Eta beste
Duela 50 urte
Kepa Susperregi
Handikiro ospatu zen Azpeitia inguruan, eta Gipuzkoan, duela 50 urte, Loiolako Inazio Donearen heriotzaren laugarren mendeurrena. Jende ugarik hartu zuen parte egun haietan antolatutako ekitaldietan, baita herri-agintari eta eliz arduradunek ere. Hala irakur daiteke urte hartako Eliz Barrutiko Aldizkari Nagusia-n.
San Inazio bezperan ospatu zen elizkizunean 51 gazte apaiztu ziren, egun haietako ospakizunetarako Aita Santuak izendatutako ordezkaria zen Siri Kardinalaren eskutik. Aldizkari horrek dioenez, apaizgintza hura izan zen “San Inaziori egin zitzaion eskaintzarik bikainena”.
.51 gazte haietatik 29 Jesusen Lagundikoak ziren, eta 22 Donostiako Elizbarrutikoak. Horietako bat dugu harrezkeroztik gure artean bizi dugun Joxe Mari Eguren; Don Jose Maria, adin bateko azpeitiarrentzat. Parrokiko apaiz laguntzaile izendatu zuten urte hartan bertan.
Gaur egun Frantziskanetako kapilau ezagutzen badugu ere, eginkizun ezberdinetan eskaini du bizitza gure artean. 1964. urtean Arrasatera joan aurretik, Parrokia inguruan mugitzen zen, Acción Católica izeneko hainbat gazte talderen apaiz laguntzaile zen eta, garai hartan ohikoa zen bezala, Oñatz eta Elosiagako ermitetako ospakizunen ardura berea izan zen.
Arrasaten urtebete eman ondoren, Azpeitira itzuli zen; orduzkero Betharramdarretan eta Mixerikordian irakasle ezagutu dugu. Azken urteotan, eskolatik jubilatuz geroztik, Parrokiko artxiboaz arduratzen da.
Irakurle sutsua, Elizaren eta gure herriaren historia ezagutzea estimatzen duena dugu. Seminarioan, urrezko ezteiak ospatzean, bertsoz opatutakoa gogoan izan nahi dut: “Berrogeitamar urte luzetan egindako zerbitzua estimatua dago ta izan zoriontsua”.
|