Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 1,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abuztua »  Iritzia »  Living Las Vegas

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Living Las Vegas

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin, Azkoitiaz eta azkoitiarrez ariko dira oraingoan. Rosario Floresen kontzertua eta Azkoitiko alkatearen asmo berriak dituzte hizpide, Azpeitiko egoera ere aipatuz.

Haizkurgi. Lauretarako ez al ginen ba gelditu hondartzara joateko? Dagoeneko orduerdi pasatu duk eta Xabierren bizi arrastorik ere ez zagok.

Mikel. Bart gauean Azkoitia aldean ibiliko zuan Peskailla-ren alabaren gerri mugimenduez gozatzen eta posible duk han harrapatutakoa Peskailla bera baino handiagoa izatea. Lasai, moteil, hementxe duk eta, aurpegia gorri-gorri duela larrituaren itxurak egiten.

Haizkurgi. Hauek al dira orduak hitzordu batera azaltzeko? Bart harrapatutako Peskailla-ri buelta eman ezinda oraindik ala?

Xabier. Zer Peskailla eta zer legatzondo! Azkoitiko ‘txapel gorrien’ basetik natorrek eta guztiz asaldatuta nagok oraindik!

Mikel. Zenbat ‘puxtarri’ kendu ditiztek gida baimenetik, horrela etortzeko?

Xabier. ‘Puxtarririk’ ez zidatek kendu, karnet osoa baizik! Bart gauean neskalagunarekin Rosario Floresen kontzertura joan ninduan Azkoitira eta kartera lapurtu zidaan sasikumeren batek. Gida baimena, ENHA, kreditu txartelak, dena galdu nian segundu batean. Hori gutxi ez, eta Azkoitiko basean orduetan egon behar izan diat lapurretaren salaketa dela eta ez dela euskaraz hitz bat ere entzun gabe. ‘Txapel gorriei’ Rosarioren CDa jartzea falta zitzaiean Azkoitiko nire amesgaiztoa biribiltzeko.

Haizkurgi. Ez huen ba usteko atzo Azkoitian bildu zen jende guztia Atxumarriyakoa edo Martitekoa zenik, ezta? Ebro ibaiaz bestaldeko lurretatik autobus dezente etorri zela entzun diat, tximaluze eta labanazale horietakoren batzuk ere ez zituan faltako. Zeinek egingo zian, bestela, hiri lapurreta? Izan ere, ahuntzak mantentzea ere ez duk erraza gaur egun!

Xabier. Nik ez zakiat nork lapurtu zidan kartera, Plaza jendez leporaino zagoan eta. Hori, ordea, ez duk arrazoia lapurretarik egiteko. Azpeitian saninazioetan oraindik-eta jende gehiago ibiltzen duk eta ez duk kartera lapurretarik gertatzen.

Mikel. Bart gaueko kontzertu arrakastatsua Azkoitiko herriak etorkizun ertainean eman nahi duen eraldaketaren adibide garbia duk. Azkoitiko alkateak anbizio handiko proiektua aurkeztu berri dik, herriaren itxuraldatzeaz gain, herritarren izaera bera ere aldatuko duena. Proiektu horrek, Azkoitia 14.000 biztanleraino haztea aurreikusten dik.

Haizkurgi. Azkoitian horrelako biztanle hazkundea emateko bi aukera soilik ikusten ditiat: Azpeitiari biztanleak ‘lapurtuta’ edo beste bi lokutorio irekiz. Azpeitiarrak eta, batik bat, gazteak, Azkoitira bizitzera joatea ez duk batere harritzekoa, urteetan jasaten ari garen etxebizitza politika antzua ikusita. Baina garapenak orekatua izan behar dik eta Azkoitiko alkateak aipatutako izaera aldaketak, egoera jasangaitz batera eraman zezakek herria.

Xabier. Atzokoa ikusita, Munategitik aurrera joateko asmo handirik ez diat nik, behintzat. Azkoitiarren proiektu hori anbizio handikoa baino gehiago, zuhurtzia gabeko handinahia besterik ez dela esango nikek. Azkoitiarrak beti gure itzalpean bizi izan dituk eta aurrerantzean ere hala jarraituko ditek. Batzuek ‘xanoak’ izaten jarraituko duten bitartean, beste batzuk beti egongo gaituk maila bat gorago.

Mikel. Arrazoia daukak, Xabier: azpeitiarrok beti maila bat gorago egongo gaituk... Begira, bestela, hiltzera kondenatuta dauden zezenei nola eraikitzen dieten ‘hotela’, bizirik dauden eta halaxe jarraitu nahi duten ‘karasusaneko’ gazteak kale gorrira bidaltzen dituzten bitartean. Gu beti maila bat gorago? Zertan?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak