Libre
Esperientziaz
Xabi Borda
Bi urte dira jada hemen idazten hasi nintzela. Oraingoan bai hurrengoan ez, bi hilean behin tartetxo bat hartu behar izan dut nire iritzi herrenak plazaratzeko. Niretzat esperientzia berria zelako eman nuen baietza. Eta interesgarria izan da. Zinez.
Baina artikulu bakoitza bidali orduko, halako kezka batek kolpatu nau. Zertarako idatzi, zertarako jardun honi eta hari buruz. Galdera horrentzat erantzunik ez topatzeak, isiltzeko gogoa sortu dit askotan. Are gehiago, iritzi emaileei, oro har, hitzontzi itxura hartzen hasi naizenean.
Iritzi artikulu bat idazteko, lehenik eta behin iritzia osatu behar da. Eta hori, aurkakoa badirudi ere, ez da beti lan erraza izaten. Gai batzuei nahita ere ezin heldu; ez zenbait kontuk beldurra ematen
didatelako, heldulekurik aurkitzen ez diedalako baizik.
Nahiko nuke beti iritzi sendo bat izan eta nire ikuspuntua azkenera arte defendatu. Baina ezin. Nire iritziek pitzadurak dituzte, eta horietatik haizeak bezala ihes egiten dit ziurtasunak. Gauzak horrela, batzutan zaila egiten zait inoren edo ezeren alde jartzea, norbaiten edo zerbaiten kontra egitea.
Ero Kontuak. Zoroa izan behar da, leku honetatik zerbait alda daitekeela sinesteko. Munduaren zutabeak sendoegiak dira paper zati batez mugiarazteko. Eta gaitzerdi zutabe horiek balira soilik zurrunak: Azpeitiko Udalak ere ondo gogorrak ditu bere arkuak. Eroa ez ezik, itsua ere izan behar da hori ez ikusteko.
Amets egiten hasita, ordea, bai ederra litzatekeela idatzitako orok erantzuna izatea. Horrela balitz, inork hemendik bota arte, jendea aspertu arte jarraituko nuke idazten. Iritzi sendoekin edo gabe, mundua konpontzen saiatuko nintzateke. Mailu eta zizelarekin beharrean, tinta eta paperarekin.
Adibidez, AHT gelditzeko artikulu bat idatziko nuke. Txukun-txukun tren azkarraren kontrako argudioak prestatu, txukun-txukun txikizioaren galbidea azaldu, eta txukun-txukun sinestarazi nahi dizkiguten abantailak desmuntatuko nituzke. Eta gero zain geratuko nintzateke, agintariek arrazoia eman eta proiektua noiz bertan behera utziko.
Hurrengoan, berriz, ondoko herrira begira idatziko nuke. Matadexeren balioa aldarrikatuko nuke, bertakoek musutruk bailarako kultur gabeziei nola erantzuten dieten azpimarratuz. Azkoitiko Udalari, behingoagatik, Matadexe bakean uzteko eskatuko nioke, egin dezakeen gauzarik onena hori delako. Matadexeko kontzertuak, zinema edo antzerkiak, esango nioke bertako Udalari, Rosarito, Alaska eta enparauak baino beharrezkoagoak direla kultura beharrizan fisiologiko bezala bizi dugunontzat.
Beste artikulu batean, akaso, bizikletaren alde idatziko nuke. Bidegorri bat eskatuko nioke Udalari herri barrurako, Landetarako... Herbeheretako herri bihurtu nahiko nuke gurea. Hemendik hara pedalei eraginez dabilen jendea nahiko nuke gurean.
Urpean utzi dituzten herriak urazalaratzeko artikulu bat, Bilborako autobusa ipinitzeko beste bat, armada ororen kontrako idatzia, eraso zein diskriminazio sexistak salatzeko artikulua, arrazakeriaren kontrako idazlana, pirateriaren aldeko idatzi bat, jarrera homofoboen aurkako beste bat...
Hortxe idatzi gabe geratuko diren artikuluen
zerrenda osagabea.
Gero Arte. Baina ez pentsa txoko hau uzteko erabakia idaztearen gaineko fedea galtzearen ondotik etorri denik. Egia esan, hona hurbiltzerako fede gabea nintzen ni. Idatzien indarrean sinesgabea; idazle ateoa, nahi baduzue.
Bestelako motibazio batek eraginda alde egingo dut: esperientziak pixkanaka berria izateari utzi dio. Ipurterre fama dut etxean; geldirik egon ezin den horietakoa naiz ni. Gauzekin erraz ilusionatzen, baina are azkarrago aspertzen den horietakoa.
Idaztean aspermena lerro artera erraz irristatzen da, eta hobe gogaitzen hasi aurretik artikuluak idaztearen lanari bukaera ematea. Hala zioen rockero ezagun hark, taldearen ibilbidea onenean utzi behar omen da, abestietan ilusio falta nabaritzen hasi baino lehenago. Bada, hori bera.
Agur esatea tristea dela eta, gero arte batean uzten badugu zer?
Ondo izan.
|