Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Uztaila »  Xabier Zubimendi

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

XABIER ZUBIMENDI Yoga irakasle

Ihintza Agirretxe

  (Ihintza Agirretxe)

Xabier Zubimendi, Sanatana Dharma elkartekoYoga irakaslea da, eta orain dela 10 bat urtetik bere eskola du Azpeitian, Enparan kalean. Duela 20 urte inguru hasi zen yoga irakasten, eta nahiz garai zailak izan, orduan ere euskaraz irakasten zuen. Lan handia egin dute eta egiten ari dira yogako zenbait kontzeptu eta termino euskaratzen.

Yoga irakasle euskaldun asko al zaudete?

Nik uste jendearen eskaria eta guk dugun eskaintza bateratzea dela kostatzen ari dena. Jendea badago prestatuta, baina uztartze hori oraindik lortu gabe dagoela uste dut.

Zuk beti irakatsi al duzu euskaraz?

Hori taldearen arabera izaten da. Ni klaseak ematen orain 20 urte inguru hasi nintzen, Zegaman, eta euskaraz hasi nintzen. Euskaraz emateko aukera izan dudanean, beti eman izan dut. Guk irakaskuntza gehienbat gazteleraz egin dugu, eta hor lan berezi bat egin behar izan dugu ikasitako hori moldatu eta euskaldun jendeari gerturatzeko. Horretarako gero eta jende gehiago dago prestatuta eta pixkanaka bagoaz aurrera.

Euskaraz emateko zailtasun handiak izan al dituzu?

Ez dut arazo handirik izan. Kontzeptuak-eta nahiko ondo menderatzen ditudala uste dut, eta horrek asko laguntzen du. Yogaren munduan mailak daude, eta lehen maila emateko, jendea nahiko prestatua dagoela uste dut. Erdi mailatik gora doazen heinean, eta filosofia eta psikologia-eta sartzen direnean, hor lan asko dago egiteko oraindik. Maila horretan lan asko egin dugu gauzak euskaratzen-eta, baina oraindik ere badugu lanik.

Zuri lan hori egitea tokatu zaizu orduan...

Bai. Lana egitea tokatu zait eta oraindik ere ari gara. Ahal dela, hizkuntza bateratua osatu behar dugu , eta hori ez da batere erraza. Baina eginean osatzen da hizkuntza.

Orain Kutxak antolatutako ikastaro bat ematen ari zara Donostian.

Bai. Kutxak euskara eta gaztelerako klaseak eskaintzen ditu. Gero, jende kopuruaren arabera osatzen dira taldeak. Kutxaren kasuan, gainera, euskarazko klasea osatzeko kopuru txikiagoa behar izaten da. Horrelaxe deitu didate, eta Donostian ari naiz klaseak ematen.

Hizkuntza finkatzeko bilerak egiten al dituzue?

Bai, jakina. Azkena, gainera, hementxe, Azpeitian egin genuen Euskal Herri mailako bilera bat. Nire eskolan egin genuen, eta bertan euskara eta yoga uztartzen ari garen jendea bildu ginen. Lan bateratua egiten dugu gai horren inguruan.

Zuk beti izan al duzu garbi euskaraz ere irakatsi nahi duzula?

Euskalduna naiz eta euskaraz, hala egiteko posibilitatea dudan guztietan egingo dut. Orain gauza berezi bat ari da gertatzen: euskaraz alfabetatutako lehen pertsonak ari dira iristen, eta horiei klaseak emateko jende prestatuagoa behar dugu. Orduan, asmoa da ikasketa guztiak euskaraz egin dituen jende horri yoga euskaraz egitea ahalbideratzea. Horretarako, ordea, atzetik lan handia egin beharra dago, eta horretan ari gara oraindik.

Euskal Herrian yogan, gazteleraz adina erakusten al da euskaraz?

Orain ari da euskaraz eskolaratutako jendea yogaren mundura inguratzen. Orain arte etortzen zen jende asko gazteleraz alfabetatua zen, eta askotan maila filosofikoko hainbat kontzeptu euskaraz azalduz gero, ez zuten ulertzen. Baina dagoeneko ezin da esan yoga euskaraz ezin daitekeenik egin.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak