Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abuztua »  Gerraren oroimera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gerraren oroimena

Amaia Mendizabal eta Ihintza Agirretxe

Aurten 70 urte bete dira Espainiako Gerra hasi zela. Azpeitian 1936ko irailean sartu ziren Francoren tropak. Uztarriak liburua aurkeztuko du, Amaia Mendizabalek egina

Jesus Urbieta, Azpeitiko plazako bere etxeko balkoian.   (Ihintza Agirretxe)
Ramon Altolagirre, Azpeitian Olazko Amaren plazan, aurtengo uztailean.   (Ihintza Agirretxe)
Lurdes Alberdi, Azpeitian, Arana auzoan.   (Ihintza Agirretxe)
Amaia Mendizabal liburuaren egilea.  (Ihintza Agirretxe)
Jesus Urbieta —eskubian—, lagun batekin.   (Jesus Urbietak utzitakoa)

Espainiako Gerrako testigantzak jasotzeko oraintxe ez dago aukera handirik, duela 70 urte hasi zelako gerra zital hura: 1936ko uztailaren 18an. Adinean sartuta daude orduko protagonistak, beste asko hilda dagoeneko. Azpeitian urte bereko irailean sartu ziren Francoren aldeko tropak eta, urteurren hori aintzat hartuta, Uztarriak liburua argitaratuko du irailaren bukaeran, gerrako testigantzak bilduz. Amaia Mendizabal kazetaria ari da egiten eta bederatzi herritarren testigantza pertsonalak bilduko ditu.

Orain urtebete inguru hasi zen Mendizabal Espainiako Gerran parte hartu zutenekin egoten. “Nire familian ere Espainiako Gerra gertaera garrantzitsua izan zen; gure aitona erbesteratua izan zen, haren anaiak frontean ibili ziren... eta banuen gerra horren atzean zeuden istorio horiek jakiteko kuriositatea”, dio Mendizabalek.

Testigantzak jasotzean, asmo nagusia “plurala” izatea izan da, baina nahi baino lan zailagoa izan da hori. “Gure asmoa bi bandoetako jendea topatzea izan da, eta errepublikarren bandoan ere korronte ideologiko ezberdinetako jendea biltzen saiatu gara. Baina oso zaila izan da”.

Gustura dabil, ordea. “Jendeak oso ondo hartu nau orokorrean. Batzuei oso gogorra egin zaie hura guztia gogoratu eta hitz egitea. Baina nik uste gehienek badutela gertatu zen hura kontatu eta jasota gelditzeko nahi hori”.

Frontean ibili zirenak, erizain lanetan ibilitakoak, erbesteratuak, herrian bizi zirenak une haietan... bizipen eta errealitate ezberdinak bilduko ditu liburuan. Aldizkari honetan, aurrerapen gisa, Jesus Urbieta, Lurdes Alberdi eta Ramon Altolagirreren testigantzak bildu ditugu.

Jesus Urbieta: “Nik ez nuen arazo berezirik izan behin etorri ginenean”

Jesus Urbietarentzat ez da gozoa izan gerra bizipenez hitz egitea. Oroitzapen txarrak ditu, eta emozioak gain hartzen dio; batez ere, izan zituzten “traizioak” gogoratzean. Den-dena ez zen txarra izango, ordea; batailoiko kideekin izandako pasadizoak gogoratzean irribarrea eta zenbaitetan barre zabala ere etortzen baitzaizkio. Gudaria izan zen.

Herriko nazionalista askoren bide bera jarraituz, Loiolako santutegian aurkeztu zen Urbieta gerra hasi zela jakitean, 1936ko uztailean. Han antolatzen zen Francoren tropen aurkako erresistentzia. 19 urteko ebanista gaztea zen orduan. Irailean, udazkenarekin batera iritsi ziren tropa karlistak herria, eta Urbietak alde egin behar izan zuen. Aurretik zeukaten negu gogorra: gerra ez ezik, kontzentrazio eremuak, Trabajadores-etako gatibu lanak...; urte ilunak, azken batean.

Nola harrapatu zintuen gerrak?

.19 urte nituen. Orduan nazionalistak Loiolan elkartzen ziren, boluntario bezala joandakoak. Mutil gazte asko elkartzen zen, eta hortik Beizama edo Ernio aldera irteten ziren, handik zetorren fronteari aurre egitera. Eskopetak hartuta joaten ziren, orduan ez baitzegoen ezta fusilik ere. Ni neu ere agertu nintzen boluntario bezala, baina nik ez nuen inoiz parte hartu ateraldi haietan. Ni konfiskatze (errekisa) lanetan jarri ninduten: uralitak, egurra eta halakoak ekartzen genituen. Horretarako Pasaiara joaten ginen eta Bilbora ere bai. Hemen behar zituzten gauzak ekartzen aritzen ginen.

Gerraren aurretik, talderen baten ibiltzen al zinen? Parte hartzen al zenuen politika kontuetan?

Gerra aurretik ez nintzen militantea. EAJren aldekoa betidanik, nazionalista beti. Halaxe zen familia guztia ere. Baina militantea ez nintzen.

Nola gogoratzen duzu Azpeitiko giroa gerra aurreko sasoi hartan?

Herrian denetatik zegoen. Francoren aldeko tropen altxamendua hasi zenean, herriko errekete asko atxilotu genituen nazionalistok. Azkeneko momentuan, ordea, jada beste aldekoak gainean genituenean, preso guztiak libre gelditu ziren. Horietako hiru, anaia azkoitiar batzuk ziren. Behintzat, libratu genituenean erregearen aldeko orroak egiten hasi ziren. Handik zehar zebiltzan CNT milizianoek haiek harrapatu eta Iraetan fusilatu egin zituzten.

Gerra hasi zenean, Azpeitiko orduko alkatea nazionalista zen. Uste dut Agirrenekoa zela; horiek altzari tailerra zeukaten. Badakit behin tropa erreketeak herrian sartu eta gero ere alkatea Azpeitian gelditu zela, baina, egia esan, ez dakit zer gertatu zitzaion. Badakit herrian gelditzea erabaki zuten nazionalistetako batzuk kartzelara eraman zituztela erreketeek, Azpeitia hartu zutenean.

Gorriak, berriz, herrian gutxi ziren. Sozialistaren batzuk eta komunistaren bat edo beste, batere baldin bazegoen; besterik ez zegoen. Akordatzen naiz emakume bat bazela komunista herrian: lohihartzekoa / lan-jantzia (buzoa) jantzita ibiltzen zen. Paulina Bidasolo zuen izena. Hark istorio ederrak ditu! Anarkistarik edo halakorik nik uste ez zegoela.

Eta gerra aurretik, ba al zeneukaten harremanik ezkertiarrekin?

Bai, behin Fronte Popularra osatu zenetik aurrera, lankidetza eta elkartasuna izan genuen geure artean.

Apaiza ere izaten zenuten batailoietan, ezta?

Bai, bai! Teniente edo kapitainaren kargua izaten zuen, gainera, batailoiko apaizak. Egunero ez, baina jaiero entzuten genuen meza. Astoarena gertatu zen horretan, Artxandan, jende asko hil zen, kantitatea! Bi aldeetatik, bai gurean eta bai besteenean. Bukaera aldean izan zen hura; handik segituan hartu zuten besteek Bilbo. Artxandako hartan, gainera, Jose Antonio Agirre lehendakaria etorri zen gu animatzera. Nik ez nuen ikusi, baina hala esan zidaten, behintzat. Laguntza etorriko zela esaten omen zuen, aeroplanoak etorriko zirela eta eusteko. Nik uste dut egiaz pentsatzen zuela esandakoa; Agirre oso gizon fina zen.

Galtzaile gisa, borrokatu zenuten hori bera aguantatu behar izan zenuten ondorengo 40 urteetan. Nola jasaten da hori?

Beno, hona etorri eta lanean hastean, pixkanaka-pixkanaka ahaztu egiten duzu hori guztia. Geure artean elkartzen ginenean jarduten genuen, “akordatze al haiz han nola ibili ginen?”. Horrlakoak bai, baina, bestalde, ahanzten joaten zara. Hala ere, gerora ere EAJko afiliatu bezala jarraitu genuen, batzokietan elkartzen. Nik neuk ez nuen arazo berezirik izan, behin etorri ginenean bizimodu normala eraman genuelako.

.70 urteren ondoren, nola ikusten duzu hura dena?

Oso oroitzapen txarrak ditut guztiaz. Baina ahaztu egin behar da eta aurrera egin. Dena dela, beti ere orduko idealei eutsiz.

Lurdes Alberdi: "Gernikako irudiak ikusita, neure buruari galdetzen diot handik nola irten nuen bizirik"

Duela 70 urte, ia neska kozkorra zela, anaia-arreba gazteak hartu eta Azkoititik ihes egin zuen Lurdes Alberdik, gurasoen bila. Eta duela 70 urte hori egitera bultzatu zuen sendotasun berarekin kontatu du istorioa, ia galderak egiteko aukerarik eman gabe. Izan ere, berak badaki ondo zer den kontatu nahi duena. Ez daramatza alferrik 70 urte bere bizipenak harilkatzen, kontatu duen istorioa ehuntzen; hari finez, xehetasun bat bera ere ahaztu gabe. Azpeitian bizi da 40ko hamarkadatik.

.1936ko gerra mugarria izan zen zure bizian. Baina, gerra aurretik, ba al zeneukan kezka edo kontzientzia politikorik?

Gure aita, Domingo Alberdi Etxaniz, oso abertzalea zen; idealista. Hara, nik ez dakit hark zer emango lukeen bere ideala lortzeagatik!

Zu zeu ez al zinen inoiz politika kontuetan ibili?

Nik bizitza guztian, jaio nintzenetik, etxean jaso izan nuen nazionalismoa. Nazionalista; hori entzun izan nuen beti eta halaxe izan nintzen. Baina orduan nazionalista baldin banintzen, orain askoz ere gehiago naiz. Noski, guk pasatu genituen haiek denak pasatuta, nola ez naiz ba izango!

Batzokien inaugurazio denetara joaten nintzen, aitarekin. Baina denetara, eh! Gerra hasi aurretik azkena joan ginen inaugurazioa, Iruńekoa izan zen, 1936ko uztailean bertan. Artean sanferminetako feria zegoela gogoratzen dut. Nik Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta horiek denak ezagutu egiten nituen. Monzon bai gizon fina!; ikusi egiten zitzaion klasea.

Erbestean bizimodu berria hasi behar izan zenuten.

Abarketak egitetik bizi ginen. Azkoitiarrak izan eta abarketak egiten non eta Getarian (Lapurdi) ikasi genuen guk... Elgoibarren abarketa denda zeukan azkoitiar bat bizi zen Getarian. Kasualitatez, Baionan ere bazegoen abarketa denda zeukan beste azkoitiar bat. Uste dut gurasoek haiekin hitz egin zutela. Behintzat, aste guztiko lana ekartzen ziguten. Gizonek abarketen azpiak egiten zituzten, eta guk, emakumeok, abarketak josten genituen. A zer abildadea! Beste ofizio bat ikasi genuen. Eta halaxe bizi izan ginen, aizu, 3 urtez (...).

(...) Bidarteko etxe horretan geunden bitartean, gogoan daukat behin katu batekin izandako pasadizoa. Sukaldea eta despentsa artean ez zegoen aterik, irekia zen. Guk astegunetan plater bakarra jaten genuen, eta igandetan bi plater, haragia edo antzekoren bat. Egun batean horrelaxe, iritsi zen igandea eta gordeta genuen haragia falta! Katuren batek jan zigun despentsa horretatik! Baten bakarrik ez zigun egin, gainera... Orduan nola preziatzen genituen haragi puska haiek! Ene! Nik orduan esaten nuen: egunen batean modua izaten banuen, nik ahal nuenari behintzat, emango niola.

Paris inguruan ere egon ginean. Kalean genbiltzala etxeetako argia ikusten genuen. “Zein ederki dauden horiek euren etxeetan!”, pentsatzen nuen. Eta gu kale gorrian, desanparoan. Hori pasatu egin behar da, zer den jakiteko.

Gainera, gu Lapurdin geunden bitartean gure mutilak, anaiak, denak harrapatu zituzten.

Hori zer izan zen jakiteko bizi egin behar dela esan duzu lehen.

Orain, zuk zeuk ere 70 pasatu izanak ematen duen distantziarekin ikusiko duzu hura guztia. Zein sentsazio sortzen dizkizu?

Adibidez, Gernikako bonbardaketaren irudiak ikusten ditudanean, “ni neu hor egon al nintzen benetan? Nik nola irten nuen handik bizirik?”, galdetzen diot neure buruari. Izan ere, gogorrak dira irudi haiek. Horrelako gauzak ikusteak ikaragarrizko inpresioa egiten dit. Dena dela, orduko idealean askoz ere gogorrago nago, konparaziorik ere ez. Indartu egin zait ideala. Orduan abertzale zirenak eta gu bezala ibili behar izan zutenak, orain askoz ere gogorragoak dira. Ez dut uste inor atzeraka joan denik; beste aldera, alegia. Horiek denak pasatuta, han ibili ginen denak gure idealean askoz ere indartsuago gaude, nik uste. Orduan bizitakoak eman zuela bere fruitua iruditzen zait. Izan ere, askoz ere gehiago gara abertzaleak orain, baino askoz ere gehiago! Abertzaletasuna indartu egin da.

Ramon Altolagirre: “Gerra bukatutakoan esan zidaten ez nuela zertan joan”

.1938an kintoei deitu eta Ramon Altolagirre boluntario joan zen Unidad de Carros de Combatera. Lau anaia-arreben artean, anaia zaharrena da eta gerra hasi zenerako umezurtzak zirenez, gerrara joan gabe libra zitekeen. Baina guda bukatu ondoren jakin zuen hori.

Nola hasi zen zure parte-hartzea Espainiako Gerran?

.18 urterekin soldadu joateko deitzen zuten kintoko guztiei deitzen zieten. Ni ekainekoa naiz eta irailean deitu zidaten. Osaba bat nuen Donostian eta hark esan zidan soldadu joateko deitzen zidatenean, berari abisatzeko. Hark lagun baten datuak eman zizkidan eta hara joan behar izan nuen, Valle de Aranera. Han ere gerra zegoen. Donostiara joan, trenean sartu carabinieri artean eta...

Sekula ez nuen irten Azpeititik Donostiara bakarrik, eta bakar-bakarrik paisano jantzita joan nintzen carabinieri artean Zaragozara. Han nire osabaren lagun batekin egon behar nuen; karta bat eman nuen emateko. Harekin egon nintzen eta azaldu nion osabak bidaltzen ninduela horrelako toki batera. Eman zidaten helbidea Unidad de Carros de Combate zen. Hark zerbait egin al nuen galdetu zidan, nik ezetz, nuela osabak leku onera bidaltzen ninduela. (...)

Unidad de carros de combate deituriko hori zer zen?

Blindatutako automobil batzuk ziren. Gerrarako blindatuta zeuden eta bideak zaintzen-eta ibiltzen ginen inguruko errepideetan. Orduan makiak zeuden eta Frantziaren mugatik gertu geundenez, zaindu egin behar izaten genituen inguruak, haiek ez sartzeko. Gauez han bueltaka ibiltzen ginen inor sar ez zedin, eta hantxe egon behar izan nuen.

Gero Kataluniako erasoaldia hasi zen, 1938ko abenduan. Gabonak inguruan hasi zen, eta guk Trempera joan behar izan genuen. Bertan egun batzuk pasatu genituen, eta erasoaldian parte hartu behar zela eta aurrera egin genuen orduan. Egia esan, nik tiroak oso gutxi ikusi nituen. Erasoaldian aurrera egiten hasi ginen eta ihesi zihoazenek (gorriek) zubiak botatzen zituzten eta guk ezin izaten genuen handik pasatu eta aurrera egin; beti atzetik joaten ginen. Zubiak konpondu eta pasoa egin bitartean, gu beti atzeguardian.

Gerra bukatu zen eta zu non zeunden orduan?

Ospitalean nengoen gerra bukatzean. Zikinen gaitza harrapatu nuen. Gure ustetan, gerrak iraun zuen bitartean ondo garbitzen ginen erreketan, baina hazteria harrapatu nuen. Guda bukatu zenean, Soriako ospitale batean nengoen ingresatuta. Baina bereahala sendatu nintzen.

Azpeitian festa izango zela-eta, neure buruari baimena eman eta hona etorri nintzen.

Ordurako zerbitzu militarra bukatuta al zenuen?

Gerra bukatutakoan Zaragozan entregatu genituen blindatuak eta Donostiara bidali ninduten. Ni ez nintzen soldadua, boluntarioa baizik, eta horrelaxe, ordenantzan hasi nintzen lanean, bulego batean. Han hiru-lau hilabete pasatu nituen enkarguak egiten, eta hiru pezeta kobratzen nituen egunean. Horixe zen niri tokatzen zitzaidana eta horrekin mantendu behar izan nuen. Han osabaren etxean nengoen eta bertan jaten nuenez, ondo moldatzen nintzen.

Baina hura ere bukatu zen eta miliziok armadara pasatu behar izan genuen eta denok soldadu egin ginen. Lehen boluntarioak miliziak ginen bezala, gero denok kuartelera, lanera. Donostiako kuartelean urtebete baino gehiago egin behar izan nuen. 1940ko sanantoniotan lizentziatu nintzen. Kuartelean nengoela azpeitiar batek soldadu zer egiten nuen galdetu zidan, ez nuela han zertan egonik zioen, eta horrela, udaletxean paperak egiten hasi nintzen. Aita Ameriketan hil zitzaidan, eta handik ekarri genuen zertifikatuta. Ama ere hilda genuen, hasi nintzen paperak egiten eta libre gelditu nintzen. Gerra bukatu eta gero esan zidaten gerrara ez nuela zertan joan (...).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak