Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Abuztua »  Iritzia »  Biluzik

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Biluzik

Koldo Aldadur

Ihintza margolaria da. Lan egiten duen estudioan dago eta tranpaldoaren gainean Koldo dauka. Koldo modeloa da. Beno, zuzen esanda, modelo lanetan ari da, Ihintzak, aspaldiko lagunak, eskatuta.

Heldu bezain pronto kendu ditu arropa guztiak eta tranpaldo gainera igo da. Geldirik egoteaz baino ez du arduratu behar, baina ez da lan erraza eta berriketan ematen ditu orduluzeak.

Atzo sekulako beroa, eta Zumaian aparkatzeko arazo ikaragarriak zeudela, eta ikusiko dugu etxe berriak egiten dituztenean...; ez dute giro oraintxe gazteek etxebizitzen prezioekin. Eta Realak, a zer fitxaketak egin dituen hurrengo denboraldirako... ari dira biak berriketan.

Horretan ari direla, Olatz sartu da. Olatz, Ihintzaren lagun-mina da. Bi muxu,eta “Epa, Koldo. Arratsaldean zer egingo dugu? Ikusiko gaitun. Gero arte”. Olatz ikusteak ikaragarri pozten du Ihintza.

Egunero bezala. Hurrengo egunean ere egoera beretsuan dira Ihintza eta Koldo. Margolaria behean eta modeloa tranpaldoaren gainean arroparik gabe.

Eta festetako programa. Hasieran pentsatu nuen San Inazioren partez beste ‘ilustre’ baten argazkia jarri zutela. Aspaldi joan zela baina oraindik barruan dugu. Eta atzo egundoko beroa eta Realak beste ezezagun bat ekarri duela, eta ekaitza ekarriko du eguraldi sargori honek...

Horretan ari direla, Olatz sartu da. Bi muxu, epa Koldo; arratsaldean zer egingo dugu? Beno ikusiko gaitun. Gero arte. Olatz ikusteak ikaragarri pozten du Ihintza.

Biharamunean ere margolaria behean dago eta modeloa tranpaldoaren gainean arroparik gabe.

Datozen egunotan gure herrian odol usaina zabalduko da arratsaldeko seietatik aurrera. Abereek, bere senaren esklabo, ikaragarrizko umilazioa pasatu beharko dute begira daudenek goza dezaten, sinetsi arte sormenaren mailan goiko muturrean daudela. Sufrimenduarekin gozatuko du hainbat herritarrek, garai bateko Erroma anker hartan ziudadanoek egiten zuten bezala...

Eta, sarri tradizioa, traizioa den arren, gainontzekoak isilik geratuko gara, lagunekin eta miresten dugun sendagilearekin ez haserretze arren, bakeak gehiago balio duelakoan, koldar, ni bezala, begirada txarrak saihesteko, hainbeste urtetan lagunak izan ditudanak haserre ez daitezen...

Eta ez diegu esango ankerkeria hori gerta dadin derrigorrezkoak direla, inor joango ez balitz zezen-plazara ez litzatekeela horrelakorik gertatuko. Nahita edo nahi gabe konplizeak direla... Berdin dela zezenak horretarako propio sortuak diren ala ez, horrek ez duela justifika ezina justifikatzen. Pasadoblearen besoetan ere heriotza ez dela kulunka daitekeen inongo eta inoren meritu txalogarria...

Lotsatuta behar genuke, ez harro.

Baina beti ez da berdin. Horretan ari direla, Olatz sartu da, baina Ihintzak ez dio lehen muxua emateko denborarik eman eta besotik helduta kanporatzean, “ez, orain, ez. Ez al haiz konturatzen biluzik dagoela?”, esan dio.

Koldok inoiz ez dio ezer eskatu Ihintzari, arroparik gabe batzuetan eta biluzik beste askotan ordu luzetan tranpaldo gainean egoteagatik. Soilik, herri aldizkarian idazterik ez dituenak norbaitek entzun diezazkion nahi du. Izan ere, jakin badaki, aspalditik ezagutzen duelako, Ihintza ez dela haserretuko. Artista da. Margolaria.

Ihintzak batu ditu pintzelak. Koldo ere jantzi da eta badoaz Erdi kalean gora, enparantza nagusian Olatzekin geratu direlako.

Uztailaren 30a da eta eguerdia gainean dute azpeitiarrek. Suziriarekin festa hasiko da. Batzuentzat. “Ez, orain, ez. Ez al haiz konturatzen biluzik nagoela?”

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak