Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abuztua »  Iritzia »  Aldaketaz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Aldaketaz

Aitor Aranguren

Nabarmena da, ETAren su-etenak garai berriak ekarri ditu euskal politikara. Bakegintzarako eta normalizazio politikorako prozesua hasi bakarrik egin da, baina egoera honek ez dauka 1999koaren antzik. Orain berriro atzera egiteak inork ez luke ulertuko, ezinezkoa da. Pertsonak ez hiltzea + hitz egitea = bakea. Zer formula erraza, ezta? Denok jakinda ere formula horrek funtzionatuko lukeela, batzuek buruz ondo ikasi arte ezin izan da teoriatik praktikara pasatu.

Ideiak, gizarte eta nazio ereduak, denak ezberdinak eta errespetagarriak dira eta denak, hitzaren bidez eta indarren arabera defendatu behar dira. Nola aldatzen diren gauzak kamarada, nork imajinatzen zituen Batasuna eta PSE-EE keinuak egiten? Gerora elkarrekin ikusiko ditugu EAJ eta EA gobernutik bota nahian. Eta zer? Normala, ezta?

Egoera ‘lasai’ hau Azpeitian ere islatzen da, betiko batzuk betiko moduan aurreko egoera gogoraraziko badigute ere, beti ere herriaren izenean, noski. Normaltasun osoa, 2007ko hauteskundeetan Batasuna udaletxean lurreratzen denean helduko da. Irabazten duenak, gardentasuna eta parte-hartzean oinarrituta, aurrera egin dezala dituen ideia eta ereduekin. Eta zenbat eta gai gehiago adostasunez atera, hobe.

Dena den, euskal gizartea ikaragarri aldatzen ari da, baita gure herria ere. Ez naiz batere baikorra. Kanpotik gero eta jende gehiago datorkigu eta kanpoko komunikabideek izugarrizko indarra dute. Gurasoen Euskal Herria desagertzera doa eta seme-alabek, berriz, liburuetatik izango dute Francoren eta ETAren berri. Gizarte guztiek daukate moldatu eta eboluzionatu beharra baina nortasunari gogor eutsiz. Euskal kultura eta euskara dira gureak, eta Azpeitian horrek ez du adostasunik lortzen. Ezin dugu hain tontoak izan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak