”.
Hala ere, guztientzat ez zen pozgarria izan aukera hura. “Guraso batzuei egundoko beldurra ematen zien semeak kanpora alde egiteak”, dio Esnaolak. “Gaztelaniaz ere ez genekien baina ondo moldatu ginen; erosketak eta guzti egin genituen ingelesez”. Abestu ere egin zuten ingelesez baina aurrez ondo ikasi behar izan zituzten letrak. “Gure ahoskerarekin, ‘Jaungoikoak salba dezala erregina’ esan beharrean ‘Jaungoikoak moztu diezaiola bizarra erreginari’ esaten genuen...”. Jesuitek lan handia izan zuten akats haiek zuzentzen. Normalean, Barrenetxea izaten zuten erakusle, baina Edinburgora Prietorekin joan ziren, bestela haur batek gutxiagok izango zuelako joateko aukera.
Bidaia. Lehenengo geldialdia Parisen egin zuten, egun bat pasatu zuten han baina abestu gabe. Handik Edinburgora. Itsasontziz egin zuten bidaia. “Itsaso txarra tokatu zitzaigun eta ia denok mareatu ginen”, diote. Astebete inguruan egon ziren han eta bertako familien etxeetan hartu zuten ostatu.
Aste hartan, egun batean izan ezik gainerako guztietan eman zuten kontzertua, eta beti leporaino betetzen zen aretoa. Kantatzeaz gain, dantza ere egin zuten; besteak beste, ikurrin dantza. “Egun batean autobusa ordaindu beharrik ez genuen izan, emanaldia izugarri gustatu zitzaielako”. Tartean Glasgowra ere egin zuten joan etorria. “Beldurrak airean joan ginen, atentatu gehien izaten zen hiria zela esan zigutelako”. Nolanahi ere, ikara laster bihurtu zen poz. Izan ere, han kantatzearen ordainetan Glasgowren Lehen Mailako futbol partida bat ikustera eraman zituzten.
Itzuleran, Londresen geratu ziren eta han beste hiru kantaldi egin zituzten. “Kantatzen genuen lekuan uzten genituen arropak eta espartinak. Guk ez genekien bueltan Londresen ere kontzertua eman behar genuenik. Horregatik, Edinburgoko kantaldia bukatutakoan, aurrena harrapatutako espartinak jantzi eta han ondoko zelaira joan ginen, futbolera, dio Esnaolak. Espartina haiek zuriak baziren ere, marroi bukatu zuten. Beraz, bihurrikeria hartaz inor ohar ez zedin erabaki bat hartu zuten. “Hortzak garbitzeko pastarekin igurtzi eta zuri-zuri utzi genituen”. Gainera, ez ziren edonoren aurrean aritu. “Espainiak Londresen zuen enbaxadoreari kantatu genion. Gero lunch-a eman zigun, pintxo txikiekin. Guk sekula ez genuen horrelakorik ikusi eta itxura txarra zutela iruditu zitzaigun. Horregatik, ogia jan eta gainerakoa mahai azpira botatzen genuen”.
Gainbehera. Hurrengo urtean, 1957an, Japoniara joatekoak ziren baina azkenean ez zen posible izan. “Ikaragarria da urtebetean zenbat aldatzen den ahotsa. Urtebetera ez ginen hain onak”, diote. Hala ere, tipleen arrakastaren gainbehera Barrenetxea hil ostean hasi zela uste dute. Izan ere, beste 10 urte inguruan soilik iraun zuten tipleek.
Horretaz gain, 14 urte bete ostean, bakoitzak erabaki behar izan zuen abesten jarraitu ala ez. Esnaolak aurrera segitzea erabaki zuen eta Azpeitian izan diren abesbatza guztietan hartu du parte. Dagoneko 56 urte daramatza parrokiko koruan. Altunak, aldiz, pixka batean segitu zuen baina gerora guztiz utzi.
Gaur egun, “ezinezkoa” izango litzateke tipleak sortzea. “Futbola, saskibaloia... umeek gauza asko dute egiteko eta ezin dute denera iritsi”, diote biek.
Franco bisitari
Francisco Franco espainiar diktadorearen aurrean ere jardundakoak dira tipleak; San Inazio hil zeneko 400. urteurrena ospatu zenean izan zen hori, hain zuzen; Edinburgora joan ziren urte berean. “Franco Loiolara etorri zen bisitan, eta guk orduan eman genuen ikuskizuna”, dio Esnaolak. “Gu, normalean, etxean bezala ibiltzen ginen Loiolan, baina orduan ez zen horrelakorik. Egundoko kontrol neurriak ezarri zituzten bisita hura zela eta”.
Ospakizunak
Datorren urriaren 8an ospakizun berezia egingo dute bidaia haren urtemuga ospatzeko, tiple izandako guztiak biltzeko asmoa dutelako. “Lehendabizi, meza ospatuko dugu, eta han kantuan ariko gara tiple izandako guztiok, Eskoziara joandakoak eta joan ez zirenak ere bai. Ondoren, bazkaria egingo dugu”. Beraz, Esnaolak eta Altunak tiple guztiak animatu nahi dituzte, berriz ere “elkarrekin egoteko aukera bikaina izango da eta”.
|